Proba motzagoetan parte hartzen urte luzez ibili eta gero, Alazne Irureta (Aizarnazabal, 1976) maratoi distantzian estreinatuko da. Zegama-Aizkorrin zenbaitetan izena eman badu ere, Marimurumendin egingo dio aurre distantzia berriari.

Lehen aldia izanik, urduri zaude? 

–Egia esateko, bai. Lehen aldiz hartuko dut parte Marimurumendi lasterketan, eta gainera nire lehen maratoia izango da. Hala ere, oso gogotsu nago esperientzia berri bat izango delako niretzat. 

Zure espezialitatea lasterketa motzagoak dira, ezta? 

–Bai, batez ere hiru seme alaba ditudalako eta zenbait asteburutan lan egin behar izaten nuelako. Entrenatzeko denbora behar da, eta lasterketa luzeagoetan parte hartzeko are eta gehiago. Azken urteetan pixkanaka joan naiz lasterketen distantziak luzatzen.

Zein momentutan erabaki zenuen parte hartzea?

–Beti izan dut maratoi batean parte hartzeko gogoa, eta Zegama-Aizkorrin izena eman izan dut, baina hainbeste jenderen artean zaila da dortsala lortzea. Hemen inguruko lasterketen artean oso erakargarria iruditu zitzaidan Marimurumendi. Alabarekin entrenatuz ibilbidearen zati batzuk ezagutu ditugu eta aurrera egitea erabaki genuen. Dena ez da Zegama, eta Marimurumendik ere badu izena. 

“Inguratuko gaituen paisaiaz ere disfrutatu nahiko nuke, mendiaz gozatzea baita nire helburu nagusia”

Prestaketa ere aldatuko zenuen. 

–Bai. Ez hainbeste kantitate aldetik, bolumen aldetik baizik. Egun berdinetan entrenatzen badut ere, distantzia luzeagoak egiten ditut. Astean zehar entrenamendu luzeagoak eta motzagoak tartekatzen ditut.

Ibilbidea ezagututa, diseinatu ahal duzu lasterketa plana?

–Egia esan ez. Orain arte gehienez 30 kilometroko lasterketak egin ditut, eta nire ideia proba lasaiago hartzea da. Zenbaitetan kalanbreak izaten ditut, eta horiek saihesteko aukera badut, hobe. Helmugara iristean bakarrik, beste ezertan ez dut pentsatzen, ilusio handia dudalako.

Beraz, ez duzu helburu zehatzik markatu. 

–Inondik inora. Nire gorputza maratoi distantzian probatzera noa, eta ez naiz joango denborari begira. Inguratuko gaituen paisaiez ere disfrutatu nahiko nuke, lasterketaz gain mendiaz disfrutatzea baita nire helburu nagusia. Bide-zidorrak, zelai zabalagoak… Proban zehar era askotako tokiak izango ditugu inguruan. 

Errepikatzea baduzu buruan?

–Noski. Hurbileko proba da, eta maratoi bat egitera beste inora joan beharrean, berriro ere Marimurumendi egingo nuke.

Zer sasoi-puntuan iritsi zara? Denboraldia ongi hasi duzu?

–Bai. Proba dezentetan hartu dut parte alabarekin eta semearekin, familian ibiltzen baikara. Hilabetean proba bat egin ohi dugu gutxi gorabehera. Urrian Zumaiko Flysch Trailean izan ginen, neguan Zestoako Kobaz Koban… Gutxinaka distantziak luzatzen joan gara. Nik uste momentu onean iritsiko naizela.

Trailaren bidez Gipuzkoa ederki ezagutzen duzu. 

–Esan daiteke baietz. Uste dut hemen gertuko lasterketak izanda ez dugula zertan beste batzuetara joan beharrik. Gainera, gure lurraldea ezagutzeko aukera ederra dela iruditzen zait.

11

Samuel Dávila eta Ainhoa Intxausti, azkarrenak Marimurumendi maratoian Pedro Martínez

Proba ongi amaitzeko zein izango da gakoa?

–Nahiz eta jaitsieretan geroz eta erosoago sentitzen naizen, igoeretan hobe ibiltzen naiz. Niretzako tarterik zailenak saltoka ibiltzera behartzen zaituztenak izaten dira. Tarte horiek erreserba moduan hartuko ditut, eta aldapetan jo eta su ekingo diot.

Eguraldiaren beldur zara?

–Bero gehiegi egiteak kezkatzen nau. Denontzako izango litzateke kaltegarria. Horrela gertatuz gero, oso garrantzitsua izango da ondo hidratatzea.