Ez zen erraza Zubizarreta, Aizpuru edo gaur bertan Baikorekin sinatu zuen Aitor Uriondo bezalako pilotariak ordezkatzea, baina Beñat Azketa eta Aitor Elizegik luxuzko ordezkoak direla erakusti dute eta Goñiren Omenezko Memorialaren binakako lehen finalerdia jokatuko dute Carregal eta Sanchezi 22-13 irabazita. Goierritarrek Mata-Gaskue nafarren aurka jarituko dira finalean leku bat egiteagatik martxoaren 25ean.

Futbolaren konpetentzia handia izan arren, jende mordoxka bat bildu da Zumarragako Beloki pilotalekuan eta bi partida polit ikusita, gustura itzuli dira etxera. Lehia nagusian, bereziki harritu dituena Beñat Azketa beasaindarra izan da. Ez du agian beste aurrelari batzuen izenik, baina aurrelari gipuzkoarrak zurrumurru ugari sortu ditu bere bolea izugarriekin. oso bizi irten zaion pilota eskutik eta min handia egin die aurkariei. Gainera, Aitor Elizegirekin oso ondo moldatzen da, denbora asko daramate elkarrekin jokatzen eta bikote oso sendoa osatzen dutela berretsi dute. Hori bai, aurrelariaren hasiera ikusgarria izan da, bereak izan dira partidako lehen sei tantoak eta hasieratik hartu dute Tartaloetxe klubekoek partidaren agintea, 9-1 ere aurreratu dira. Hori bai, Gaizka Carregalek ere ez du bere dohainak erakusteko aukera alperrik pasatzen utzi. Bigarren zati polit bat osatu du galdakaoztarrak, baina egindako lanak markagailua apur bat txukuntzeko baino ez dio balio izan.

Promesen mailan, lau eta erdian, Unai Alberdi eta Jorge Fernandezek orain arteko txapelketako partidarik onena esakini digute, erritmo bizian jokatutakoa eta emozio handikoa, azken emaitzak -22-15 azpeitiarraren alde- iradoki dezakeena baino gehiago. Batak zein besteak pilotan asko jokatzen dutela erakusti dute, postura gehienak dominatzen dituzte eta hasiera ikusgarria osatu dute, berdinketa ugari eta tanto oso lehiatuekin. Zazpinako berdinketatik aurrera, ordea, egindako lanak faktura handiagoa pasa dio errioxarari eta Unai Alberdik bere ezker bikaina gailendu du markagailuan aurre hartzeko, 15-10. Hala ere, Funmayorko aurrelariak ez du inoiz amorerik eman eta garesti jarri dio garaipena Ilunpeko pilotariari, jendearen gozamenerako. Hori bai, Baikoko pilotariaren anaia gazteak ez dio aukerarik eman eta bera izango da Ruiz de Larramendiren aurka lehen finalerdia jokatuko duen pilotaria.