- Joan den igandean Realak Tenerifeko Granadillaren aurka Zubietan 1-2 galdu zuten partidan, Nerea Eizagirrek ehungarren norgehiagoka jokatu zuen talde txuri urdinarekin. Realarekin. Jokalaria oso harro dago, eta bere hitzetan "bakarrak balira bezala gozatu ditut guzti guztiak. Pozik nago 20 urterekin 100 partida jokatzera iristeagatik". Duela lau urte egin zuen debuta, 2016-17 denboraldiko lehen jardunaldian.

Harrez gero, Nereak aurrerapauso handiak eman ditu, eta nazioarteko selekzioen azken etenaldian Jorge Vildak Espainiako deialdian sartu zuen. Ezin ahaztu, gainera, 19 urtez azpiko Europako txapeldun ere izan zela.

Bere jaioterriko Tolosan hasi eta Zubietara iritsi aurretik Añorgan jarraitu zuen bere ibilbidetik, "Kopako titulua eta ondorengo ospakizuna" nabarmendu ditu aurrelari gipuzkoarrak. "Oso polita izan zen eta betirako gogoan izango dut. Debuta egin nuen eguna ere oso polita izan zen, egia bihurtutako ame​tsa", adierazi du Realaren webgunean.

Hala ere, bere ustez, "une bakar bat aukeratzea zaila da, guztiak bakarrak eta bereziak balira bezala bizi izan ditudalako. Entrenamendu bakoitzean gozatu egiten dut, eta gozatu egin dut ehun partidetako bakoitzean". Hori dela eta, Nereak eskerrak eman nahi dizkie "eguneroko lanean nire ondoan egon diren guztiei, eta etorkizunean ere ospatzeko partida gehiago izatea espero dut".

Horregatik guztiagatik, argi adierazi du bere helburua: "Hemen hazten jarraitzea, Realean partidak jokatzen jarraitzea. Pertsona eta futbolari hobea izatea".

Agian aurreko denboraldian galdu zuen garrantzia berreskuratu egin du Eizagirrek; Natalia Arroyo iritsi zenetik aurrerapausoa eman du, eta entrenatzaile kataluniarraren egituran jokalari ezinbestekoetako bat izaten ari da. Aitortu beharrekoa da, ordea, denboraldi hasiera onak sailkapenaren goialdean kokatu ostean, igandeko porrotak pittin bat lausotu egin zuela ospakizun polit hori. "Triste nago, hiru puntuak batuta ospatu nahi nituelako nire 100 partidak", esan du amaitzeko, anbizio handiko jokalari honek.