Antxon-Goixerri eta Arbe-Danel Mandiola izango dira Xistera Masterseko finalean

17.08.2020 | 11:15
Goixerri eta Antxon.

Antxon-Goixerri eta Arbe-Danel Mandiola neurtuko dira datorren ostiral gauean Mutrikun jokatuko den Xistera Masterseko finalean. Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan jokatu ziren bi finalerdiak bikainak izan ziren, afizioa egiten duten horietakoak, eta agerian geratu zen Xisterako pilotariek duten maila.

Gonzalez-Jon Mandiola 1 Arbe-Danel Mandiola 2 (11-15, 15-12 eta 3-5)

Mandiolatarren arteko dema ikusteko bazegoen gogoa, bi anaiak elkarren aurka aritu baitziren. Jonek jokatu ezinik zegoen Manci ordezkatu behar izan zuen. Aurreneko jokoan urdinak gailendu ziren. Atzean, bi anaien arteko borroka horretan ez zen irabazlerik izan, eta aurrean biak ongi aritu baziren ere, azkeneko txanpan Arbe nagusitu zen. Jokoa oso parekatua joan zen, baina 9nako berdinketaren ostean,

urdinek 0-3ko partziala sartu zuten, eta hori amaieran erabakiorra izan zen. 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-9, 9-9, 9-12, 10-12, 10-13, 11-13 eta 11-15.

Bigarren jokoa ere bide beretik joan zen, oso parekatua, baina oraingoan azken txanpa horretan aurrean Bixente Gonzalez izan zen gailendu zena. Zortzinako berdinketaren ostean, gorriek bi tantoko errenta lortu zuten, eta hori erabakiorra izan zen amaieran, Arbe eta Danel Mandiola ez baitziren horri buelta emateko gai izan. 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 5-3, 5-5, 6-5, 6-6, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 10-8, 10-9, 12-9, 12-11, 14-11, 14-12 eta 15-12.

Hirugarren jokoan Arbe eta Danel hobeto sartu ziren, eta 1-4 jarri ziren aurretik. Bazirudien dena erabakita zegoela, baina gorriek erreakzionatu eta 3-4 jartzea lortu zuten, nahiz eta urdinek egin zuten geratzen zitzaien tantoa. 1-0, 1-1, 1-4, 3-4 eta 3-5.

Antxon-Goixerri 2 Aaron-Uranga 1 (10-15, 15-8 eta 5-1)

Lehen finalerdia bikaina izan baldin bazen, horrelakoa izan zen baita bigarrena ere. Lehen jokoan Aaron eta Uranga nagusi izan ziren. Atzean Uranga nagusi izan zen, eta aurrean Aaronek ez zuen barkatu. Beste aldean, berriz, Goixerrik ezin izan zuen agindu lehen joko honetan, eta Antxonek ere ez zuen bere onena eman hasierako joko honetan. Horrela, zazpinako berdinketaren ostean ihes egin zuten berdeek, eta gorriek ez zuten aukerarik izan. 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-10, 8-10, 8-11, 9-11, 9-12, 9-14, 10-14 eta 10-15.

Bigarren jokoan gauzak aldatu egin ziren. Antxon eta Goixerri partida berdintzera atera ziren, eta ez zuten hutsik egin. Atzean Goixerrik pauso bat eman zuen aurrera, sekulako jokoa eginez, eta aurrean Antxonek ez zuen barkatu. 4-0 aurreratu ziren gorriak, eta hortik aurrera jaun eta jabe izan ziren, berdeei inongo aukerarik eman gabe. 4-0, 4-2, 6-2, 6-3, 7-3, 7-4, 8-4, 8-5, 9-5, 9-7, 10-7, 11-7, 11-8 eta 15-8.

Kitarakoan ere Antxon eta Goixerri nagusi izan ziren, aurkariei aukerarik eman gabe, finalerako txartela lortuz. 3-0, 3-1 eta 5-1.