- Acunsa Gipuzkoa Basketek gaur jokatuko du 20.30etik aurrera Illunben, Estudiantes aurka, talde madrildarra covid-19ak harrapatu zuenean atzeratutako partida. Norgehiagoka garrantzitsua gipuzkoarrentzat, garaipena lortuz gero, azken postuari ihes egingo baitiote.

Donostiako taldeak ia denboraldi guztia eman du ligako azken postu horretatik aldendu ezinean, baina azken jardunaldietako erreakzioak amets egiteko arrazoiak berpiztu dizkio; gaurkoan ezinbestekoa zaio, horretarako, bi partida gutxiago jokatuta izan arren garaipen bakarrera duen Estudiantesi irabaztea.

Marcelo Nicolaren taldeak bi aste luze izan ditu partida hau prestatzeko, baina bestalde, mailarik onenean zegoenean etorri zaio etenaldi hau eta horrek, aurreko erritmo lehiakorra galtzea ekar dakioke, nahiz azken partidan porrot mingarria jaso Bartzelonaren aurka.

Zeharo beste maila batekoa den Bartzelona bezalako erraldoiaren aurrean erakutsitako irudi eskasa aparte utzita, Gipuzkoako zaleek ondo gogoan dituzte azken hiru jardunaldietan Teneriferen eta Joventuten aurkako garaipen bikainak, eta emai-tza horiek pizgarri izan dira donostiarrentzat.

Taldeko azken fitxaketa, Mike Carlson hegaleko amerikarra, GBCrekin sinatu zuenetik erakutsitako mailari eusteko gauza izaten bada, Estudiantesi nagusitzeko helburua gertuago egongo da; bestela, taldeak lehen hilabeteetako ahalmen eza erakusten badu, helburu hori ezinezkoa izango da Illunbekoentzat.

Barearen etorrerak aurkariarentzat ekarri duen aldaketa azpimarratu zuen atzo Nicolak, Estudiantesen hobekuntza bistakoa baita. "Harrigarria da, taldera iritsi berria delako eta jokatu dituen bi partidetan protagonismoa eta lidergoa erakutsi dituelako", adierazi zuen GBCko entrenatzaileak Dallas Mavericks taldeko antolatzailea ohiaz hitz egiterakoan.

Gainera, arerioa ez da soilik Bareak egiten duenari esker bizi, Nicolak ohartarazi zuenez. "Estudiantesek baloi gidari onak ditu eta, Bareaz gain, Roberson eta Avramovic bezalako jokalariek gauza asko egiten dituzte ondo eta jaurtitzaile bikainak dira", aipatu zuen argentinarrak.

Penatuta agertu zen madrildarren koronabirus kasuak zirela eta, partida hau egutegian zegokion garaian jokatu ez izanagatik, baina itxaropen-tsu agertu zen, bi aste hauetako lanak fruituak eman eta GBCk bosgarren garaipena lortuko duelakoan. "Taldea lanean gogor aritu da partida honen esperoan, neurketa bakoitzean egin behar duguna hobetu asmoz", azaldu zuen, jokalariak mailari eusteko helburuan kontzentratuta ikusten dituen Nicolak. Aurkaria lehiaketan askoz ere murgilduago iritsiko da konpromiso horretara, astebetean hiru partida jokatuta, baina "gauzak horrela dira; beraz, espero dut etenaldi horrek, guri behintzat, hobetzeko eta xehetasunak zuzentzeko balio izana".

"Egun hauek hobetzeko eta xehetasunak zuzentzeko baliagarri izatea espero dut"

GBCren entrenatzailea