Hori kolorea nagusi, "sotiltasuna" nabarmendu du 'Albo batera utziz' lanaren ezaugarri nagusi gisa Irati Urrestarazu sortzaileak (Altsasu, 1989). Erakusketako eskultura eta instalazioak azaroaren 20ra artean daude ikusgai BilbaoArten.

Zer da albo batera utzi duzuna?

Erretxinari tolesdurak egin dizkiot eta lehortze prozesuan bere onera itzultzen saiatzen denean sortzen diren tentsioetan oinarritzen naiz beti. O-raingo honetan, prozesu oso motela zen, agian astebete ematen nuen zain piezak guztiz gogortu arte eta berezko forma hartu arte. Egindako eskultura edo formak bertan utzi erreposatzen, eta patxadaz begiratzen nuen. Prozesu nahiko luzea eta lasaia izan da. Ia urte osoa eman dut xaflak egiten, nahiz eta gero beste pieza batzuk ere jarri ditudan. Modu lasaian ibili naiz, normalean egiten ez dudana, ez ditut har-tzen halako denborak. Zerbait albo batera uzte horretan bazegoen zerbait erakartzen ninduena, eta hortik eutsi diot titulua jartzerako orduan.

Normalean ez duzu hainbat denbora hartzen?

Prozesuan galtzen den horietakoa naiz, bai, eta gauza batek bestera eramaten nau. Ez dut berez gai bat jorratzen gai edo tematika moduan, materian edo forman egiten dut lan, edo gai bat har-tzen badut da iradokitzen didalako zerbait hasteko ideia moduan. Baina gero erakusketan edo piezetan ez da ikusten. Dena oso materikoa eta formala izaten da nire erakusketetan. Oraingoan materialak berak behartzen ninduen denborak errespetatzera.

Sotiltasuna aipatu duzu erakusketaren ezaugarri nagusi gisa

Orokorrean eskulturak eta bereizi ahal diren piezak egiten ditudan arren (koadroak, zutabeak, xaflak€), badaude piezak indibidualki funtzionatu ahal dutenak. Dena den, beti modu instalatiboan egiten ditut, objektuak euren artean erlazionatuz. Azken finean, atmosfera bat sortzen saiatzen naiz. Erabili dudan modua: erretxinezko xafla garden hauek pixka bat tindatuz, oso modu sotilean, itzalekin jolastu dut, aldamio olanak erabili ditut aldez alde erakusketa aretoa estaliz, filtro bat bezala jarriz. Formak nahiko organikoak dira: tolesdurak, mantxak€ Lagun batek esaten zidan dela akuarela batean sartzea bezala, galdu egiten zarela eta bat-batean daude sotiltasun mordoa.

Kolore nagusi bakarra erabiltzea da zure lanaren ohiko ezaugarrietako bat. Kasu honetan horia aukeratu duzu.

Hori tonalitate ezberdinak, baina bai, arrautza kolorea, hori fosforitoa ere bai, modu sotilean. Erakusketa honetarako gardentasunak erabili ditut, nahiz eta kolorea beti sartzen dudan nire lanean, ez dakit pinturatik natorrelako den ala kolorea tentsionatzeko elementu bat bezala erabiltzea ere gustatzen zaidalako. Normalean koloreren bat erabiltzen dudanean materialarena berarena izaten da. Aurreko erakusketan, esaterako, laranja izan zen nagusi.

Castoriadis filosogo greko-frantsesaren 'legein/teukhein' ideiatik abiatzen omen zara. Zertan datza?

Kontzeptua da "pentsatu egiten dudan bitartean eta egin pentsatzen dudan bitartean". Egiten dudanaren prozesuaren ariketa kontziente batean eta objektuen arteko eta erlazioaren ariketa batean mantentzea. Metodologia bat bezala planteatu nuen lan egiterako orduan.

Nola ikusi behar da erakusketa? Badu orden zehatzik ala libre uzten duzu bisitaria?

Egia esan ez. Sartu eta berehala ikusten da dena, kolpe batez. Aretoak badu paretak jartzeko eta espazio ezberdinak sortzeko aukera, baina nik erabaki dut espazio diafano bat sortzea. Beraz, lehenengo ikusten duzuna da lona erraldoi bat aretoa aldez alde gurutzatzen duena eta bai aurrera eta bai atzera nahasten dira piezak beraien artean erlazionatzen direnak, bai mantxak edo tolesdurak direla. Hiru zutabe ditu, nik bi gehitu ditut eta elementuekin erlazionatzen hasten da. Sartu eta hor duzu guztia, gordin-gordin. Oso erraz dago, guztia dagoelako erlazionatuta. Gehienbat sentitzeko da erakusketa, bertan galtzeko.

Okela Sormen Lantegiko sortzailea ere bazara. Komisario lanak egiten dituzu bertan

Programa itxia dugu eta saiatzen gara artisten elkargune modukoa sortzen. