Oiartzunek Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala jokatuko du bihar Zumarragako Beloki pilotalekuan (11.00etan hasita). Gipuzkoako txapeldunak iaz menpean hartu zuen arerio berbera izango du aurrez aurre, Markina-Xemein.

Oiartzunek Guardia gainditu zuen finalerdian. Manex Olaiz eta Unai Zelaiaran kadete oiartzuarrak 22-1 nagusitu ziren; Oihan Etxeberria eta Mikel Leonet gazteak 22-3, eta Imanol Ugalde eta Eneko Zalakain seniorrak 22-16.

Finalean, itxura batean, Gipuzkoako herriartekoaren finalean lehiatu ziren bikote berberak arituko dira: Manex Olaiz eta Aitor Etxeberria kadeteetan; Oier Zabaleta eta Mikel Leonet jubeniletan; eta Oihan Etxeberria eta Unai Landa seniorretan.

2022an, Asier Retegik zuzentzen dituen pilotariak lehen bi partidetan nagusitu zitzaizkien bizkaitarrei. Oihan Etxeberriak eta Leonetek 3-22 gainditu zituzten Amets Alvarez eta Markel Calvo kadete mailan eta, gazteen arteko partidan, Oier Zabaleta-Unax Landak Anartz Ibarloza eta Jokin Alvarez gainditu zituzten, 4-22. Senior mailako partidan, aldiz, Imanol Ugaldek eta Eneko Zalakainek galdu egin zuten Josu Agirremalloa eta Aimar Ibarlozaren aurka, 22-3.