- Fortuna Kirol Elkarteak atzo jakinarazi zuenez, "pandemiak lasterketaren inguruan izan duen eraginak, 100 urtetik gora dituen erakundearen historiako unerik zailena ekarri du, jarraipena bera ere zalantzan ipiniz".

Fortunak ohar batean adierazi zuenez, "Behobia-Donostia lasterketaren motorra direnei ahalik eta kalterik txikiena eragitea" izan da beti euren helburua, eta "Behobia osa-tzen duten pertsona guztien segurtasuna bermatzea" funtsezkoa iruditzen zaie: "Parte-hartzaileak, boluntarioak, osasun-langileak eta baita egun hori festa bihurtzen duen publikoa ere".

Inolaz ere, egungo egoeran, "pertsona horientzat guztientzat ingurune guztiz segurua bermatzea gure irismenetik kanpo geratzen da".

Era berean, Fortunak adierazi duenez, "erakundeekin eta hainbat elkarterekin izandako kontsulten ostean" hartu omen dute erabakia. Klubetik azpimarratu dutenez, "hilabete zailak izan dira; baina baita esfortzu, irudimen, analisi, ikerketa eta ilusio handikoak ere, unean uneko egoerara egokitutako lasterketa-egitasmo bat topatu nahian lanean jardun dugulako".

Testuinguru horretan, "oraintxe bertan, pandemiaren azken bilakaerak aldagai gehiegi ditu guk aurre egin ahal izateko"; horregatik, kirol taldeak "une latz hauetan emandako babesa" eskertu du, egoera horrek "Fortuna Kirol Elkartearen ehun urteko historian unerik zailena eragin duelako, jarraipena bera ere zalantzan jarriz".

Etenaldiaren aurrean, jada izena emanda daudenei honako aukera hauek eskaintzen dizkie antolakuntzak: inskripzioa gordetzea 2021eko ediziorako (azaroaren 14a) edo 2022ko ediziorako (azaroaren 13a); inskripzioaren zenbatekoa gehienez 18 hilabetetan itzultzeko eskaria egitea (kudeaketa-gastuengatik 6 euro kenduta), edota Fortuna Kirol Elkartearen aldeko inskripzioaren dohaintza osoa edo partziala egitea.

Datozen egunetan, izena eman dutenek mezu elektroniko bat jasoko dute, beren aukeraren berri emateko prozedura azalduz. Izen-ematea hurrengo edizio baterako gordetzea erabakitzen dutenek, edizio honetako Behobia-San Sebastián Birtuala delakoan parte hartzeko deskontu kupoi bat ere jasoko dute e-mailez.

2021eko (azaroaren 14a) edo 2022ko (azaroaren 13a) edizioetarako izen-ematea gordetzea.Inskripzioaren zenbatekoa gehienez 18 hilabetean itzultzeko eskaria egitea (kudeaketa-gastuengatik 6 euro kenduta).

Inskripzioa osorik edo zati batean dohaintzan ematea Fortuna Kirol elkarteari.