2021eko irailean eman dute ezagutzera taldea, Amarena izeneko abestia argitaratuz. Urte bereko udaberrian zehar grabatu eta nahastu dute kanta, Zestoako Gaztain Estudioetan (Gipuzkoa). Zehazki, Egurra eta Kitto taldeko Iñaki Bastida (bateria) eta Hesianeko Ane Bastida (baxua) eta Fran Urias (gitarra eta ahotsa) musikariek osatu dute taldea. Azken hau izan da Zelanda taldearen mamia eta funtsa eraiki dituena, Hesian taldearekin amaitu eta etapa berri bati ekiteko prest.

Azaldu duenez, hitz askorekin definitu dezake Hesian taldearen amaiera. Alde batetik, "naturala", bai berak eta bai Zuriñe Hidalgok ere argi zutelako ez zutela taldearekin jarraitu nahi. Bestetik, "korapilatsua", osasun-krisiak buruan zuten agurra baldintzatu baitzuen erabat: "Oso hunkigarria eta berezia izan zen Bilboko Santana Aretoan eskainitako kontzertua: ez genuen esan azkena izango zenik eta horrek beste kolore bat eman zion sentitzen genituen emozio guzti horiei".

ZELANDA TALDEAREN SORRERA

Hesian taldeari agur esateko momentua heldu zenerako, Uriasek argi zuen beste proiektu batekin hasi nahi zuela, zelakoa izango zen jakin ez arren. Hala, abestiak sortzen hasi eta taldekide izandako hainbatekin hitz egin zuen. Dioenez, Ane Bastida baxu-jotzaileak berehala eta "zalantza barik" onartu zuen gonbidapena, eta bateria-jolea behar zutenez, modu oso natural batean sartu zen haren neba (Iñaki Bastida) taldean, hirukotea osatuz.

Oso gutxinaka hasi zirela azaldu du, apurka-apurka, "helburu eta plan zehatzik gabe". Bide erdian harrapatu ditu pandemiak, eta osasun-krisia zela eta, ezin ziren entseatzeko edo elkarrekin ideiak eztabaidatzeko elkartu. Hala, eta etxean bertan muntatu zuen estudioa Uriasek. Hainbat programa berri probatu eta bertan hasi zen kantak grabatzen, taldekideei bidaltzen zizkien, proposamenak egin, aldaketak€ Sei hilabeteren bueltan 13-14 abesti inguru sortuak zituztela esan du, horietako bat, kaleratu berri duten Amarena singlea.

AMARENA

Uriasen amak haurdunaldi batean galdutako haurrari buruz hitz egiten du argitaratutako lehenengo abesti honek. Musikariaren hitzetan: "Amak alaba bat nahi zuen, eta bi mutil gara. Ni baino lehenago zetorren galdutako hura, zer pentsatu eman izan dit beti gai horrek. Haur hura jaio balitz, zer? Ni ez nintzateke izango, edota hura ni izango nintzateke€". Dioenez, Joseina Etxebarriak esan nion kanta entzuterakoan, izan direlako garen moduan, batzuetan, "izan ez zirelako" garela. Hortaz, sentipenez betetako istorioa kontatzen du kantuak.

Abestiaz gain, bideoklipa ere kaleratu dute, Mikel Cubillok zuzendu duena. Estiloari dagokionez, rock eta pop musikaren arteko nahasketa dela dio Uriasek, nahiz eta ez den "batere trebea" egiten duen musikari "etiketa" jartzen. Horrez gain, abestiek "ukitu moderno xamarrak" dituztela ere azaldu du, Hesian taldean erabilitako baliabideetatik "haratago" joaten saiatu baita. Izan ere, hasiera- hasieratik argi utzi nahi zuten Zelanda ez dela Hesian, eta ez dela hori "egiten dakiten bakarra".

Zentzu horretan, eta abestiak izandako harrera kontuan hartuta, pozik azaldu da Urias, helburu hori bete dutela uste baitu. Horrez gain, lortutako arrakastari buruz galdetuta, kantak zenbaki "onak" dituela esan dezakeela ere azaldu du, baina, dioenez, "hau ez da futbol txapelketa bat", bere hitzetan: "Datu baseak eta zenbakiak artistok eduki dugun etsairik gogorrenetako bat da. Letretakoak gara gu".

BIHOTZETIK IDAZTEN

Letretan arreta ipinita, Uriasek dio ez dutela ezer berezirik transmititu nahi, biluztu nahi dute, eta gustura geratu, besterik ez. Azaldu duenez, 20 urte zituenean bestelako zerbait esango luke, Hesian taldean hasi zenean musika "komunikaziorako edo propagandarako tresna gisa" ulertzen zuela, adibidez. Denborarekin, bestalde, "bihotzetik idazten" ikasi duela dio, helmuga edo helburu zeha-tzik izan gabe, bere hitzetan: "Mezuaren egilearen eta hartzailearen arteko konexioan dago gakoa, ez mezuan".

Datozen aste eta hilabeteetan abesti berriak kaleratuko dituztela azaldu du, eta 2021eko urtea amaitu aurretik litekeena da kontzerturen bat eskaintzea. Horrez gain, abenduan kanta gehiago grabatzen hasiko direla dio Uriasek, orain arte bezala, Eñaut Gaztañagarekin Zestoako Gaztain Estudioetan. Hortaz, etorkizunari begira dituzten erronkei dagokienez, musika sortzen jarraituko dutela iragarri du, "ilusioz eta gogoz beteta", mundu honetan hasi zirenean bezalaxe: "Gure bidea egiten jarraituko dugu, modu xumean eta pausuz pausu. Negu gogorrenari nahiz udaberri koloretsuenari ongi etorria emateko prest gaude".