Sudur gorria eta Clownaren absurdua izan daitezke Beatriz Egizabal (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) ipuin-kontalari eta aktorearen adierazgarri argienetako batzuk. Mende laurdena irri eta istorio eman artean, azken urteetan nabaritu du bere izenaren sona handitzen ari dela lasartearrak, eta berriki abiatu da herriz herri 'Magma Mia!' bakarrizketa feministarekin: militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizunak ikusle potentzial desberdinetan gogoeta eta barreak eragitea du helburu.

Ikuskizun berria prestatu duzu: 'Magma Mia!' bakarrizketa feminista. Zer topatuko du ikusleak?

Gure egunerokotasunean patriarkatuak duen eragina adierazten duen ikuskizuna. Hori da nire asmoa, behintzat. Izan ere, naturaltzat hartzen ditugun hainbat jokabide patriarkatuak sortutakoak dira. Horiek bada, adibideen bitartez eta umorearen bitartez lantzen ditut bakarrizketa honetan, patriarkatua bera nahiko abstraktua geratzen baita askotan.

Izenak eta kartelak aukera ugari ematen dute interpretazioetarako.

Izenburuen mundua, mundu oso bat da. Batzuetan izenburuak ematen dizu ikuskizuna eta besteetan, ikuskizunak izenburua. Kasu honetan, erdibideko zerbait izan zen. Ideia bat banuen nahiko aurreratuta, eta justu [La Palmako] sumendiaren gaia etorri zen gero. Eta bat-batean okurritu zitzaidan: Magma Mia!, istorio oso bat neukan, lehertzearen inguruan. Tira, horren inguruan baino, gehiago presiopean bizitzearen inguruan. Gainera, asko erabiltzen ditut ai ama! eta ai ene! gisakoen esapideak. Kartela, berriz, gerora etorri zen eta Cesar Marcosek egin du, Kontukantoi konpainiako kideak.

Azpititulu gisa, "bakarrizketa feminista" jarri diozu. Ikusle-profil jakin bat gerturatu nahi zenuen horrekin?

Edonori zuzendutako ikuskizuna da. Azpitituluan jarri dut ikuspegi feminista batetik egin dudalako nahita, eta hain zuzen, hori lantzea helburuetako bat delako. Hori ere bada aldarrikapenak egiteko beste modu bat. Hor daude kultura, literatura eta bestelako adierazpide batzuk "normalak" edo handiak balira bezala hartzen direnak, eta beste batzuei berriz, etiketak jarri behar zaizkionak.

Badakit horrek jende asko atzera botako duela, baina beharbada, hori ez da niri interesatzen zaidan publikoa. Feminismoarekiko gorrotoa edo kontrako jarrera duen ikusleak, ba tira€ etortzen badira, perfekto! Gizonak ere etortzen dira eta barre egiten dute, baina alderantziz ere gertatzen da: guk ere barre egiten dugu gizonen gauzen inguruan, umoretik dela ulertuta betiere. Ez dituzte agian ulertuko emakumeen gorputzetan bizi ditugun hainbat gauza, baina hausnarketarako balio badie, ederto.

Nola landu, ordea, patriarkatua bezalako gai potolo bat umoretik?

Nire kasuan, bakarrizketa honetan, bizipenetatik abiatuko naiz. Bada esaldi bat hala esaten duena: "Emakume askori gertatzen zaizkigun gauzak baldin badaude, ez da gure errua, sistema oso batek eragindakoa da". Esaldia oinarri hartuta, jolastu egingo naiz. Kakoa gaian baino gehiago, umorea egiteko hartu dudan posizioan dago. Ikusleetako emakume askok bere burua identifikatuta sentituko dute baina kontatzeko erak, adibideek eta egoera absurdoek umoretik lantzeko aukera ematen dute.

Taldean, bikotean eta bakarka ere aritu izan zara. Nola egingo diozu aurre oraingoan?

Hasiera-hasieratik ipuin-kontalari aritu izan naiz, beraz, bakarrik aritzearena ez da berria, aspaldikoa baizik. Pentsa, 25 urte daramatzat antzerkiaren eta kontagintzaren mundu honetan. Egia da Ane Labakarekin ibili aurretik periferiako zirkuituetan ibiltzen nintzela, eta asko mugitu ginen lehenik 'Erradikalak gara' ikuskizunarekin, eta 'Erradikalak ginen' jarraipenarekin gero. Baina jatorria bakarkakoetan daukat. Opari bat izan da Anerekin aritzea, oso ondo moldatu gara, baina nire kabuz aritzea berdin-berdin gustatzen zait.

Plazak eta oholtzak ez dira oso irisgarriak izan andrazkoentzat. Are gehiago, umorearen alorrean, gutxi zarete oraindik ere aritzen zaretenak. Nola bizi izan duzu zure ibilbidea?

