Sexuaz umorez

''Belarri bero, bai esan?' websaila sortu dute Uxue Bereziartua, Aitor Altuna eta Uxue Amonarrizek. Herriz herri proiektatzeko asmoa dute, eta ondoren plataforma digitalera igotzekoa

22.11.2021 | 15:45
Ikasle pisua konpartitzen zutela bururatu zitzailen websailaren ideia sortzaileei.

Ikasle pisuak, orokorrean, zoramen hutsa izaten dira. Baina, horrez gain, pisukideekin denbora eta elkarrizketa ugari izateko lekua ere badira, eta batzuetan, elkarrizketa horietatik ideia eta proiektu bereziak jaiotzen dira. Hala gertatu zaie Uxue Bereziartua, Aitor Altuna eta Uxue Amonarrizi (Hernani, 1996) izan ere, hirurak Bilbora joan ziren ikastera, pisua konpartitzen zuten eta erdi txantxetan erdi serio jaio zen websaila.

Serieak 15 minutuko sei kapitulu ditu eta linea erotiko baten istorioa kontatzen du. Belarri bero linea erotikoa ekonomikoki garai txar batetik igarotzen ari da. Egia esateko, denbora luzez izan dituzte arazoak, baina azkenaldian egoerak okerrera egin du. Bertako jabea, Axun, afera bakarrik konpontzen saiatuko da, beti egin duen moduan. Hala ere, oraingoan ez du lortuko eta beste lankideei kontatzera behartua ikusten du bere burua. Ines, Garazi eta Eiderrekin batera arazoari aurre egiten saiatzen dira.

Bilbon elkarrekin bizitzeaz gain, hirukoteak txikitatik ezagutzen du elkar, kuadrila berdinekoak baitira. Proiektua sortzeko prozesua oso polita izan dela adierazi du Amonarrizek, lagunekin lan egitea oso erraza dela uste duelako eta gainera hiruek konplizitate handia izan dutelako betidanik. Bidea erraza izan da modu batean, baina zailtasunak ere egon dira. Proiektu gazte orok dakar esfortzu eta kemen handia eta hala izan da kasu honetan ere. Hasieran ez zeukaten inolako sostengurik, gutxinaka istorioa idazten joan ziren eta orduan Hernaniko Udalak eskaintzen zuen sormen bekaren berri izan zuten. Aurkeztu eta bigarren saria lortu zuten. 2019ko amaieran izan zen hau, baina pandemiaren ondorioz asko luzatu da prozesua, horregatik ezin izan dute orain arte martxan jarri. Zailtasunak zailtasun ibilbidearen oroitzapen ona dute.

Ikuspuntu desberdinetik

Umorea eta sexualitatea uztartu ditu lan honetan hirukote hernaniarrak: "Iruditzen zaigu modu bat umorea eta sexualitatea elkartzeko ez beti elkartu diren moduan, hau da, umore berdetik, baizik eta beste puntu batetik", adierazi du Amonarrizek. Gainera, garrantzitsua iruditzen zaie konkretuki sexualitatearen gaia perspektiba feministatik lantzea. Orokorrean gizartean aspektu guztietan indarra izan behar duen aspektua dela eta baita ondorioz sexualitatean ere. "Oso garrantzitsua da azkenean botere harreman handiena bertan erreproduzitzen direlako eta patriarkatua oso sartuta dagoen eremua delako". Istorioa idazteko orduan, gai horiek izan dituzte erdigune, baina orokorrean egunerokoan dauzkaten elkarrizketetatik sortu dute.

Websailaren lau aktore protagonistak Olatz Beobide, Nerea Arriola, Olaia Gil eta Dorleta Urretabizkaia dira. Aitziber Garmendia, Kepa Errasti, Iñake Irastorza eta Asier Hernandez ere agertzen dira, presentzia gutxiagorekin. Grabaketak Andoainen izan ziren, Martin Ugalde kultur parkean. Sei eguneko grabaketak izan ziren, eta atal bakoitza egun batean grabatu zuten. Aurretik entsaio egun batzuk izan zituzten, eta gero ekin zioten grabaketari. Amonarrizek oso "intentsoa" eta "polita" izan zela gogoratzen du. Era berean, gazteak aipatu du bere lehenengo aldia izan dela filmatze batean. Beste kideentzat ere lehenengo aldia da mota honetako proiektu bat gauzatzen dutela. Lan guztia hirukoteak egin du baina lantalde tekniko baten laguntza ere izan dute: kamera bat, bi pertsona audioa grabatzen eta argiekin beste bat. Lantalde osoarekin giro ona sortu zela aipatu du Amonarrizek, eta aktoreen aldetik laguntza handia jaso dutelako eskertuta ere agertu da.

Aipatu bezala gazteek ez dute aurretik ikus-entzunezkoetan lan egin eta berria izan da hirurentzat. Bereziartua artista eta ilustratzailea da eta horrek asko lagundu du alor teknikoan proiektua aurrera eramaten. Hirurak modu batean sortzaileak dira, beti izan dituzte halako ideiak buruan eta oraingoan aurrera eramateko aukera izan dute.

Estreinaldia Hernanin

Azaroaren 6an aurre estreinaldia izan zuten Hernanin. Proiektuan parte hartutako jendea eta hurbilekoak gerturatu ziren bertara eta oso egun ederra izan zen sortzaileentzat baita ikusleentzat ere. 200 pertsona inguru bildu ziren bertan eta oso eskertuta agertu dira gazteak jasotako babesarengatik. Azaroaren 13an estreinaldi ofiziala izan zen, Hernanin ere. Hemendik aurrera herriz herri proiektatzeko helburua dute, emanaldiekin ibilbidea egiteko. Horren ondotik, datorren urtean plataforma digitaletara igotzeko asmoa dute.

Beste denboraldi bat egitean pentsatzen jarri ote diren galdetu eta irribarrez goizegi dela adierazi du Amonarrizek. "Lehenengo honekin murgilduta gaude eta oraindik gauza asko geratzen zaizkigu egiteko, ematen ez duen arren". Hirurek ideia asko dituzte eta beharbada etorkizunean beste zerbait sortuko dute, baina momentuz lehenengo lan honetaz disfruta-tzen ari dira.

noticias de noticiasdegipuzkoa