Waikikitik Euskal Herrira

Surfaren jatorria, historia eta hedapena jasotzen dituen gunea zabaldu du Bilboko Itsasmuseumek. Proiektuak azalpenak emateko lau panel ditu, baita hainbat objektu adierazgarri ere, eta gaian adituak diren zenbait pertsonekin elkarlanean osatu dute

30.04.2021 | 10:42
Surfaren jatorria, historia eta hedapena jasotzen dituen gunea zabaldu du Bilboko Itsasmuseumek

BILBOKO Itsasmuseum Euskal Itsas Museoak surfaren historia aztertzen duen gune berria ireki du, erakusketa iraunkorra hobetzeko asmoz. Zehazki, surfaren jatorria, hedapena eta Europako sarrera landu dituzte adituek 'Euskadi surfaren historian' izeneko proiektu honen bidez, baita Euskal Herrian garatu den surf industria ere. Dagoeneko ikusgai dago, museoak kirola eta aisialdiari eskainitako eremuaren barruan.

HISTORIARI ESKAINITAKOA

Surfaren historiari eskainitako erakusketa da 'Euskadi surfaren historian'. Jatorria eta hedapenari buruzko azalpenez jositako lau panel handi ditu. Horrez gain, momentu bereziak irudikatzen dituzten hiru surf taula ere bildu dituzte. Lehenengo taula Hobie Alterrek eraiki zuen Kalifornian, 1958an. Surf oholak ekoizteko modua guztiz aldatu zuen, material berriak erabili baitzituen.

Bigarrena, Grant "Twig" Baker bat da, Cape Townen eraikia (Hegoafrika) 2014an. horrelako batekin irabazi zuen Twiggy Baker surflariak 2014/2015eko Punta Galea Challenge, Getxon ospatzen den olatu handien munduko txapelketa.

Hirugarrena eta azkena, 1970ekoa da, eta Patxi Olidenek eraiki zuen Orion. Surf taulak industria-mailan ekoiztu zituen Espainiako lehen tailerra sortu zuen Olidenek.

O'Neill markako trajea ere ikusgai dago museoan. Zehazki, 1991. urtean O´Neill etxeak aurkeztutako "Animal" izeneko jantzia. Azaldu dutenez, edizio numeratuan ekoiztu zen, itxura futuristaz, eta aurreneko aldiz belaun-babesak erantsita. Erakusketak, gainera, surfari buruzko lehenengo liburuaren ale bat eskain-tzen du: The Surf Riders of Hawaii.

SURFAREN JATORRIA

Antolatzaileek adierazi dutenez, historian zehar hainbat zibilizaziok erabili dituzte ontziak olatuen gainean irristatzeko. Dena den, polinesiarrak izan ziren olatuak dibertimendu hutsagatik surfeatu zituzten lehenak. Horrez gain, taulak diseinatu zituzten eta Ozeano Baretik zabaldu zuten kirol hau.

XIX. mendeko azken hamarkadan surfak momentu txarrak bizi izan zituela azaldu dute, izan ere, irlak kolonizatu zituzten misioek gogor gaitzetsi zuten, bertakoak lanetik desbideratzen zituen jarduera baitzen. Baina XX. mende hasieran berpiztu egin zen Waikiki hondartzan, Oahu izeneko irlan. Hala, 1908an Alexander Hume Fordek surfa barne hartzen zuen kluba sortu zuen: Waikikiko Outrigger Canoe Club-a.

Turismoaren eraginez, beste herrialde batzuetara hedatu zen surfa, eta II. Mundu Gerraren amaierak, Hawaii eta Kaliforniako surf industriaren booma markatu zuen.

Kaliforniako iparraldean, bestalde, arazo batzuk zituztela azaldu dute adituek. Izan ere, hotz handia egiten zuen, eta jertseak soinean jan-tzita sartzen ziren uretara. Orduan hasi zen Jack O'Neill material isolatzaileekin esperimentatzen. Zehazki, 1950ean neoprenozko jan-tzi prototipo bat sortu zuen Hugh Bradner fisika irakasleak, eta handik bi urtera jaio zen O'Neill, surf jantzien lehenengo marka.

BIARRITZ AITZINDARI

Adituen arabera, Europako surfa Biarritzen jaio zen, 1957an, Peter Viertel, Jacky Rott, Joel De Rosnay eta George Henneboute bertako olatuak konkistatzera abiatu zirenean. Dena den, Euskal Herriko hondartzak surfeatzen hasi zirenek ez zuten ez talderik ezta elkarterik osa-tzen, elkar ezagutu ere ez zuten egiten. Adibidez, Iñaki Artetxe donostiarrak 1963ko urriaren 25eko Life aldizkaria izan zuen inspirazio iturri bere lehen taula eraikitzeko. Bera eta Javier anaia izan ziren Donostian Kontxako olatuak surfeatzen lehenak 1964an.

Uda bat geroago, 1965ean, Jose Luis Elejoste getxotarrak Barland/Rott bat erosi zuen Bizkaian surfean aritzeko, eta handik urte batzuetara, surflari taldeak osatu eta Gros, Zarautz, Bakio eta Sopelako hondartzak bete zituztela azaltzen du erakusketak.

Urte gutxi batzuen buruan munduko surfaren mapan kokatu zen Mundaka. Bertako olatuek mundu osoko surflariak erakarri zituzten, oraindik ere egiten duten moduan. Horrek izugarrizko gorakada ekarri zuen Euskal Herriko surf industrian.

SURF INDUSTRIAREN GORAKADA

1970eko hamarkadaren hasieran surf industria garatzen hasi zen Euskal Herrian. Merkaturatzeko taula-marka bat sortu zuen lehena Patxi Oliden izan zen, Orion, 1970ean sortutako "Itxas Tresna"-rekin.

1970eko hamarkadaren erdialdean, Gonzalo Gandariasek eta Alfonso Escuderok Genesis Surfboards marka sortu zuten Getxon. Handik gutxira, Getxon ere, Diego Sarmientok Bong marka sortu zuen.

Aurrerago, 1980ko hamarkadan, material gogorreko marka autoktonoak jaio ziren, neoprenozkoak zehazki. Waterline, Getxon, Javi Buronen eskutik; eta Seland, baita Getxon ere, Solaun familiaren eskutik. Horrez gain, 1987an Tres60 surf-aldizkaria jaio zen Santurtzin, beranduago 3sesenta izenez ezaguna egingo zena, eta bultzada handia eman zion kirol honi. Izan ere, gaztelaniaz argitaratzen zen lehen surf-aldizkaria izan zen.

Gaur egun, surf industriak norabide berriak hartu ditu, eta olatu igerilekuak sortu dituzte hainbat lekutan, benetako olatuen antza duten uhinak artifizialki birsortzeko asmoz.

noticias de noticiasdegipuzkoa