Talde txuri-urdina nagusi izan zen kantabriarren aurka, baina ez zuen asmatu gol aukerak baliatzerako orduan, eta Real Unionek defendatzen duen hirugarren postutik lau puntura geratu da.Partida bizi-bizi hasi zen, etengabeko joan-etorrian eta talde biak arerioaren areak zelatatzen; inolaz ere, gazte txuri-urdinak nagusitzen joan ziren, eta eskuin hegaletik min handia egin zuten Pecharroman-Alkain bikotearekin. Donostiarrek arrisku handia sortu zuten behin eta berriz. Lehen zatiko aukerarik argiena Robert Navarrok izan zuen eskuinkada gurutzatu batekin, baina etxeko atezainak ondo saihestu zuen.

Pecharromanek eta Olasagastik baloi ugari erdiratu zituzten korner eta falta jaurtiketetan, baina ezin izan zuten errematatzailerik topatu. Txuri-urdinen kontroletik askatzea lortzen zutenean, Laredokoak kontraerasoan arriskua sor-tzen saiatu ziren, baina atzealde errealistak ez zien utzi Ruiz-Zeberioren atera jaurtiketa bakar bat egiten.

Bigarren zatiko lehen minutuetan, Xabi Alonsok zuzentzen duen taldeak ugaritu egin zituen erasoak, eta Julen Lobetek hainbat aukera izan zituen txuri-urdinak aurrera-tzeko. Laredok, ordea, ongi eutsi zion eta pixkanaka-pixkanaka partidan sartzen joan zen, Ruiz-Zeberioren atean aukera batzuk izateraino. Hala ere, gola sartzeko zorian Robert Navarro izan zen, bigarren zatiko abagunerik onenean, baina jaurtiketa dotorea ozta-ozta gelditu zuen etxeko atezainak.

Amaieran, defentsa biak nagusitu egin zitzaizkien erasoei, eta puntuak banatu egin behar.

Reala B Zubietara itzuliko da igandean, atzoko berdinketa ondu lezakeen garaipenaren bila, Barakaldoren aurka hiru puntuak lortu asmoz.

LAREDO Pedrero, Álvaro García, Rasines, Toboso, Saul García (Fernández, 55. min), Siafa, Sanz (Goñi, 67. min), Ares (Jakkal, 67.min), Vinatea (Ortiz, 73.min), Peredo (Argos, 73.min), Perez.

REAL B Ruiz-Zeberio, Pecharromán (Blasco, 57.min), Olasagasti, Arambarri, Alkain (Garrido, 45. min), Robert Navarro, Lobete (Aguirre, 74.min), Aranzabe (Jiménez, 84.min), Ezkurdia, Gonzalez de Zarate, Turrientes (Veiga, 84.min).

Epailea Daniel Pastoriza. Txartel horia etxekoen Aresi eta Sanzi, eta Sanseko Arambarriri.

Jazoerak Nojan jokatutako partida.