Bidaia koadernoa

Zuri beltzeko Buenos Aires

Argentinako hiriburua, hamaika txoko interesgarri dituen hiri handi bat izateaz gain, nire arbasoen etxea ere bada. Bere kaleetan barrena ibiltzeak, txikitan ikusi izan ditudan argazki zaharrei sentsazio berriak gehitzeko aukera eskaini dit

03.02.2021 | 22:20
Buenos Aireseko La Boca auzoko Caminito kale inguruetako taberna koloretsu bat.

Badira leku batzuk, inoiz egon ez izanagatik ere, ezagunak egiten zaizkigunak. Edo behintzat aspekturen bat edo beste barneratua duguna, gure bizitzako esperientzien zaku potoloaren parte balira bezala. Esaterako, New Yorken sekula egon ez ganerok, ez dugu zailtasunik bertako auzoak (Bronx, Manhattan, Queens, Brooklyn) eta kokaleku zehatz batzuk (Askatasunaren Estatua, Central Park, 5. etorbidea) izendatzeko, nahiz eta gure oinek ez duten inoiz ere txoko horietan ibilaldirik egin. Telebista eta zinema sortu dute gure iruditeria hori, baina badira beste leku eta une batzuk, istorioen entzunaren entzunez, gure oroimenean txoko bat egiteko gaitasuna dutenak ere.


Nire kasuan, amak eta amona Pilarrek, zuri beltzeko argazki zahar batzuen aurrean kontaturiko istorioek, bizi ez ditudan oroitzapenen sorta bat eraiki dute nire buruan. "Putzu handiaren" bestaldeko gora-beherak izaten ziren azaltzen zizkidatenak, Argentinako landa guneetako komeriak, Buenos Aireseko kontuak, Palermo auzoan koka-tzen zen euren etxeko pasadizoak... Matea, Evita eta Maradonaren herrialdearen hiriburua lehen aldiz ezagu-tzeko aukeraren aurrean nago, baina batez ere, nire amonak eta amak euren gaztaroa igaro zuten hiria ezagutzeko parada izango dut. Nire sustraiak apurtxo bat ezagutzeko abagunea. Relindo.


Gau osoko trenaren burrunba errepikakorraren eraginpean iritsi gara Buenos Airesera. Leihotik begira iruditu zait ordu bat behintzat bageneramala hirian sartzen, zaborrez betetako orubeak pixkanaka erdialdeko eraikin altu eta dotoreak bilakatzen ikusiz. Urruneko ahaide bat etorri da gure bila geltokira, eta eskerrak, hiriburu hau megapoli bat baita. Dena prest du guretzat, nora joan, nola eta zertara. Izan ere, ez ditugu egun gehiegi eta hiriak eskaini dezakeenaren pilula ba-tzuk prestatu dizkigute.

Hiriaren bihotzean hasi gara, Argentinako presidentearen bulegoa dagoen 'Casa Rosada'-n hain zuzen. Europar kutsu handia duten etorbide nagusiak bertatik abiatzen dira, Maiatzeko Plazako Amek 40 urtetik gora biltzen daramaten lekuan bertan, euren senideentzako justizia noiz egiteko zain. Viena, Madril edo Milan izan zitezkeen kaleetatik goaz oinez, baina dolarrak eta pesoak trukatzeko jasotzen ditugun eskaintzek, argentinarren aho dantzarietan eskainiak, gure burua kokatzen laguntzen digute.

Hegoalderutza joanez, San Telmo auzo ezagunean sartu gara. Nire ama jolasean ikusi zuten galtzada-harrizko kaleek eta amonaren erosketa lekua izan zen burdinezko egitura duen azokak, Europara garamatza, ezinbestean. Gertu dagoen Dorrego plazan baina, akordeoiaren erritmoan doazen bi dantzarien arteko zangotraba sentsualek eta "dulce de leche" usaina duten kafetegietako eskuz eginiko kartel ederrek, berriz ere non gauden azpimarratzen dute. Tangoa eta Fileteado izeneko margolaritza estilo artistikoa, gizateriaren kultura ondare inmaterialak direnak biak ala biak, argentinar petoak baitira.


Bidean aurrera eginez gero, futbol zaleen tenplua den La Bombonera zelaitik igaro gara, gaurkoan hutsik, arimarik gabe. La Boca auzoko Caminito kale inguru ezagunera goaz, bere kolore biziekin hiria alaitzen duena. Margolan bat diruditen kaleetan barrena galdu egin gara eta segituan agertu gara turismoaren disdirarik ez duen bazter apaletan. Bata eta bestea, parez pare daude hiri honetan.


Antzerki baterako sarrerak lortu dizkigute, oso berezia dela gehituz. Konex kultur gunean ilaran jarri gara antzokira sartzeko zain eta barrura joan aurretik zapi batez estali dizkigute begiak. Itsu-itsuan barrenera sartu, eseriarazi eta ikuskizuna hasi da. Kasu honetan 'ikuskizuna' baino, hobe espektakulu hitza erabiltzea, izan ere, trama guztia ilunpe sakonean gauzatu baita. Aktoreak (itsuak gehienak) entzun, ukitu eta usaindu egiten ditugu, eta hasieran deserosotasun puntu bat duen egoera, esperientzia sakon bat bilakatzen da ikusteari garrantzia kentzen diogun heinean.


'Bosques de Palermo' izenez ezaguna den parkera gerturatu gara, buenosairestarren alderdirik lasaiena ezagu-tzeko asmoz. Laku ertzetan eta zuhaitzen gerizpean, hiri handiko biztanleak patxadaz hartzen dute bizitza, metro batzuk harago dagoen asfalto oihanaz ahazturik. Apain-apain jantzitako neskato gazte bat korrika dabil, algara batean lakuko ahateei ogi apurrak botaz. Orain 50 urte nire amak egin izango lukeen bezala.


Begiak itxi ditut eta beste zentzumenetan jarri det arreta, antzerkian ikasi bezala. Inguruan entzuten ditudan pertsonen berezko hizkerak eta Rio de la Platako usainak, denboran zeharreko bidaia batean jarri naute. Urteetan etxean ikusitako zuri-beltzeko argazki zaharrei, koloreaz gain, usaina, musika, zaporea, erritmoa eta hamaika sentsazio gehiago txertatu ahal izan dizkiet. Egun gutxiren bueltan konturatu naiz niretzat Buenos Aires ez dela hiri bat soilik, iraganarekin konektatzen nauen esperientzien kutxa bat ere bada. Bárbaro!