Lau joko txikiz osatutako bideo-jokoa sortu du Eider Eibar ilustratzaileak, euskara sarean promozionatzeko Eusko Jaurlaritzak eskainitako diru-laguntzaren babesean. KokoJokoa du izena, eta Harrobia Lanbide Ikastolako Zuri Alvarezek proposatutako proiektua da. Euskara hutsean sortuta dago, eta edozein gailura egokitu ahal izateko, iOS eta Androiderako app-a ere atera du lan-taldeak. Dena den, jokoa guztiz doakoa da, eta ez du inolako datu pertsonalik behar.

Adinari dagokionez, aplikazioa sortzerako orduan lau eta hamar urte bitarteko umeei zuzenduta dagoela zehaztu zuten. Dena den, adin tarte horretatik kanpo dauden askok ere jolasten dutela ikusi dutenez, edozein adineko umeei eta marrazkiak gustatzen zaizkion edonori zuzenduta dagoela azaldu du Eibarrek.

Harrobia Lanbide Ikastolako Zuri Alvarezek proposatutako proiektua da KokoJokoa. Ilustratzaileak azaldu duenez, umeei zuzendutako edukia sortzeko proposatu zien duela urtebete, euskaraz eta marrazkiak erabilita, noski. Ordurako, Kokoak pertsonaiak sortuta zituen Eibarrek. Berak egindako marrazkiak dira, bitartekaririk gabekoak. Hortaz, horiek baliatu eta existitzen ez zen zerbaiti forma ematea izan zen lehenengo pausoa, hau da, jokoa amestea.

Horren ostean, marrazki berriak eta animazioak sortu eta ikastola bereko Josu Kobelo programatzaileari bidali zizkioten, berak intetaktibitatea, forma eta bizitza eman ziezaion jokoari.

IRUDIMENA ARDATZ

Lau joko txikiz osatutako ibilbide irudimentsu bat da KokoJokoa. Bertan, Io izeneko protagonistak zazpi kokoak aurkitu behar ditu, hori baita jokoaren helburua. Lor-tzen badu, sari bat edukiko du bukaeran. Ilustratzaileak dioenez, umeek marrazkiak jasotzeko denbora labur bat edukitzea da lau joko horien bidez lortu nahi dutena. Ostean, mezu argi bat ida-tzi dute pantailan: marraztu, jolastu, imajinatu. "Pantaila itzaltzeko esan nahi du horrek, ideia asko dituztela apur bat jokatu ostean, beraz, margoak hartu eta benetan margotzeko edo eskulanen bat egiteko", bere hitzetan. Hortaz, ideiak pizteko joko bat da, horregatik ez da luzea: "irudimena pizteko pildora bat da". Izan ere, jokoan azaltzen diren pertsonaiei ere marrazki irudimentsuetara sartzea gustatzen zaie.

BURUARI ERAGITEA HELBURU

Irudimena pizteaz gain, KokoJokoak badu beste helburu argi bat ere: umeak beste era batera pentsatzera bultzatzea. Izan ere, Eibarrek esandakoaren arabera, bidea markatu barik haurrei oso zaila egiten zaie marraztea, berak azaldu duenez: "Marrazkilari moduan tailerrak egiten ditut sarri umeekin. Ikusi dudanagatik, gustura egiten dituzte mandalak edo horrelako marrazkiak. Orokorrean, bidea oso markatuta daukaten lanak eskatzen dituzte. Baina aurrean paper zuri bat ipiniz gero, sarri blokeatu egiten dira". Izan ere, ume askok marraztean bide markatuaren segurtasuna behar dutela dio ilustratzaileak.

Kokoen bidez, pentsatzeko beste era batzuk daudela erakutsi nahi izan du lan-taldeak, eta marrazkien munduan dena dagoela ondo: "Zuk imajinatzen baduzu, inork ezin dizu esan txarto dagoenik edo okertu zarenik, dena dago ondo". Bideo-jokoan bide konkretu bat egin beharra dago amaierako saria irabazi ahal izateko, baina ilustratzaileak dioenez, bide hori ez du betiko logikak markatzen, kokoen logika "aldrebes eta zoro" batek baizik.

MUNDU KOLORETSUA

Jokoa umeentzako erakargarri egiteko, marrazkiei eman diete bereziki garrantzia, eta horien konposaketari. Atseginak egiten saiatu dira, baina horrek ez du esan nahi poztasuneko mundu bat denik. Izan ere, emozioak lantzeko joko bat ere badago, eta pertsonaiak triste edo haserre ikusi daitezke bertan. Dena den, orokorrean mundu alai eta atsegin bat dela esan daiteke, kolore eta formengatik.

Horrez gain, musika originala gehitu diote jokoari, Mikel Iraurgik egindakoa. Soinuak eta zaratak ere beraiek sortu dituzte, paperekin, pintzelekin€ eta ahotsa Eibarrek berak ipini du. Lau jokoak pasatu bitartean azalpen txiki batzuk daude, lotura bat egiteko hasieratik amaierara. Testu horiek, aldiz, Miren Amuriza bertsolariak idatzi ditu.

Jokoaz aparte, marrazkiak zuri-beltzean marraztu ditu berriz ere Eibarrek, eta sarean eskegi ditu, umeek inprimatu eta margotu ahal izateko. Dioenez, askok behin jolastu eta gero, hogei bat marrazki egiten baitituzte.

Lehen esperientzia honekin ikasitakoa baliatu eta bigarren joko bati forma ematen hasi dira dagoeneko. Ilustratzaileak dioenez, lehenengo fasean daude oraindik, baina euskarazko hitz eta marrazkien artean loturak egiteko jokoa izango dela aurreratu du. Aurrenekoan erabilitako pertsonaia berak azalduko dira, eta ez da izango hitzak ikasteko joko huts bat, jolasteko, dibertitzeko eta irudimenari bide emateko mundu bat baizik.