donostia - Gaur hasiko dira partidak: emakumeen kategorian, Egia-Petritegi eta Irauliren artekoa; eta gizonezkoetan berriz, Egia-Kopindin eta Amenabar Zarautz lehiatuko dira.
Bihar, jada txapelketako bi finalerdi handi izango dira: Helvetia Anaitasuna Fenix Toulouserekin neurtuko da, eta Bidasoa Irun, berriz, Logroño La Riojarekin, ASOBAL Ligako bigarren eta hirugarren sailkatuak, hain zuzen ere.
Larunbatean, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorian, hirugarren eta laugarren posturako partidak jokatuko dira, eta baita finalak ere, emakumezkoen kasuan Summer Bag Experiencen baitan.
Egia Eskubaloiko ordezkari den Alex Elezgaraik adierazi duenez, 25. urteurrena ospatzeko, “top txapelketa” antolatu nahi zuten, “Europar maila goreneko talderen batekin”, baina eskakizunak eta aurrekontua kontuan izanik aukera hori baztertu egin behar izan zuten, eta, azkenik, Asobal Ligako, Liga Guerreras Iberdrolako eta Frantziako Lidl Starligue ligako klubek hartuko dute parte.
Inolaz ere, “lorpen handia” erdietsi dutela adierazi du, “maila goreneko lau partida, bai emakumezkoen kategorian bai gizonezkoetan” jokatuko baitira larunbatean txapelketa amaitzeko.
Elezgaraik aipatu zuenez, Egiako txapelketatik “garaian garaiko Espainiako eta Europako talderik onenak pasatu dira”, horietako asko gipuzkoarrak, gure probin-tziako eskubaloiak duen “maila altuaren” erakusgarri.
“Gipuzkoa eskubaloiaren erreferentea da estatu mailan”, azpimarratu du Barrosek, “Bidasoa hemengo da eta Europako Kopa bat badu” eta “poz handia eragin izan duen kirola da gure artean”. - N.G.