- Eibarrek bihar Ipuruan Valladoliden aurka jokatuko duen partidari dramatismoa kendu zion Jose Luis Mendilibarrek atzo. Iragan ostegunean, Edu Expositok adierazi zuen "final bat balitz bezala" hartu behar zuela taldeak norgehiagoka hau, baina entrenatzailearen hitzetan "ez da finala. Finala izateko partida bakarra geratu behar da eta hil ala bizikoa izan behar du. Oraindik partida asko gera-tzen dira. Irabaztea komeni zaigu, noski; baina lehiatzen jakin behar dugu eta Ipuruan garaipena eskuratu, etxean partida bakarra irabazi baitugu. Asmoa irabaztea da, baina beraiek ere asmo horrekin etorriko dira.

Puntuak eskuratuz gero, hurrengo hiru partidak oso garrantzitsuak izan daitezke behealdetik irteteko. Itxura batean, guk baino bizpahiru puntu gehiago dituzten taldeak oso ondo daude, baina hurbil gaude. Egia da irabaztea asko kostatzen ari zaigula, baina uste dut lehiakorrak izango garela eta puntuak aterako ditugula partida hauetan ".

Entrenatzaile bizkaitarrarentzat, gainera, "irabaztea garrantzitsua da, baina baita ondo lehiatzea ere".

Mendilibarrek azpimarratu duenez, "erritmo baxuarekin jokatzeko ohitura dute, eta ez dira gehiegi urduritzen irabazten ala galtzen joan arren. Euren jokatzeko modua ez dute gehiegi aldatzen, eta horrek emaitza onak eman dizkie, nahiz eta azkenaldian kostatzen ari zaien".

Talde armagina eta Valladolid, biak, irabazteko zailtasunak izaten ari direla nabarmendu du entrenatzaileak: "Guri ere izugarri kostatzen ari zaigu irabaztea, baita puntuak lortzea ere. Puntutan berdinduta gaude, sailkapenaren zulotik hasita hirugarren eta laugarren postuetan. Partida galtzen duena jaitsiera postuetan geratuko da, baina garran-tzitsuena hiru puntuak direla jakinda, baita ondo lehiatzea ere; oraindik 15-16 partida falta dira, denboraldia oso luzea baita ".

Lehiakor izatekotan, taldeak lasaitasunari eusten jakin beharko duela esan du Mendilibarrek: "Ez gaitu urduritasunak harrapatu behar, ondo lehiatzen saiatu eta, batez ere, akatsik ez egin. Azkenaldian ondo lehiatu gara, baina hutsegiteek eraman gaituzte partidak galtzera. Zer gertatzen ari zaigun ondotxo dakigu eta zuzen-tzen saiatu behar dugu".

Sergio Gonzalezek aulkian jarraituko ote duenaren inguruko zurrumurruak bolo-bolo dabiltza Valladoliden. Entrenatzaileak esan duenez, ez omen du dimitituko, eta "are gutxiago azken egunotan jokalariekin izandako bileren ostean", jokalariek "egoera honetatik ateratzeko konpromisoa, gogoa eta konfiantza" erakutsi diotelako. "Ondo ari gara lanean, eta egoera honetatik irteteko gaitasunik badugula uste dugu, batez ere aste honetan jokalariekin izandako solasaldien ostean. Aurrera egin nahi dutela erakutsi digute, konfiantza dutela teknikariongan, eta horrek eman digu jarraitzeko indarra". Valladolid 18. postuan dago 20 punturekin, eta Eibar, puntu berberekin.