- Uliako Gimnastikaren 10k probako 91. edizioan garaipena lortzeko hautagaien artean kokatzen zutenen pronostikoak bete eta Hassim Hassaous atleta nafarra bakarrik iritsi zen helmugara 28:18 minutuko denbora bikainarekin; Laura Mendez ere, argi eta garbi nagusitu zen emakumezkoen proban.

Antolakuntzak bazuen irrika, lasterketa honetan 28 minutuko langa hautsi eta 10.000 metroko estatuko errekorrera hurbiltzeko; eguraldiak ere lagundu zuen, batere euririk gabe eta marka ederrak lortzeko tenperatura ezin hobean, estatuko iraupen-erdiko korrikalaririk onenak bertan zirela kontuan izanda.

Talde printzipala ia hasieratik sortu zen, eliteko hainbat korrikalari bertan zeudelarik, besteak beste, faborito nagusien artean zen Carlos Mayo Espainiako kros txapelduna, azkenean lasterketa luzetxo egin baz-itzaion ere, laugarren postuan sartuz; eta estatuko beste zenbait izen entzutetsu ere talde hartan kokatu ziren: Toni Abadia, David Palacios edota Chiki Perez. Azken hilabeteotan sekulako hobekuntza erakutsi duen Abadia izan zen bigarren, irabazlearengandik oso gertu, 18 segundora, Chiki Perezekin esprint estua eginda; hiru horiek osatu zuten gizonezkoen podiuma ia ehun urte dituen proba honetan, Europako zaharrenetakoa eta estatuko dekanoa 10 kilometroetan.

Japoniako Joko Olinpikoetan izandako Laura Mendezen eta Irene Pelayoren arteko lehia espero zen emakumezkoetan; biak ala biak dira distan-tzia luzeagoetan abilagoak, eta azkenean, lehenengoa nagusitu zen 33:21 minutuko denbora bikainarekin eta ia kontrariorik gabe.

Aldez aurretik garaipenerako faboritoen artean egon ez arren, Alicia Berzosak lasterketa borobila egin zuen Donostiako ibilbide erosoan, eta irabazlearengandik 22 segundora geratu zen, Angela Viciosa hirugarren sailkatuari aurrea hartuta.