Ikusezinak diren kargak

Jon Mikel Euba artistaren proiektu berria bildu du 'Karga misteriotsuen pisuari eusten dioten animaliak' erakusketak. Bilboko Carreras Mugica galerian egongo da ikusgai uztailaren 30era arte

13.07.2021 | 08:56
'Karga misteriotsuen pisuari eusten dioten animaliak' erakusketa Carreras Mugika galerian

Orain dela hiru urte hasitako proiektua estreinatu du Jon Mikel Euba (1967) zornotzarrak Bilboko Carreras Mugica galerian. Dioenez, hura sortzeko ideia garai hartan emandako idazketa-tailer batetik abiatu zen bere idazteko metodologia azaltzeko testua osa-tzen zegoela. Testu horrek hiru dimentsioko piezak ekarri zituen, eta hortik jaio zen "askoz zabalagoa den" proiektua.

Erakusketa maiatzaren 22tik dago ikusgai, eta azaldutakoaren arabera, oso harrera ona jasotzen ari dela kontatu du Eubak: "Jendeak ez du horrelako dimentsiorik espero, ez daki espazio horren handiak existi-tzen direnik Bilbon. Nire lanari dagokionez ere, oso pozik eta harro sentitzen naiz jasotako iritziekin".

Izan ere, normalean galeriak hainbat artisten lanak erakusten ditu aldi berean, hiru espazio diferente izaten baititu: bat oso handia, bestea ertaina eta azkena txikiagoa. Horietako bakoitzak erakusketa bat biltzen du. Oraingoan, aldiz, galeriako espazio guztiak hartu ditu Eubaren lanak.

Galeria osoa hartu izanagatik, erakusketa bat baino, museo-esperientzia dela dio Eubak. Dena den, hiru espazio ezberdin bereiztu daitezkeela azaldu du. Lehenengoan (handiena) Aurreikus daitekeena saihesteko 400 mugimendu izeneko bideo-proiekzioa ikus daiteke, Bilbon eta aldi berean Suitzan estreinatu den pieza. Horrez gain, hainbat eskultura ere badaude, publikoak ilunetan ikusiko dituenak.

Bigarren espazioa apur bat txikiagoa da, eta oso argitsua. Bertan altzairu herdoilgaitzezko piezak daude, horman eta lurrean kokatuta. Hirugarren espazioa pasabidea da. Garai batean furgonetak biltegi batera sar-tzeko korridorea zen, eta erabilera hura aprobetxatu nahi izan du artistak: "Galeriako arkitektura eraldatu nahi izan dut. Normalean, sartzerakoan mostradore batekin eta atea irekitzen dizun pertsona batekin egiten du topo jendeak. Espazio hori galeriaren erdigunera eraman dut, langilearekin batera, erakusketa osora autoz sartu ahal izateko".

Hortaz, proiektua konplexua, askotarikoa, zabala eta handia dela dio zornotzarrak. Esandakoaz gainera, bulegoetako ateak margotu ditu, eta galeriako leihate eta argi-zuloetan esku hartu du. Zulaketak egin dizkie, eta, beraz, argia aldatu egiten da eguraldiaren arabera. Bulegoak espazio publikotik bereziten dituen atean ere hainbat aldaketa egin ditu, ikusleak langileak ikusi eta galeria bat zer den ulertu ahal izateko. Hori dela eta, zenbait piezen erakusketa bat baino, proiektu integrala dela azaldu du.

GORPUTZ ITXURALDATUAK


Erakusketari Karga misteriotsuen pisuari eusten dioten animaliak izenburua ipini dio artistak. Izan ere, jarduera batzuetara egokitzeko izaki bizidunok gure gorputza eraldatzen dugula defendatzen du: "Erakusketak planteatzen du nola, rol edo jarduera bat gure gain hartzen dugunean, gorputza desitxuratzen dugun, egin nahi dugun jarduerara egokitzeko". Hori azaltzeko, hasierako bideo-proiekzioan belauniko jatea erabaki duten hainbat animalia (zaldiak, behiak, ardiak€) ikus daiteke. Erabaki hori burua etengabe altxatu eta jaisteko ahalegina egin behar ez izateko hartu dute.


Eubaren iritziz, gorputz guztiek dute zamaren bat, eta dioenez, nahiz eta zama horrek, sinbolikoa edo norberak hautatutakoa izan, pisu handia izan dezake. Beraz, erakusketa ekintza edo rol jakin batzuk aurrera eramateko itxuraldatzen diren gorpu-tzen inguruko hausnarketa neutro bat dela azaldu du. Hori dela eta, erakusketako pieza guztiek gorputz neurriak dituzte: "Ez dira pieza abs- traktuak, gorputzak dira". Misteriotsu hitzari dagokionez, sarri aipatutako zama horiez kontziente ez garela dio: "Ez dakigu karga horiek nondik datozen eta noiz heldu diren, ikusezinak dira, baina hor daude, eta zenbaitetan oso pisutsuak dira".

UKITU PERTSONALA


Galerietan, normalean, lan baten azken emaitza besterik erakusten ez dela dio Eubak. Kasu honetan, aldiz, zerbait gehiago erakutsi nahi izan du berak, azken emaitza hura lortzeko emandako pausuak agerian utziz: "Jendeak nire lana nola eta nondik egin den ulertzea nahi dut, eta bertan dauden piezek prozesuarekin duten harremana ikustea". Dioenez, lanketa eta prozesu hori erakustea ez da oso ohikoa, bereziki galera komertzialetan, helburu nagusia obrak eta piezak saltzea izaten baita.


Dena den, Carreras Mugica galeriak eskaintzen dituen aukera guztiak esploratu nahi izan dituela azaldu du zornotzarrak, eta espazioari bere izaera berezia eman: "Ez da erraza atmosfera eta ukitu pertsonala ematea arkitektura bati, pertsona batzuek oso ondo ezagutzen baitute espazio hori. Horregatik ez da batere ohikoa". Buruan zeukan guztia aurrera eraman ahal izatea zaila ikusten bazuen ere, egindakoarekin pozik azaldu da Euba: "Nik zerbait diferentea eta berezia egin nahi izan dut, eta jasotako kritiken arabera, lortu dudala pentsatzen dut".

noticias de noticiasdegipuzkoa