Irun - Bidasoa Irunek zazpi goleko desabantailarekin ekingo dio gaurko partidari Wisla Plocken aurka, Artalekun (16.00etan, ETB1en) Txapeldunen Ligako kanporaketaren itzulerako partidan. Jacobo Cuétararen taldeak, eta bere historia oparoan gordetzeko balentria berri bat nahi du. Orlen Arenan lortutako 32-25ekoak abantaila argia eman zion Poloniako taldeari, baina Bidasoa Irunek epika eta Artaleku lagun izango ditu arratsalde loriatsuaren bila. Errenta hori gainditu beharko dute bidasotarrek, eta, zazpi golengatik irabaziz gero, 25 baino gutxiago sartu beharko ditu Wisla Plockek Irungo taldeak kanporaketa gainditzeko.

Partida horretan Jacobo Cuétarak ezin izango ditu Paco Barthe eta Mikel Zabala lesionatuak zelairatu. Gainera, Jon Azkue ere "jokatzeko duda mudan" izango dela aipatu zuen, Puente Genilen aurkako partidan jasandako kolpe bat medio.

Itxaropena elikatzeko asmoz Bidasoak Europan jokatutako partidarik hoberenetako batzuk gogora ekarri ditu; besteak beste, 1995eko Europako Kopako finala kasu, Badel Zagreb hamar goleko aldearekin garaitzeko gai izan zenekoa.

Gaur lortu nahi den balentriaren antzekoa 2000/01 denboraldian ere erdietsi zuen. Orduan, Dinamo Astrakhanek 30-22 irabazi zuen Errusian, baina irundarrak kanporaketari buelta emateko gai izan ziren Artalekun 28-19 irabazita.

Cuétara Jacobo Cuétarak atzo adierazi zuen "oso argi ikusten duela eta posible dela" Artalekun Wisla Plock taldeari zazpi gol irauli eta "historiara pasa daitekeen balentria" lortzea.

Hala ere, taldeak "aurkariarekiko errespetua" izan behar duela ohartarazi nahi izan zuen entrenatzaileak, "Bidasoak baino bospasei aldiz aurrekontu handiagoa duelako, eta normalena kanporaketa hau haiek pasatzea delako".

Entrenatzaile asturiarra azpimarratu zuen "une magiko honekin" goza-tzeko aukera ondo merezia dutela, eta gaurko partida "Euskadin urteko ekitaldirik handienetakoa izatea lortu dutela, hemen, Artalekun, eta hori ez diela inork kenduko". Velux EHF Champions Leaguerentzat larunbateko partida "jardunaldiko partida da, zazpi golengatik galduta etorri arren. Antolakuntzak ere sinisten baitu balentrian.

Cuétarak adierazi zuen taldeak "amaierara arte" borrokatzeko betebeharra duela, "gure DNAn doala", eta jokalariek "harro" geratu behar dutela egindako lanarekin. Entrenatzaileak hauxe eskatu die: "Markagailuari ez begiratzeko, konturik ez egiteko eta urduri ez jartzeko". "Ahalik eta jokorik onena egiten saiatu behar dugu, ahalik eta ondoen egoten, eta gure une gozoak iristen direnean horiek baliatzen saiatu beharko dugu".

Talde irundarrak badu konfiantza markagailua iraultzeko: "Maila badugu, baita konfiantza ere eta amaierara arte borrokatzen dugu; hori da gakoa. Indargune horiekin beste ba-tzuetan balentriak lortu ditugu, eta zergatik ez ba bihar ere?".

Cuétarak Poloniako bigarren zatiko maila ematea nahi du, eta "prestaketa ez dagoela orekatua" deitoratu zuen, poloniarrek aste oso bat izan dutelako partida prestatzeko, eta Bidasoak berriz, Puente Genilera bidaiatu behar izan zuelako Asobal Ligako partida jokatzeko. "Hor abantaila garbia dute", aitortu zuen. Bidasoako entrenatzaileak Wisla Plock taldeari pasatu zion presioa: "Oso gertu daukate, eta lortutako errentaren ondoren kanpoan geratzea oso mingarria li-tzateke beraien klubarentzat, euren aurrekontua eta helburuak kontuan izanik".