Arantxi de la Fuente: “Lasterketaren bigarren gauean lo hartu izan nuen mendian gora nindoala”
Aurtengoa bosgarren Ehunmilak izango da Arantxi de la Fuenterentzat, eta helburu nagusia zein izango den argi dauka: helmugara sentsazio onekin iristea
Bosgarren aldiz parte hartuko du Arantxi de la Fuentek (Beasain, 1966), Ehunmilak lasterketan. Orain arte askotariko bizipenak izan ditu bere “etxeko” proban. Donostiako Robers kirol dendako langileak, aurten, sentsazio onekin hasi du denboraldia, eta argi du bere helburua: disfrutatuz helmuga gurutzatzea.
Ehunmiletan bosgarrena izango duzu aurtengoa. Zer nolako bizipenak izan dituzu orain arte?
–Denetik bizi izan dut. Bi ediziotan lortu dut helmugara iristea eta beste bitan ez. Proba bukatzea lortu ez nuen edizioetan ez nuen lesiorik izan, baina alor psikologikoak ere garrantzi handia du kirolean, eta urte haietan ez nintzen behar bezain fuertea izan.
Kirola den heinean, alor fisikoak garrantzi handia du horrelako proba batean.
–Dudarik gabe. Lasterketa oso luzea da eta desnibel totala, ia 11.000 metrokoa. Faktore fisikoa oso garrantzitsua da, eta baita psikologikoa ere. Meteorologiak ere zeresan handia du gainera, eta niri bero asko egiteak ez dit laguntzen.
Zer eguraldi duzu nahiago?
–Giro frexkoa, eta xirimiri pixka bat edukitzeko aukerarik balego, primeran. Azken asteetako eguraldiak ekaitzak ekarriko dituen beldur naiz, proba bertan behera geratzeak aurrez egindako lan guztia zapuztuko lukeelako.
“Lasterketa honek duen gauza onenetarikoa edozein lekutan publikoak animatzen zaituela da”
Nola prestatzen da horrelako proba bat?
–Ordu asko dira, kilometro pila… Nik lehengo urtean hasi nuen prestakuntza, bai fisikoki bai mentalki ere. Beste proba batzuetan ere parte hartu izan dut, nahiz eta hainbeste kilometrokoak ez ziren. Astean zehar, hiru aldiz joaten naiz mendira entrenatzera, eta beste behin asfaltoan egiten dut korrika kilometro bolumen handiak sartuz. Asteburuan, bukatzeko, tirada luzeak egiten ditut. Hala ere, orain deskarga fasean nago, probara freskoago iristeko.
Nola ikasten da lo hartu gabe korrika egiten?
–Ez dut prestakuntza berezirik egiten. Ahalik eta gehien deskantsatzen dut egunean bertan. Lehen gaua ongi pasatzen da, bigarrena da gogorragoa. Lokartu izan naiz noizbait oinez nindoala bigarren gauean zehar. Geratu, lo kuluxka bat bota eta aurrera jarraitu nuen. Hala ere, badaude bi gune lo egiteko eta ez dut uste prestakuntza berezirik dagoen.
Apirileko Sierra Nevadako Ultra Trailak ere exijentea dirudi.
–Proba berezia izan zen niretzat, igoeran amaitzen delako, eta ni normalean hobeto ibiltzen naiz jaitsieretan, tarte horietan nekea oso ondo errekuperatzen dudalako. Igoerak zailagoak egiten zaizkit, eta kasu horretan, probaren azken 25 kilometroak igoeran dira. Emaitza oso ona lortu nuen eta urtea ondo doa orain arte.
Sentsazioak onak izanda, zein da ezarri duzun helburua?
–Helmugara iristea. Ez dakit zenbat denbora beharko dudan, baina proba amaitzea da nire helburu nagusia. Nire aurreko marka hobetu nahi dut, baina denbora zehatzik ezarri gabe, faktore askok eragin dezaketelako. Helmugara ongi iristea izango litzateke niretzat saririk handiena.
“Helmugara iristea lortu ez nuen bi edizioetan ez nintzen mentalki behar bezain fuertea izan”
Goierriko 2 Haundietan ere parte hartu izan duzu. Prestaketak oso ezberdinak dira?
–Diferentzia handiena bizkortasuna da. G2Hen abiadura handiagoan egin dezakezu korrika, distantzia motzagoa delako. Hala ere, hura prestatzeko ere bolumen handia sartu behar duzu, 90 kilometro direlako. Lasterketa motzagoa bada ere, luzea izaten jarraitzen du.
Beasaindarra izanik, ibilbidea buruan edukiko duzu seguru. Baduzu plan espezifikorik?
–Ibilbidea buruan dut, bai, baina ez dut plan berezirik diseinatu. Nire ideia, Tolosara bitarteko zatian, lehen gauera arte karga fisikoa ondo kudeatzea da. Erritmo egokia aurkitu nahiko nuke. Niretzat lasterketa Tolosa–Larraitz aldetik aurrera hasten da. Ibilbide erdia da gutxi gorabehera, eta horra bitartean nekea ongi kudeatu badut, badakit Etzegaratera ongi iritsiko naizela. Jaitsiera eta leku lauetan trostan joaten naiz normalean, nekeari buelta emateko, eta igoera guztiak, aldiz, oinez egiten ditut. Entrenamenduetan hori ere landu dut, oinez egindako igoerak, erritmo azkarragoan.
Ibilbidean zehar jasotako jendearen animoek ez zaituzte korrika egitera bultzatzen?
–Bai, baina badaude momentu asko, nahiz eta animo ugari jaso, gorputzak azkarrago joaten uzten ez dizkizunak. Une horietan oso garrantzitsua da burua hotz mantentzea. Kilometro asko geratzen dira artean, eta ez dagokizun toki batean korrika hastea, aurrerago gogotik ordaindu dezakezu. Hala ere, publikoaren animoa bete da ongi etorria, eta lasterketa honek duen gauzarik onenetakoa horixe da, ibilbideko leku askotan zaleak daudela nonahi zu animatzeko prest.
Parte hartu ohi duzun proben artean hau al da bereziena?
–Dudarik gabe. Etxean nago, bidean zehar jende ezagun asko ikusten dut, gure aita bera ere urte askotan izan zen lasterketako laguntzaile… Faktore asko daude lasterketa hau berezi egiten dutenak. Nahiz eta oso ahalegin bortitza eskatu, asko gustatzen zaidan lasterketa da.
Faktore guztiak nahi bezala betez gero, podiumetik gertu ikusiko zaitugu?
–Errealista izanda, oso zaila izango da. Parte hartzaileak oso ondo prestatuta etortzen dira eta emakumeak gutxiago bagara ere, ez da nire ideia podiumean sartzeko borrokan aritzea. Ez ditut sekula partaideen zerrendak aldez aurretik ikusten, eta ondo pasa ondoren helmugara iristea beste helbururik ez dut.