- Bera Bera taldeak datorren denboraldiari begira taldea sendotzen jarraitzen du, eta atzo jakinarazi zuen Sara Gilen kontratua berritu duela hurrengo bi denboraldietarako. Porriñotik Donostiara 2018ko abenduan etorri zen ezker hegalekoa, eta berritze honekin gutxienez lau urte beteko ditu talde donostiarrarekin.

Bidebietan egon den bitartean, kataluniarrak ez du deialdi bakar bat ere hutsegin, Imanol Alvarezek bi aldiz jokatu gabe eduki badu ere. Hamalau hilabete eskasetan ligako 30 partida jokatu ditu, Kopako bost, EHF Cupeko multzoen fasea iazko urtarrilean eta otsailean, eta urte honetako EHF Cupeko lau partidak. Cardosoren ostean, taldeko bigarren goleatzailea izan da Bera Berak denboraldi honetan jokatutako 21 partidetan, 82 gol sartu baititu guztira, horietatik 62 ligan.

Sara Gilek Super Amaran "oso gustura" dagoela esan du. "Oso proiektu ona eta sendoa da. Bi urterako sinatuta proiektu honen parte izango naiz eta ikasten jarraitzeko aukera izango dut. Erabakia nahiko erraz hartu dut". "Minutu asko jokatzen ditut, eskarmentu handiagoa pilatuko dut, eta taldearekin zein teknikariekin oso gustura nago", gaineratu du.

Bere ustez, denboraldia "oso positiboa" izan da. "Taldeak maila ematen jakin du partida guztietan, talde indartsuen aurrean abantaila eramaten jakin dugu, eta baita markagailuari buelta ematen ere", zehaztu du. Barakaldoko Koparen ostean, Gilek bere lehen Liga Guerreras Iberdrola lortu du: "Oso hunkituta eta oso pozik nago, gauden egoeran ospatzeko aukerarik izan ez arren".

Beraz, Bera Berak, Gilez gain, Imanol Alvarez entrenatzailea, Maitane Etxeberria, Esther Arrojeria, Alba Menendez, Renata Arruda, Emma Boada eta Manuela Pizzo berritu ditu. Gainera, Alice Fernandes eta Laura Hernandez fitxatu ditu. Aldiz, Merche Castellanosek eta Silvia Arderiusek ez dute taldean jarraituko.