- Teldeko San Pedro Martir parrokian (Las Palmas) egindako zozketak Super Amara Bera Bera taldeari hasiera gogorra eman dio Koparen aurtengo edizioan. Azken bi txapeldunak izango dira aurrez aurre, 2019an txapeldun izandako talde gipuzkoarra eta indarrean dagoena, Rincon Fertilidad Malaga.

Rita Hernandez kiroldegian jokatuko den azken fasean zortzi talde lehiatuko dira. Gipuzkoarren eta Malagatarren arteko irabazleak Elx eta Granollersen arteko garailearekin jokatu beharko du; giltzaren beste aldean, etxean jokatzen duen Rocasa Gran Canariak Aula Valladoliden aurka neurtuko ditu indarrak, eta Atletico Guardesek Gijonen aurka, ligako azken jardunaldiko norgehiagokak errepikatuz.

Bera Bera eta Malagaren arteko norgehiagoka bi talde horiek Kopako azken fasean jokatuko duten bigarrena izango da, donostiarrek 2018an Malagan irabazitako finalaurrekoaren ostean (25-26). Denboraldi honetan berriz, bi taldeek hirutan jokatu dute elkarren aurka: bitan ligako txapelketan, Gasca kiroldegian berdinduz eta Alhaurin de la Torren Super Amara nagusitu zelarik; eta Malagako Superkopan, Andaluziarrak gol bakar batez gailendu zirelarik.

Inolaz ere, Kopako azken fasearen aurretik, Bera Berak Ligako hiru konpromiso izango ditu: larunbat honetan, Gijonen (19.00etan); maia-tzaren 9an, igandez, Gascan Elxen aurka; eta maiatzaren 14an, Rocasaren aurka, Koparen agertoki berean. Malagak, aldiz, EHFko finala jokatu beharko du Kroaziako Lokomotiva Zagreben aurka bi partidatara, maiatzaren 1ean eta 8an; 12an Granollers hartuko du; eta 15ean Gijonen amaituko du.

Bera Beran, aurkariaren mailak ez du aparteko kezkarik sortu, jokalariek ondotxo baitakite, dagoeneko euren bitrinetan duten titulua eskuratzeko, aurkaririk zailenak gainditu beharko dituztela. "Arerio zaila da; Kopako egungo txapelduna eta Superkopan ere irabazi zigun taldea. Baina txapeldun izatekotan, denei irabazi beharko diegu. Beraz, bagenekien ez zela aurkari errazik egongo", adierazi zuen Alba Menendez kapitainak.

Bestalde, Bera Berako eskubaloi saileko arduradun Tati Garmendiak adierazi zuenez, "Zozketa ez da batere onbera izan, baina hau Kopa da, eta hemen ez dago aurkari errazik. KOaren lehiaketa da. Egungo txapeldunak gauzak zail jarriko dizkigu, baina Kopa irabazi nahi badugu gainditu egin behar da. Taldea bolada onean dago, eta batzuetan mesederako izaten da faboritoetako baten aurka jokatzea txapelketa kontzentratuta hasteko. Ilusioz gainezka goaz helburua lortzeko asmoz".

"Aurkari zaila da, baina Kopa altxatzekotan, denei irabazi beharko diegu"

Bera Beraren kapitaina