Ostiraletik igandera Granollersen jokatuko duen Kopara, European Leaguean paper bikaina eginda iritsiko da Super Amara Bera Bera, bai eta Liga Guerrerasen hiru porrot jarraian jasota ere, 2011tik inoiz gertatu ez bezala. Horregatik uste du Imanol Álvarezek “lehen partidako lehen jokaldiak oso garrantzitsuak direla, are gehiago gure egoeran”. “Eldaren egunetik ez gara lehiatu; hura oso partida txarra izan zen, eta horri buelta eman behar diogu. Nazioarteko hitzorduen aste honetan banandu egin gara, beste gauza batzuk landu ditugu, eta orain Kopa dugu buruan; lehiaketa polita da, oso oroitzapen onak dakarzkiguna ”.
Testuinguru hori gorabehera, Bera Bera “faborito izatea” bere gain hartu du Imanol Alvarezek. Garbi adierazi du, ordea, “mundu guztia lehiatzera joaten da, baita azken fasera joatearekin konformatzen dela dioen taldea ere; jakina baita partida bakarrera edozeini irabaz diezaiokezula”. “48 ordu eskasetan titulu bat baitago jokoan”, gaineratu zuen.
Hamargarren aldiz neurtuko dituzte indarrak Kopan Bera Berak eta Rocasak. Kanarietako taldeari dagokionez, entrenatzaile ermuarrak honakoa esan zuen “talde ona da, jokalari beterano ugarirekin”, beraz, Kopako lehen partida (bihar Palaun, 16:00etatik aurrera) “zaila izango da”. Haren ustez, talde bakoitzak “berea ondo prestatuta ekarriko du, baina iruditzen zait 60 minutu jokatzeko eta lehiatzeko prest egon beharko dugula, hala eginez gero partidan nagusitzeko aukera handia izango dugulako”. “Gure une txarrak identifikatu eta minimizatzen jakin behar dugu, eta aurkariak egoera horretan daudenean min egiteko prest egon. Final bat da, irabazi ezean etxerako bidea hartu behar ”, esan zuen.
Alvarezek alderdi mentala azpimarratu zuen: “Aurten taldeari gehiago ari zaio kostatzen partidetan beti egoten diren une txarrak gainditzea”. Beraz, “Ligako azken partidetatik mentalki errekuperatzea nahiko nuke; eta Europatik dakarkigun erritmoa, horrelako partidak jokatzeak ematen duen txinparta, lagungarri izango zaigula horren partida garrantzitsuari aurre egiteko”. “Kopa beste lehiaketa bat da, oso berezia da guretzat”, berretsi zuen.
Nolanahi ere, Bera Berako entrenatzaileak “gure bertsiorik onena ikustea” espero du, “jokalariek hobetzeko gogoa bizia dute, ondo egiten ez ditugun gauzak zuzentzeko grina. Aurten kostatzen ari zaigu, baina taldea berriro sasoiz agertzeko unea iritsiko da, eta ez dut Europako final-laurdenetarako espero, Kopan baizik ”.