Jada kalean da Xabi Hooren bakarkako lehen lana: 003 Mixtape. "Identitate musikal anitza duen herritik" dator Hoo: Bilbotik, 003 kodea duen barrutitik. Zero freestyle-a kaleratuta aurreratu zuen Enkore taldeko abeslari izandakoak musika urbanorako norabidea hartuko zuela. Horren ondotik iritsi ziren Bat, Bi eta Hiru abestiak, bere aurkezpen lana osatzen duten hiru kantak.

Enkore utzi eta bakarkako ibilbideari ekin diozu. Bide bat hasten jakitea bezain garrantzitsua izango da bukatzen ere jakitea, ezta?

-Batzuen amaiera espero gabe dator, eta beste batzuena espero bezala dator. Enkore hasi genuenean jakin bagenekien noizbait bidea amaituko genuela. Bagenekien ibilbidetxo bat zela, ikasteko prozesu bat, eta, azkenean, konturatu gabe, hamar urte egin genituen. Puntu horretara iritsi ginenean esan genuen: "Beno, egin dugu, pentsatzen genuena baino 100 edo 100.000 bider gehiago, eta hemen utziko dugu". Pozik geunden taldea utzita, baina tristura apur bat ere sentitzen genuen; hala ere, gauzak ondo egin genituen sentsazioarekin bukatu genuen.

Enkore amaituko zela bazenekiten, baina ba al zenekien bakarkako ibilbide bati helduko zeniola hori gertatzean?

-Enkore izan zen modu sasiprofesionalean edo profesionalean nire lehen proiektua, baina txiki-txikitatik egon naiz musikari lotuta, eta ez dakit beste ezer egiten, ez dakidalako musikarik gabe bizitzen. Beraz, bai, banekien zerbait gehiago egingo nuela, ez nekien, hala ere, bakarka izango ote zen. Bakarkako lanarena momentu batean sortzen den beharrizanetik etorri zen.

Beharrizanetik eta gogotik sortu al da 'Mixtape 003'?

-Jendea harritu egiten da, uste duelako Enkore eta bakarkako lan hau oso ezberdinak direla. Baina badu arrazoi sinple bat: ni bilbotarra naiz, auzo batekoa. Identitate musikal handia duen gune batean jaio nintzen, eta gu ume ginen garai hartan musika urbanoa asko en-tzuten genuen - rap musika, Aren B€-, eta hori beti egon da gure DNA-an. Enkoren bestelako musika estilo bat egiten genuen, baina beti gustatu izan zait eta beti entzun izan dut kaleko musika. Betidanik nirekin egon den gauza bat izan da, egin nahi izan dudana, baina ez nuen momentua eta lekua aurkitzen. Enkore ez zen horretarako gunea, nahiz eta beti saiatu izan garen gure identitatea markatzen eta modu batera edo bestera pixka bat sartzen auzoko identitate hori. Dena den, Enkorek beste alde batera begiratu izan du.

Behin Enkore bukatuta, baina, aukera aurkitu zenuen.

-Enkore amaituta pentsatu nuen musika urbano hori egiteko aukera nuela, eta gogoa neukala horretarako. Abestien letra asko idatzita nituen, nire gauza pertsonalak, nire barne mamuak idatzita nituen. Konfinamendua iritsi zen orduan, eta konturatu nintzen hitz horiek inoiz baino zentzu handiagoa hartzen zutela. Orduan hasi nintzen uler-tzen zergatik idatzi nituen nik hitz horiek. Hitz horietatik guztia berridazten hasi nintzen, eta berriz ere hitz horiek burura etorri zitzaizkidan. Bakarrik nengoen, ni nire pentsamenduekin, eta horrek ez zidan inolako onik egiten. Nire buruarekin ondo sentitzeko eta barruko dena kanpora ateratzeko modu eraginkorrena musika egitea da niretzat; batez ere, nire musika besteekin partekatzea. Nire mamuak elkarbanatzen baditut eta mamu horiek beste batzuen artean banatzen baditut, badirudi mamu gutxiago ditudala. Entzuleei mamu horiek ematen dizkiet, eta beraiek jaso egiten dituzte, ulertu egiten naute. Elkar ulertzen dugun momentu horretan, askoz libreago sentitzen naiz, askoz zoriontsuago.

Diskoa baino, mixtape-a kaleratzea erabaki duzu. Zergatik?

-Mixtape hitzak rap-aren edo kultura urbanoaren hastapenei egiten die erreferentzia. Garai batean, artista berri batek bere burua ezagutzera eman nahi zuenean, kaseteak ematen zizkion jendeari, eta diskoetxeetara ere joaten zen horiekin. Lan xumeak ziren, baliabide gutxikoak, eta hori da nik islatu nahi izan dudana. Ni orain artista berri bat naiz, eta ez dut presiopean lan egin nahi, ez dut jendeak espero duen disko bat atera nahi, hori presio handia delako niretzako. Artista berri bat naiz eta gauza berri bat egitera nator, eta hau da nire aurkezpen lana; xumea, anbizio gutxikoa€ Enkorerekin bai sentitzen genuen presio hori, disko bat ateratzen genuenean aurrekoa baino hobea behar zuen izan. Eta ez nuen hori sentitu nahi. Mixtape-a diskoaren aurreko lantxo bat da.

Lan berrian, zure unibertso pertsonalerako gonbidapena ere badago.

