- 12.15etik aurrera, Super Amara Bera Bera eta Elx-ren arteko partida Malagako Alhaurín de la Torre herriko kiroldegian jokatuko da, iragan denboraldiko Kopako edizioaren titulurako bidean, apirilean alarma egoera zela eta atzeratu behar izan zenez. Lehiaketaren egungo txapeldun dira, eta gaur eguerditik aurrera, zazpigarren garaipena lortzeko asmoz, igandeko finalera arte lehiatu nahi dute.

Hori guztia kontuan izanik, atzo gauean bidaiatu zuen talde donostiarra (goizeko 10.00etan iritsi ziren Malagako udalerri horretara) titulua lortzeko faborito nagusietako bat da. Azken fase honetan parte hartu behar duten talde guztiek bezalaxe egin behar izan zituzten PCR probek emaitza negatiboa erakutsi zutenez, Imanol Alvarezen neskek ahalegin guztia egingo dute ezustekoa saihesteko. Hala balitz, larunbatean, Valladolideko Aula eta Atletico Guardesen arteko kanporaketako irabazlearen aurka finalerdia jokatuko lukete, 15.30etik aurrera. Txapelketaren giltzako beste aldean Gijon eta Granollers daude kanporaketa batean eta Malaga eta Rocasa bestean.

Inolaz ere, sei aldiz kopa irabazi duen eta 2019ko finalean Valladolideko Aula taldeari 30-17ko emaitzarekin irabazi zion talde gipuzkoarrak, oso partida gogorra izango du Elxen aurka. Aurrez aurre izango dira, COVID-19ak eragindako pandemiagatik Espainiako Eskubaloi Federazioak bertan behera utzi zuen azken Guerreras Iberdrola Ligako lehen eta bigarren sailkatuak. Gauzak bere horretan uzteko erabakia hartu zen orduan, eta Bera Bera izendatu zuten Ligako txapeldun.

Beraz, emozioa eta berdintasuna agintzen duen partida izango da; izan ere, joan den denboraldian jokatu zuten Ligako partida bakarra 25na berdinduna amaitu baitzen, eta, martxoan berriro euren artean jokatzekoa zuten itzulerako partidaren atarian, lau puntuko aldea baino ez zegoen Ligako sailkapen nagusian Bera Beraren alde. Jokatzeke geratu zen norgehiagoka hura, Imanol Alvarezen 100. partida izango zen, eta Koparen zozketako patuak hala erabakita, partida berdinarekin ospatu beharko du ehunekoa, kasu honetan Alhaurín de la Torren.

Bart, 22.00etan, txapelketa jokatuko den El Limon pabilioian entrenamendua egin zuten gipuzkoarrak, bi baja aipagarrirekin heldu dira: Maria Prieto O'Mullony (duela hiru hilabete disko-hernia ebakuntza egin zioten) eta Emma Boada (joan den astelehenean ebakuntza egin zioten, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi ostean). Elx, berriz, jokalari guztiekin iritsi da.

Bestalde, hainbat baldintza kontuan izanik, Koparen azken fase hau ez da batere ohikoa izango. COVID-19aren aurkako protokoloek, jende gutxi bertaratzeak, eta pistan bost hilabetez lehiatu gabe egon eta gero egindako denboraldi-aurre berezi baten ondoren etorri den Koparen azken fase berri honek, ziurgabetasun handia ematen diote txapelketari. Egoera berrira egokien molda-tzea lortzen duenak, irabazteko aukera handia izango du.