Bera Bera talde donostiarrak 2023-24 denboraldian jantziko duen ekipazio berria aurkeztu du. Emma Boadak jantzi du klub donostiarraren ohiko kolore urdineko kamiseta; Esther Arrojeriak ipini du laranja koloreko bigarren ekipazioa; eta Alice Fernandes atezainak elastiko arrosa erakutsi du.

Klubak azaldu zuenez, “Negua marka gipuzkoarrak egindako kamisetak, uhin batzuk ditu, bai eta Indar Urdina leloa txertatuta ere. Aurreko urtekoak bezala, lehen janzkera honen prakak kamisetaren sorbalden kolore urdin berekoak dira, kasu honetan argixeagoak. Bigarren ekipazioko praka beltza izango da aurten ere. Atezainen kasuan, nagusiki arrosa kolorea erabiliko badute ere, Silvak eta Maddi Aallak beltza eta berdea ere eskura izango dituzte”.

Kamiseta berriak laster izango dira salgai.

Arrojeriak, taldeko kapitainetako batek, azpimarratu duenez, Bera Bera “ilusio handiz hartu beharreko denboraldiaren atarian da. Oso gogor hasi gara lanean, kalitate handiko lagunarteko partidak ditugu, eta horiek erabakigarriak izango dira denboraldi berria ahalik eta hobekien prestatzeko.

Aurkezpena Donostiako Loretopen egitekoa zen, baina euria jasa hasi eta Antiguako tunelean egin behar izan zuten.

LAGUNARTEKOA

Talde donostiarrak ostiral honetan jokatuko du denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa.

Aurreko denboraldian Frantziako eskubaloi maila gorenean laugarren sailkatu zen Chambray Touraine izango dute aurrez aurre Imanol Alvarezen neskek Gascan. Partida ateak irekita jokatuko da 18: 30ean hasita.