-Vienan dagoen Europako Eskubaloi Federazioaren (EHF) egoitzan atzo egin zuten EHF European League txapelketaren bigarren kanporaketarako zozketa, eta RK Nexe taldearekin parekatuta geratu da talde irundarra. Joaneko partida irailaren 22an jokatuko da Artalekun, eta itzulikoa berriz, astebete beranduago Kroaziako Naice herrian.

Nolanahi ere, talde gipuzkoarrari zozketan suerta zitzaizkiokeen talde indartsuak kontuan hartuta (Montpellier eta Toulouse frantziarrak, Rhein-Neckar Löwen eta Füchse Berlin alemaniarrak edota Portugaleko Sporting Lisboa), klubean pozik agertu dira. Halere, RK Nexe neurriko talde eskuragarritzat jotzen duten arren, ez dute konfiantzarik izan nahi, eta europar kontinenteko bigarren lehiaketako multzoen fasera iristeko eskubidea ematen duen kanporaketa honetan aurrera egiteko, taldeak daukan guztia eman beharko duela etsita daude.

Lehen txandako zozketan ez bezala -orduko hura "gertutasun geografiko arrazoizkoaren" arabera egituratu baitzen-, EHFk 24 taldeak bi ontzitan banatu zituen, herrialdekako babesa erabili gabe, beraz, litekeena zen liga bereko bi taldek elkarren aurka jokatu behar izatea. Bidasoa 2. ontzian kokatu zuten, eta, Nexez gain, Danimarkako Bjerringbro-Silkeborg eta GOG taldeak, Asobal Ligako BM Benidorm, Hungariako Balatonfüredi KSE, Ipar Mazedoniako HC Metalurg, eta Poloniako KS Azoty-Pulawy SA ere izan zitzakeen aurkari.

Denboraldi honetatik aurrera, Europako txapelketak astegunetan jokatuko dira (lehen kanporaketa eta azken faseak izan ezik). Nagusiki astearteetan jokatuko den EHF European Leagueren kasuan, partidak 18.45ak eta 20.45 artean hasiko dira.

Hamabi kanporaketa hauetako garaileak multzoen fasera helduko dira, eta han beste hamabi talde zain dituzte dagoeneko. Lehen jardunaldia urriaren 20an hastekoa da.

Baina bitartean, Bidasoa-Irunen Europa mailako helburu nagusia bat eta bakarra da: hilaren 22an eta 29an RK Nexe talde kroaziarraren aurkako kanporaketa gaindi-tzea.