- SD Eibarrek atzo hasi zuen denboraldi-aurrearen prestaketa.Astearen hasieran jokalariek azterketa medikua izan zuten. Eibar berriaren helburua denboraldi honetan? Lehen maila lehenbailehen berreskuratzea helburu izango du Gaizka Garitanoren taldeak.

Aste honetan bertan fitxatutako Frederico Venancio erdiko atzelari portugaldarra ere lanean izan da talde gipuzkoarraren lehen entrenamenduan. Gainera, taldearen azken fitxaketa, Fran Sol aurrelaria ere laster izango omen da taldekideekin. Dinamo Kiev taldeak utzita aurreko denboraldian Tenerifen aritu zenez, kategoria ezagun du, eta denboraldi honetan Eibarri utzita jokatuko du.

Real Madrilen harrobian hazitakoa den Sol gaur aurkeztuko dute, eta aipatu, dagoeneko ibilbide profesional luzea duela hainbat talderen elastikoa defendatuz: Holandako ligako Willem II Tilburg (88 partida eta 47 gol), Ukrainako Dinamo bera (23 partida eta 4 gol), Tenerife, Oviedo, Lugo edota Vilarreal B. Esanda bezala, aurrelari madrildarrak Tenerifen egin zuen azken denboraldia, 39 partida jokatu eta 10 gol sartuz.

Ipuruan atzo egindako aurkezpenean Frederico Venanciok adierazi zuenez, armaginen proiektua "izugarri gustatu" omen zitzaion. "Lehen harremana izan genuenetik erakutsi dit klubak ni hemen izateko gogoa zuela. Jasotako informazioa eta proiektua izugarri gustatu zitzaizkidan. Paulo Oliveirarekin hitz egin nuen eta klub serio eta zintzoa dela esan zidan, jokalariei laguntzen saia-tzen dena", aipatu zuen atzelariak.

Jokalari defentsa lanean gogor jardun eta "klubari laguntzeko" asmoz omen dator. "Taldeari laguntzera nator. 28 urte izan arren, umetako pentsamoldearekin jarraitzen dut. Nire jokoa hobetu nahi dut, beste liga batzuetan lortutako esperientzia eskainiz", esan zuen. Lugoko jokalari ohiak ondotxo ezagutzen du kategoria. Bigarren Maila "oso lehiakorra" dela eta partidak "oso zailak" direla azpimarratu du, eta "partidaz partida" joatearen aldeko apustua egin du.