Hausturatik sortua

'Krak' diskoa kaleratu berri du Maite Larburu musikariak. Hernaniarraren laugarren lana da honakoa eta Zart kolektiboaren eskutik ikusi du argia

06.10.2021 | 09:52
Larburuk Zart kolektiboaren eskutik argitaratu du Krak lana

"Inperfekzioa edertasunaren zantzu bezala". Hitz horiekin definitu du Maite Larburuk (Hernani, 1979) bere disko berria. Apurtutako objektuen, pertsonen edo abestien balioa aldarrikatu nahi izan du musikariak. Hautsitakoak daukan berezitasuna eta garrantzia. Horren harira, Kin-tsugi arte japoniarraren oso zalea dela aitortu du Larburuk. Puskatzen diren objektuak urrezko hautsarekin itsasten dituzte arte teknika honetan, eta objektuek aurretik zeukatena baino balio handiagoa hartzen dute prozesuaren amaieran. "Beraientzat bizitzak ematen dizkizun zartaden ondorioz geratzen zaizkizun minak edo pitzadurak, edo zure ximurrak, denak direlako garrantzitsuak eta denek kontatzen dutelako istorio bat", adierazi du artistak.

Aktore lanetan estreinakoz

Kantuak sortzeko nahi bat edo galdera bat barnean piztu eta hortik tiraka abestiak sortzen direla aitortu du hernaniarrak. Batzuetan nahi hori bere kabuz sortzen da eta beste batzuetan beste kolaborazioetatik pizten da. Kasu honetan, Krak diskoa proiektu desberdinentzat sortutako musika bilduma da. Horietako bat Amua antzezlana da, Axut kolektiboak sortutakoa. Obrak maitasuna du ardatz, nondik sortzen den edo maitasuna zer den lantzen du. Maite Larburuk sortu du antzezlanaren musika, eta, oholtza gainean musika interpretatzeaz aparte, aktore lanetan dabil ere. Lehenengo aldia da Larburu aktore bezala aritzen dena eta esperientzia "polita" eta aldi berean "gogorra" izaten ari dela adierazi du. Inoiz egin ez duzun zerbait lehenengo aldiz egitean beti sentitzen da beldur izpi hori eta hala sentitu du berak, baina oso esperientzia aberasgarria izaten ari dela adierazi du: "Gauza berriak ikasten dituzu, ez bakarrik lanbide horri buruzkoak, baita zure buruari buruzkoak ere. Askotan zure burua harrapatzen duzu inoiz imajinatuko ez zenukeen zerbaitetan eta horrek sorpresak ematen ditu".

Hiru dira Amua obrarako egindako abestiak baina, osotara, diskoa hamaika abestiz osatuta dago. Musika guztia Larburuk idatzi du eta letra batzuk ere bereak dira. Harkaitz Canok ere parte hartu du letra batzuk idazten eta, horrez gain, Raymond Carverren olerki bat aurkitu dezakegu abesti batean ere. Diskoaren berezitasunetako bat Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak izan dira, emakume batek idatzi eta ezkutatu zituenak. Bertso horiek entzun daitezke lan honetan. Horrek guztiak sortzen du Krak, pieza desberdin askorekin sortutako diskoa. Carlos Taroncher eta Karlos Aranceguirekin batera hirukotea sortu du Larburuk eta aste honetan bertan aurkezpen kontzertua eman dute Donostian. Hemendik aurrera, beste hainbat lekutan ikusteko aukera egongo da.

Maite Larburuk ibilbide luzea eta oparoa dauka musikaren munduan. 21 urterekin Amsterdamera joan zen bizitzera, amets bat bete-tzeko asmoz. Kontserbatorioan biolina musika klasikoaren ildotik landu ondoren, mugimendu historizistan espezializatu zen, batez ere XVII. eta XVIII. mendeetako musikan. Urteetan zehar Europa erdialdeko talde eta musikari garrantzitsuenekin lan egin du. "Nire ametsa zen musikari onenekin lan egitea eta hori izan da nire lanbidea orain arte han. Oso ederra eta aberasgarria izan da eta asko zor diot horri guztiari". Orain, Euskal Herrira itzuli den arren, antzinako musikarekin bidaiatzen jarraituko duela argi dauka.

Aldaketak disko berrian

Amsterdamen bizitzen zegoela, bi disko kaleratu zituen Neighbor Taldearen izenpean. Aurrerago, bakarlari moduan Hezurren Azpian diskoa kaleratu zuen, honakoa Euskal Herrian. Krak diskoaren aldaketetako bat, aurreko diskoekin alderatzen badugu, musikari berri baten parte hartzea izan da, Karlos Arancegui bateria jolea, hain zuzen. Aurreko diskoek perkusio soinu minimoagoak izan dituzte eta oraingoan Arancegui ere diskoaren "zurtoin" bihurtu dela adierazi du artistak. Zigilu berri batek atera du diskoa, aurreko diskoak Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak kaleratu zituen, eta oraingoan Krak diskoa Zart kolektiboaren eskutik argitaratu dute. "Beste zigilu bat da, beste modu batera sortua izan da, azken finean artista kolektiboek sortzen baitute Zart eta oso ilusionatuta nago bertan parte hartzeaz", adierazi du hernaniarrak.

Musikan eta, orain, antzerkian aritzeaz gain prentsan kolaboratu izan du ere Larburuk. Berria egunkarian idazten aritu zen bolada batez eta irratian ere parte hartu du. "Irratia asko maite dut, gauzak kontatzea baina hotsa ere erabiliaz, ez bakarrik ahotsa baizik eta musika edo holako hotsadarrak". Hotsadarrak deitzen zen, hain zuzen, hernaniarrak irratian egiten zuen kolaborazioa.


Larburuk asteon egin berri du Krak lanaren aurkezpen kontzertua Donostiako Gazteszena kultur aretoan. Oholtzara igotzeko irrikitan, www.maitelarburu.art webgunean topatu ahalko da etorkizuneko kontzertuei buruzko informazioa.

noticias de noticiasdegipuzkoa