Urte luzez haurrentzako liburutegietako saioak egiten ibili naiz, hau da, periferian. Eta testuinguru horretan bestelakoa da, erabat: emakume ugari ibiltzen dira bai liburuzain gisa, baita umeentzako antolatzen diren kontuetan. Liburutegietan zentralitate handiagoa dute emakumezkoek, bestelako kultur ekintzekin alderatuz gero. Beraz, esan dezaket naturaltasun handiz bizi izan dudala. Horrez gain, nire hasieretan Virginia Imazekin aritzeko aukera izan nuen, eta hark bazuen jada izen bat eta nolabaiteko zirkuitu bat, Clownaren alorrean. Eta zorteduna izan nintzela esan dezaket, izan ere, ipuin-kontaketen mundua periferikoa bada, Clownarena are periferikoagoa da. Nik aukera izan nuen horretan aritzeko eta talde batekin lan egiteko.

Kontua da niri ez nautela deitzen kultura sailetatik. Gizarte zerbitzuetatik edo gai sozialak lantzen dituzten ekimenetatik jasotzen ditut proposamenak: haurrak, euskara, emakumeak, kultur aniztasuna€ Nik gai horiek lantzen ditut eta zirkuitu horietan mugitu izan naiz gehienbat. Oro har, ez naiz antzoki handietan aritzen, eta ez dut hori bilatu ere.

Esan behar dut, periferia esaten diodan horretan ez dela kutsu negatiborik, ez dut inolaz ere gutxiesten. Hain zuzen ere, hor oso mugimendu kultural potentea dago, nahiz eta gero ez den hedabideetan horrenbeste agertzen. Ni eroso nago. Liburutegietan egon naizenean, helburua liburuzainak ezagutzea zen, hor eta hori egiten egon nahi nuen.

'Erradikalak gara' eta 'Erradikalak ginen' ikuskizunekin, berriz, periferia gutxi.

Hor beste zirkuitu batzuk daudelako. Hor atera naiz periferiatik eta hasi da nire izena gehiago entzuten. 25 urte daramatzat honetan eta orain hasi naiz elkarrizketak egiten. Esango nuke, fondoko karrera bat izan dela.

Kulturaren zentralitateak gizonezkoena izaten jarraitzen du?

Bai, eta ez bakarrik antzerkigintzan. Bat-batean bospasei emakume ateratzen gara idazten edo bertsolaritzan eta batzuek esango dute emakumeak bakarrik gaudela. Baina oso subjektiboa da hori, datuak hartuta, ikusi egiten baita, portzentajeetan zenbat gizon dauden, eta gehiengoa dira. Gizonezko asko daude eta emakume bat, eta erosoa da. Ordea, emakume gehiago ateratzen badira, hasten dira komentarioak: "Ematen du emakumea izan behar dela publikatzeko edo kantatzeko".

Umorearen mugak lausoak dira batzuetan, ez al da hala?

Ez naiz ni aditua gai honetan, aritua banaizen arren. Badira ikerketa interesgarriagoak nik egin ditzakedan ondorioak baino. Hala ere, pentsatzen dut nire baitan urte hauetan guztietan bilakaera bat izan dela, gizartea aldatzen joan den heinean. Asko aipatzen da goitik behera, eta behetik gora egindako umorea, baina ni parez-parekoaren aldekoa naiz. Hori da ateratzen zaidana. Clownean, pailazoaren irudia porrotarekin elikatzen da, hau da, bere buruaz barre egiten du. Beraz, zuk umorea zuretik egiten duzunean, jendeak jada ez zaitu jartzen jainkotzat edo. Mezu bat bidaltzen ari zara: "Begira nolakoa naizen". Horrek identifikazio sentimendua sortzen du.

Mugei dagokienez, ea guztiari barre egin dakiokeen galderari nik baietz erantzuten dut. Orain, jakin behar duzu ondorio batzuk egongo direla. Jakin behar duzu publikoki askatasun osoa duzula zerbait esateko, baina ikusleak ere askatasuna eta eskubidea minduta sentitzeko. Oso zaila da inor ere ez mintzea. Zure esku dago mindu nahi duzun eta nola. Emakumeek egiten duten umorearen kasuan, baten batek bere burua identifikatuta ikusten du txisteetan, eta minduta sentitzen da, normalean gizonak izaten dira bide batez, baina hori da lortu nahi dena, ezta?

Hari horri eutsita, emakumeentzat politikoki zuzena izateko ideia oztopo gisa planteatu izan da sarri.

Arriskutsua iruditzen zait. Esaten da politikoki zuzena izan behar dela, baina horren atzean askotan erreakzionarioak daude. Baina, zeri esango diogu politikoki zuzena izatea? Entzuten dira "Joe, orain ezin al dugu inorekin sartu?" bezalakoak. Horien atzean normalean esan nahi dutena zera da: "Ezin dugu ahula dena ez zapaldu?". Tira, ba zapaldu ezazu, baina jakin ezazu kontra izango duzula. Ez da politikoki zuzena izan behar dela, baizik ez dela krudela izan behar.

Non izango da 'Magma Mia!' aurki ikusteko aukera?

Momentuz, bakarrizketa honen emanaldiak maiatzaren 13an Bergaran, 17an Elgoibarren eta 27an Mendigorrian izango dira. Hala ere, esan behar dut badirela beste kontutxo batzuk datozen hilabeteetan egingo ditudanak.