zarautz - “Duela 50 urte inguru harri jasotze txapelketa ofizialak egiten ziren Zarauzko Frontoi Zineman, baina denborarekin beste kirol batzuk sartu dira herrian eta herri-kirola asko galdu da”. Horiek dira Joxe Ramon Iruretagoienaren (Izeta II.) hitzak, eta hain zuzen, Zarautzen harri-jasotzea bizirik eusteko eta zaletasuna areagotzeko harri-jasotze txapelketa berezi bat antolatu du lehen aldiz Zarauzko Kirol Elkarteko Herri kirolen sailak, Zarauzko Udalaren babesarekin. Hala, datorren martxoaren 26an, larunbata, ospatuko da Zarauzko Bi harri txapelketa bereziaren lehen edizioa Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko frontoian (18.00). Eta badirudi txapelketa hau gelditzeko datorrela, antolatzaileen asmoa urtero jarraipena ematea baita.
harriak txandakatuz Txapelketan parte hartuko duten hamabost kirolariek bi harri jaso beharko dituzte, baina ez dira edonolako harriak izango, Zarautzen bertan aurkituak eta jasotakoak izango dira, eta horixe da txapelketaren berezitasuna; izan ere, bere horretan mantenduko dira harriak, inolako aldaketarik gabe. Bata Zarautz eta Getaria artean, Jai Txiki iturrian, jasotakoa da, eta bestea Zarautz eta Orio artean, Mollarrin. Jai Txikiko harriak angeluzuzen forma dauka eta 117 kilo pisatzen ditu, Mollarriko harriak, berriz, oboide forma du eta 121 kilo pisatzen ditu. Txapelketako parte-hartzaileek bi harriak txandakatu beharko dituzte eta zazpi minutu izango dituzte ahalik eta altxaldi gehien egiteko. Beraz, guztira, bi ordu inguruko txapelketa izango da.
Txapelketako parte-hartzaileei dagokienez, atzo Zarauzko Etxezabalan egindako prentsaurrekoan ez zuten izen zehatzik eman, baina “puntako harrijasotzaileak” izango direla jakinarazi zuten. Dena den, harrijasotzaile gazteek ere izango dute beren lekua, “Zarauzko harri-jasotze eskolakoei ere aukera eman beharra dago eta”, adierazi zuen Izeta II.-ak. Bestalde, txapelketan parte hartzen duten guztiek sari bat jasoko zutela azpimarratu zuten antolatzaileek, eta horretaz gain, altxaldi bakoitzagatik 12 euro irabaziko ditu harrijasotzaile bakoitzak. Gainera, podiuma lortzen duen hirukoteak sari bereziak lortuko ditu.
harriak ikusgai, etxezabalan Bestalde, Juan Mari Iraolak, Zarauzko Kirol Elkarteko Herri kirol saileko presidenteak, jakinarazi zuenez, Jai Txikiko eta Mollarriko harriak ikusgai egongo dira Zarauzko Etxezabalako erakusleihoan txapelketaren eguna iritsi arte, eta atzo bertan jarri zituzten prentsaurrekoaren ondoren.
Beraz, datorren martxoaren 26an Joxe Ramon Iruretagoienak “amets bat” beteko du, aspalditik izan baitu “fundamentuzko txapelketa bat” antolatzeko ideia.