Donostia - Laura Garcia eta Ariel Edwards izan ziren 22. jardunaldiko jokalari onenak Emakumezkoen ligan, eta saria Laura Cornelius (Quesos El Pastor) eta Merritt Hemperekin (Mann-Filter) partekatu zuten; guztiek 28na puntuko balorazioa eskuratuz. Ligan estreinako aldiz partekatu dute lau jokalarik jardunaldiko MVP saria.

Laura Garciak 27 puntu egin zituen (10/14 jaurtiketetan eta 5/6 jaurtiketa libreetan), sei errebote, lapurreta bat, eta hiru falta jaso zituen aipatutako 28ko baloraziora iristeko; Ariel Edwardsek, berriz, 20 puntu lortu zituen (6/7 jokoan egindako jaurtiketetan eta 4/4 pertsonaletik), bost errebote, txapel bat ipini zuen eta bi falta egin zizkioten.

"Une latzak pasa ditut denboraldi honetan, eta izendapen hau egindako lanaren eta nigan sinesten jarrai-tzearen aitortza bat izan da; baina garrantzitsuena garaipena izan zen, salbaziorako bidean beste urrats bat ematea suposatzen baitu", adierazi zuen Laurak. 38 urteko eskolta "oso kontzentratuta" sartu zen kantxara: "Jaurtiketak sartu egiten nituen eta horretan jarraitu nuen, halaxe izan zen", dio atsedenaldira arteko bere jardun ikusgarriari buruz, 21 puntu erdietsi baitzituen.

Eta partidaren lehen zatian taldea Laurak gidatu bazuen, gero Ariel Edwardsen txanda iritsi zen, azken laurdenean garaipena lortzeko erabakigarri izan ziren hamaika puntu saskiratu baitzituen. Hegal-pibotak taldeko lana nabarmendu zuen banakotasunen gainetik: "Gure taldean edonork egin dezake Laura eta biok egin duguna. Talde osoak bikain jokatu zuelako irabazi genuen. Nire ustez hobetzen ari gara. Gure artean asko hitz egin dugu, lan asko egin dugu eta bat eginda jarraitu dugu, horregatik irabazi ditugu azken bi partidak".

Nabarmentzekoa da Arielek hirukoetan lortutako 4/4: "Aurreko denboraldian gehiago jokatzen nuen barrutik, baina orain Erika (De Souza) dago barru aldean, eta ni kanpora gehiago irtetzen ari naiz; horregatik sartzen ditut hiruko gehiago".

Promete Campusi irabaztea oso garrantzitsua izan zen jaitsiera postuekiko tarteari eusteko. Hurrengo partida 14ean, larunbata, izango da Cadi La Seuren aurka, asteburu honetan Ligak geldialdia egingo baitu.