KIROLAK

Iritsi da azken txanpa

17.12.2019 | 16:56
Mariona.

Xisterako Zirkuituan iritsi da azken txanpa, martxan dauden lehiaketetan finalerdiak eta finalak ez dira besterik geratzen aurtengoari amaiera emateko. Lehen finalerdiak igandean jokatuko dira Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan, 11.00etan hasita.

Nesken finalerdiak izango dira saioari hasiera emango dietenak. Bertan Ortiz de Mendibil-Mariona, Merino-Lizardi eta Carla-Raquel arituko dira. Hemendik finalera bakarra sailkatuko da, irabazlea, eta abenduaren 21ean jokatuko den final horretan Aldazabal eta Calvo izango dituzte aurkari. Aipagarria da maila honetan, Bartzelonako Vasconia taldeko hiru neska sartu direla finalerdietara. Eurak izango dute ordezkaritzarik handiena.

Neskek euren lanak amaitutakoan mutilen txanda izango da. Hasteko Bigarren Mailakoak kantxaratuko dira, eta bertan Urrutia-Garat, Vidal-Mugartegi eta Garcia-Goitiandia izango dira aurrez aurre arituko direnak. Hemen ere bakarrak izango du finalera sartzeko aukera, eta Markina-Xemeinen jokatuko den final horretarako Ibañez eta Olazagazti sailkatuta daude. Finalerdietan izateko txartela Sorozabalek zeukan eskuratuta, baina Miamin ari da jokatzen orain, eta bere ordez arituko da Mugartegi.

Azkeneko finalerdia Lehen Mailakoa izango da. Aaron-Uranga, Gonzlaez-Manci eta Arbe-Danel Mandiola lehiatuko dira. Maila honetan, gainerakoetan bezalaxe, bakarrak lortuko du finalerako txartela, eta abenduaren 21eko final handi horretan zain dituzte Antxon eta Goixerri. Maila guztietan kiniela erara jokatuko dira finalerdiak, eta 25 tantora.