Síguenos en redes sociales:

Begirada 2028ko Los Angelesko Jokoetan jarrita

Igeriketa Munduko Txapelketan lan bikaina egin ondoren, Iñigo Llopisek eta Nahia Zudairek Joko Paralinpikoak dituzte orain helburu

Begirada 2028ko Los Angelesko Jokoetan jarritaArnaitz Rubio

Singapurreko Igeriketa Paralinpikoko Munduko Txapelketan bikain aritu ondoren, Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire gipuzkoarrek egindako lan ederraren balantzea egin dute Donostian, etorkizunerako helburuak ezartzearekin bat.

Bai Llopisek –urrezko bi domina irabazi ditu Munduko Txapelketan–, bai Zudairek –urrezko bat eta bron-tzezko bi–, 2028ko Los Angelesko Paralinpiar Jokoak begiz jota omen dauzkate, Aquariumean egindako ekitaldian aitortu zutenez. Bertan izan ziren Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, eta Olatz Legarza, Basque Team Fundazioko koordinatzailea.

Iñigo Llopis, Gorka Iturriaga eta Nahia Zudaire.

Iñigo Llopis

Bere proba gustukoena den S8 kategoriako bizkar-igeriketako 100 metroetan nabarmendu zen beste behin Llopis, marka pertsonala eta Espainiako errekor berria ezarrita. Proba horretan nagusi izan zen duela bi urte Manchesterreko mundialean, bai eta 2024ko Parisko Jokoetan ere. Urrezko domina horrez gain beste bat lortu du bere taldekideekin batera 4x100 metro estiloetan. “Oso denboraldi luzea izan da, ia urrira arte. Lan handia egin dugu, eta bi domina hauekin amaiera ezin hobea eman diogu denboraldiari”, esan zuen donostiarrak.

Hurrengo erronka datorren urtean Glasgowen, Eskozian, jokatuko den Europako Txapelketa izango du: “Egindako lanaren bidetik jarraitu behar dugu. Urtero hobetu egin nahi dugu”. 

Nolanahi ere, igerilari gipuzkoarrak 2028ko Los Angeleseko Joko Paralinpikoak ditu buruan iltzatuta: “Hurrengo Jokoetan egon nahiko nuke. Los Angeles beti daukat helburu”.

Nahia Zudaire

400x100 estiloko urrezko domina jasotzera Llopis igo zen podium berera igo zen Nahia Zudaire ere, aurreko serieetan igeri egin zuelako. Hura hirugarren domina izan zen Zubietakoarentzat, aurretik bi brontze lortu baitzituen: 400 metro libreetan eta bular igeriketako 100 metrotan.

Igerilari gipuzkoarraren balantzea oso aparta izan zen: “Merezi izan du. Olinpiar Jokoak amaitu eta urtebetera izan denez, urtarrilera arte ez nuen entrenamenduak bikoiztu beharrik izan, eta hori biziki eskertu egin nuen, ez nuelako seietan esnatu beharrik zazpietan uretan egoteko. Ekainetik aurrera gogorragoa izan zen, lehiaketarik ez zegoenez, ni entrenatzen nenbilenean lagunak hondartzara joaten zirelako. Asko kostatu bada ere, merezi izan du”. “Oso pozik nago Gipuzkoaren zatitxo bat gorenera eraman dudalako”, esan zuen zubietarrak harro.

Eta Llopisek bezalaxe, etorkizunerako helburua oso garbi dauka: 2028ko Los Angeleseko Jokoetarako sailkatzea. “Ezin hobeto hasi gara”, aipatu du. Ez da gutxiagorako, Munduko Txapelketa honetan lortutako emaitzek baikor izateko bidea erakutsi baitute.