-Terapia hutsa izan da disko osoa, baina batez ere, Bi abestia. Zerbait neukan barruan, kaleratu dudan arte, joan ez dena. Hori bai behar nuen atera eta abestu. Behin plazaratuta, zauri bat ixtea bezala izan da. Nire barrukoa ateratzeko, honelako zerbait egiten dut: "Etorri zaitez nire barrura, hartu nahi duzuna eta eraman ezazu".

Inoiz esan izan duzu musikari esker, gaur, barre egiten duzula. Hainbesterako al da musika zuretzat?

-Musika niretzako dena da. Gauza asko sendatzeko ezinbestekoa izan da niretzat, barneko mamuak uxatzeko modu bat, eta oraindik ere bada. Nik, esaterako, aurrera egin dut kantuak idazteko abilezia hori izan dudalako. Kriston askatasuna sentitzen dut musika egiterakoan, batez ere, eszenatokietara igotzean. Tamalez, aspaldi ahaztuta dudan sentipena da hori, egoera dela eta, ez naizelako aspaldi igo, baina, kriston salbazioa da oholtza gainean egotea. Eta, era berean ere, kantu bat ateratzeak ematen du halako askatasuna; barrutik mugitzen zaituen hori kanporatzea asko da. Sentitzen dudana azaltzea ere kostatzen zait, modu psikologikoan sentitzen dudana hain da gogorra€

Eszenatokira igotzeko asmoz dator orduan Hoo.

-Asmo guztiarekin nator bai, baina ikusi egin beharko da, egoerak ez duelako laguntzen. Oraindik, barruan eraman beharko dudan zerbait da. Emanaldi txikitxoak prestatu izan ditugu, bai irrati zein telebistarako, baina publikorik gabe. Baina bai, asko gustatuko litzaidake, honen guztiaren osagai oso beharrezkoa delako, baina Hoo pandemia egoeran sortu den zerbait da, eta kon-tziente naiz horretaz.

Zer eskaintzera dator Hoo proiektua?

-Euskal Herrira musika beti berandu heltzen zaigun sentsazioa daukat. Euskal herritarrok oso tradizio zaleak gara, eta, nahi gabe, halakoak gara. Kortatuk eta Barricadak egin zituzten abestiekin flipatzen jarrai-tzen dugu, eta egin egin behar da, baina uste dut gauza berriak egitea kostatzen zaigula. Gustatuko litzaidake, beste lekuetan egiten den bezala, beste ikuspuntu bati heltzea, gauza berriak birsortzea, gure hizkun-tzan sonoritate berriak entzutea. Eduki dezagun euskal musika abangoardista bat, eta ez tradiziotik bizi-tzen dabilen musika bat. Badirudi 80ko hamarkadatik ez dugula aurrerapausorik eman. Egindakoari miresmen osoa edukita, baina jakinda hori erreproduzitu daitekeela. Badirudi gazteleraz edo ingelesez gauza bat zein bestea entzutea zilegi dela, eta normaltasun osoz egiten dugu. Baina euskaraz betiko moldeetara jotzen dugu, 80ko hamarkadetan egindako moldeak errepikatzen ditugu zuzenean. Ez dago musika abangoardistarik? Bai, badago, baina gehiago beharko genuke, eta, batez ere, kalitatezkoa. Euskal en-tzuleek aukerak izan beharko lukete euskaraz musika abangoardista entzuteko.

Proiektu berri hau Xabi Hooren proiektua baino gehiago da.

-Hoo-ren unibertso horretan familia bat sortu dugu; nik ematen dut aurpegia baina familia talde bat dago atzean. Gogoan daukat Enkorerekin hasi ginenean lagunak oso gertu izan genituela: argazkiak eskatzen genizkien, diskoaren azalak, bideoak€ Eta azkenean profesionalizatzen joan zen hori guztia, eta profesionalek egiten zizkiguten gauza horiek. Eta konturatu naiz ez dela hori nik nahi dudana; nire lagunak honen parte egin nahi ditut, batez ere, beraiek musika mota hau nik sentitzen dudan moduan sentitzen dutelako. Esaterako, lanaren azala nire lagun Anderrek egin du; bestetik, Unaik eta Juanek bideo eta argazkiak egin dizkidate; demoak izan ditudanean nire lagunak estudiora etorri izan zaizkit grabatzera eta gomendioak ematera. Azken finean, gertuko lagunen artean egin den proiektu bat da, eta asko pozten nau horrek, ikusten dudalako inplikazio itzela egon dela.

Zure buruari presio askorik jarri ez diozun arren, geldi ez da egongo Hoo, ezta?

-Demo asko ditut eginda, hiru disko ateratzeko beste daukat. Etxean estudiotxo bat egin dut eta hemendik nago guztia egiten, askoz pertsonalagoa, askoz neureago egin ahal dudalako. Hiru abesti hauek argitaratu nahi izan ditudan lehenengo hirurak izan dira, ez idatzi ditudan lehenak. Baina, momentuan, hauek izan behar zirela sentitu nuen: produkzio aldetik momentu berean sortu ditudalako, Mustak produktorea egon delako, sonoritate aldetik ere konexio bat ikusten diet€ Baina sentitzen dudanean beste abestiren bat atera behar dudala, aterako dut. Ikusten eta sentitzen badut 20 kantuko disko bat kaleratu behar dudala, egingo dut, ahal badut. Bidea gozatuko dut, eta gorputzak eskatzen didanean soilik aterako dut.