Síguenos en redes sociales:

“Ez genuen espero horrenbeste garaipen lortzea eta pasada bat izan da!”

“Ez genuen espero horrenbeste garaipen lortzea eta pasada bat izan da!”

Elgoibar - Txikitatik kirolzalea eta pilota, eskubaloia edota futbola bezalako kirol disziplina ezberdinetan lehiatzera ohituta, Leire Garatek 2011 urtean eman zituen aurreneko pausoak arraunean; Ondarruko bateletan, hain zuzen ere. Hasierako denboraldi hura Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen traineruan amaitu zuen eta ordutik joan den igandean Donostiako uretan hegan egin zuen Txiki ontzian arraun egin du; Kontxako bandera irabazten duen lehen arraunlari elgoibartarra bilakatuta.

Gipuzkoako barrukaldeko herri baten biztanlea izanda, nola gerturatu zinen arraunaren mundura?

-Betidanik gustatu zait kirola egitea eta pilotan, eskubaloian eta futbolean aritu ondoren, arraunaren munduan zebilen jendea ezagutu nuen 2011. urtean Ondarrun. Haiek animatuta arrauna probatzea erabaki nuen eta lehen momentutik uretan sartzerakoan izan nituen sentsazioak zoragarriak izan ziren.

Beraz, Ondarrun eman zenituen lehen pausoak arraunlari gisa...

-Bai, 2011n Ondarruko neskekin lehiatu nintzen bateletan baina denboraldi bera Orioko taldean amaitu nuen. Bertako trainerilla eta trainera osatzeko jendea behar zutela eta, izena ematera animatu nintzen. Hasi eta urte batzuetara pare bat denboraldiko etenaldia egin banuen ere, ordutik Orion aritu naiz arraunean.

Hamar urte besterik ez dira Orio Arraunketa Elkarteak emakumezkoen ‘Txiki’ ontziarekin lehia-tzen hasi zela eta dagoeneko arraunaren gailurrera ailegatu da...

-Bai, baina azken denboraldi honetan lortutako emaitza zoragarriak ez dira kasualitatez ailegatu; urte askotan egindako lanaren fruitua izan dira. Izan ere, hasierako urteak ikasteko izan ziren eta poliki poliki bloke polit bat osatzea lortu dugu; esperientzia handia duten arraunlariak eta gogo handiz arraunean ari diren gazteak bat eginda. Gainera, azken hiru urteotan entrenatzaile berdina mantendu dugu eta horrek ere garrantzi handia izan du ontziaren bilakaeran.

Edonola ere, amaitu berri den denboraldian lortu dituzuen emaitzak hobetzea ezinezkoa dirudi...

-Bai, lehengo denboraldian ondo ibili ginen, Ligan bigarren geratu ginen eta erregulartasun handia erakutsi genuen. Horrek indartsu geundela ikusteko balio zigun baina, hala ere, ez genuen pentsatzen aurten hain ondo ibiliko ginenik. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, Euskotren Liga, Kontxako bandera... ez genuen espero horrenbeste garaipen lortzea eta pasada bat izan da!

Nola bizi izan duzu Kontxako estropada eta garaipenaren ondoren sortutako guztia?

-Egia esaten badizut oraindik ez dut asimilatu Kontxako estropadaren bueltan bizi izandako guztia; emozioz beteriko une asko izaten ari dira azken egunotan. Edonola ere, estropada berarekin izugarri disfrutatu genuen; oso gustora aritu ginen arraunean. Gero, garaipena lortuta, momentu ahaztezinak eta hunkigarriak bizi izan genituen: itsasoan bandera hartzerakoan, jendez gainezka zegoen moilara ailegatzerakoan, Orioko herri osoaren omenaldia jasotzerakoan...

Pertsonalki, zer suposatu du zure-tzat Kontxako bandera irabazten duen lehen elgoibartarra izateak?

-Arraunlari guztiontzat Kontxako bandera irabazteak amets bat egi bihurtzea da eta nire kasuan ere hala izan da. Bestalde, satisfakzio handia izan da Kontxako bandera irabazten duen lehen elgoibartarra izatea.

Suposatzen dut Elgoibarren bizi den pertsona batentzat ez dela erraza izango kostaldeko klub baten partaide izatea...

-Egia da sakrifizio handia suposatzen duela. Izan ere, neguan ordu asko sartu behar izaten dira gimnasio barruan entrenatzen eta askotan lan hori bakarrik egin behar izaten dut. Gero, Oriora egin beharreko joan-etorriak daude, batez ere trainerarekin itsasora bueltatzen garen momentutik. Ez da erraza baina esfortzua egiteak merezi du.

Zer esango zenieke estropadak ikusten disfrutatzen duten Gipuzkoako barrukaldeko herrietako neska gazteei?

-Arrauna ez dela praktikatzeko kirol erraza barrukaldeko herrietan baina itsasoa eta naturarekiko kontaktua gustatzen zaion orori probatzera animatuko nuke. Probatu gabe ez dezatela geratu.