Norberaren bidea topatu nahian

Genero nortasuna eta gai sozialak ardatz hartuta, 'Daniel/a' websaila estreinatuko dute bihar. Hamar minutuko sei atal eskainiko dituzte orotara, eta Eitb.eus atarian egongo dira ikusgai. Websailarekin batera, hiru podcast eta kontzertu bat ondu dituzte egileek, proiektuari ekintza transmedia izena esleituz

27.09.2021 | 11:56
Norberaren bidea topatu nahian

Laburbilduta, istorioak bi gazteren egunerokotasuna kontatzen du. Hala deskribatzen du Nora Alberdik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1997) Daniel|a| webseriearen mamia. Izan ere, Daniel|a| eta Ipar gazteak ditu telesaila digitalaren protagonistak, eta, Alberdiren hitzetan "edozein gaztek izan ditzakeen kezkak" dituzte pertsonaiek. Genero identitatea, arazo ekonomikoak, unibertsitatea, beharren eta nahien arteko zalantzak€ hainbat buruhausteren inguruan dihardu telesailak. Alberdik zuzendu du ikus entzunezko proiektua, eta Mikel Ayllonek (Laudio, Araba, 1980) idatzi du istorioaren gidoia. Bihar estreinatuko da telesail digitala eitb.eus-en.

Orotara, hamar minutuko sei atalez osatuta dago websaila, eta lehen kolpean gazteei zuzenduta dagoela dirudien arren, zuzendariak azaldu du "edonor" senti daitekeela identifikatuta lantzen diren gai eta korapiloekin. Websailarekin batera, hiru atalez osatutako podcast-a eta joan den ostegunean egin zuten kontzertua dira proiektuaren gainerako hankak.

Websailari dagokionez, Iholdi Beristain eta Leire Ormazabal aktoreek gorpuzten dituzte protagonista nagusiak: Ipar eta Daniela (edo Daniel). Zuzendariak ohartarazi du zein den websailaren gakoa; izan ere, nor bere modura, bi pertsonaia nagusiak ari dira beraien bidea topatu nahian, non dauden eta non egon nahi duten euren buruei galdezka: "Protagonistetako bat, Ipar, ari da bere bidea topatu nahian: berak abeslari izan nahi eta hor dabil bere burua topatu nahian, hausnartzen ea ondo ari ote den unibertsitatean€ dabil gehiago bere genero identitatearen inguruan eta hausnartzen." Bi gazteekin batera, Josuk (Daniel|a|-ren aita) eta Leirek (Josuk lan egiten duen bankuko zuzendaria) osa-tzen dute webserieko pertsonaia taldea. Kokalekuak, Bilbo eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira, batik bat.

Trantsizioa, hausnarketa Galderez eta kezkez jositako produktua da Daniel|a|, eran-tzun itxi eta zuzenik gabeko bilaketa sakon baten emaitza. Izan ere, transexualitatea eta genero identitatea esplizituki jorratzen diren arren, modu zabalean landu nahi izan du gaia lan taldeak: "Genero identitatearen inguruan nahi izan dugu zalantzan utzi. Garbi utzi dugu lehen Daniela zela, eta izaera maskulino baterantz jotzen hasi dela orain erosoago sentitzen delako, baina aldaketa edo trantsizioa ez da erabatekoa, ez da zurruna. Pertsonaiak trantsizio bat bizi du, baina da pertsonaia bat gehiago bere nortasunaren bila", azaldu du Alberdik.

Are, bere burua islatuta ere ikusten du zuzendariak: "Niri aukera eman dit telesail honek ere hausnartzeko; Daniel|a| pertsonaia ikusita nire buruari planteatu izan diot, eta ni, zein momentutan nago?". Alberdiren esanetan, ikuslearengan sortu daitezkeen hausnarketak berarengandik hasi dira: "Emakume izate horrekin bizi osoan izan ditut gatazkak: emakume naiz? Zer naiz? Eta, egia esan generoa aldagarria da eta bizitza osoan mugimenduan dagoen zerbait da".

Alberdik zuzendutako lanak Mikel Ayllonen gidoia du oinarri, bi ideiaren juntaduraz sortutako idatzia. "Bi istorioren nahasketa da webseriea. Batetik, idatzi nuen ipuin liburu baten agertzen zen pertsonaia bat, eta bestetik bere lehen zitan banku bat lapurtzen duen bikote baten ideia. Nire ipuineko pertsonaia izango litzateke Daniel|a|, hortik tiraka banuelako trans nortasunean gehiago sakontzeko nahia". Nahi hartatik osatu zuen websailaren gidoia, sakontze ariketa egiteko ikuspuntu bat hautatuz, halabeharrez: "Enfokea hurrengo da: norberaren gorputzak ez dauka inolako arazorik, besteen begiradak dauka, izatekotan, arazoa".

Molde horretan, websailaren izenburuak ere funtsezko aztarnak ematen dituela azaldu du Ayllonek: "Fluidotasun horretan ibili gara eta izenburua ere hortik dator. Ez dugu nahi izan Danielaren A hori ezabatu, momentu horretan pertsonaia horrela sentitzen delako: gizartearen begiradak eta mugek ez dute norberaren garapena baldintzatu behar".

Literaturan zaildua da Ayllon, eta oraingoan ikus-entzunezko formatuan aurkeztu ditu bere burutazioak. Ariketak zenbait erronka suposatu dizkio sortzaileari: "Paperak dena aguantatzen du, eta fikzioan segundo bakoitza diru-tza bat da, asko mugatu behar izan dut istorioa nituen aukera errealetara". Mugak eta trabak tarteko, pozik dago Ayllon emaitzarekin eta proiektuak hartutako norabidearekin.

Plataforma anitzen bidegurutzean Ayllonen ideia idatziari nahiari bide emanez, EITB-k martxan jarritako lehiaketa batera aurkeztu zuen Irati Agirreazkuenagarekin batera proiektua, eta baita irabazi ere. Orduan ekin zioten ideia abstraktua zena gorpuzteari, lan taldea osatuz. Aktoreak lehenbizi, eta zuzendaria, Nora Alberdi, ondoren. Grabaketak astebetean pilatu zituzten, eta baliabide "urriekin" egin du aurrera proiektuak.

Ekintza transmedia izena esleitu diote proiektuari, eta Ayllonek horren esanahia argitu du: "Media edo bide ezberdinetatik zabaltzen den proiektu bat da, baina bide horiek guztiak elkar lotuta daude eta elkar elikatzen dute batak bestea".

Teorian esandakoa, praktikan garatzen ari dira orain. Proiektuaren hiru hankek hainbat unetan egiten dute bat. Batetik, Ipar Orratza izeneko podcast-aren hiru atalak Ipar pertsonaiak gidatzen ditu, eta, fikziozko pertsonaiak errealitateko hiru musikari elkarrizketatzen ditu saio horietan. Hain zuzen, Liher taldeko Lide Hernando, Sua taldeko Ane Barrenetxea eta Miren Narbaiza (MICE) bakarlaria. Solasaldietan telesaileko zenbait konturi egiten zaie erreferentzia.

Bigarren bideak, kontzertuak, beste behin uztartzen ditu fikzioa eta errealitatea. Iragan ostegunean eskaini zuten kontzertua, Laudion. Oholtzan Ipar pertsonaia eta Sua taldea elkartu ziren. Era berean, hirugarren hanka, websaila, kontzertuarekin harremanetan dago: kontzertuan webseriean erabiliko dituzten zenbait eszena grabatu zituzten, eta, beraz, kontzertu fisikoaren irudiak ikusgai egongo dira telesailaren ataletan. Halaber, podcast-etan ageri diren musikarien kantuek osatzen dute webseriearen soinu banda.

Berria bezain beharrezkoa Ayllon eta Alberdi biak ala biak bat datoz: proiektu txikia baina berritzailea da, eta, berritasunean beharrezko. Alberdik lantzen den gaiari egin dio erreferentzia: "Horrelako proiektuak garatu behar dira bai lehen bai orain eta baita gero eta niri iruditzen zait lehen ere gogoa bazegoela genero identitateaz hausnartzeko, baina orain publikoki baduela onarpen edo ikusgarritasun gehiago gaiak. Halere, behar beharrezkoa da ikusgarritasun horretan sakontzen jarraitzea". Ayllonek, berriz, formatuari erreparatu dio: "Nahasketa iruditzen zaigu oso interesgarria dela, osatu dugu istorioaren unibertsoa bide ezberdinak erabilita, eta espero dugu ate bat ireki izana hemendik aurrera aukerak zabaltzen jarraitzeko".

noticias de noticiasdegipuzkoa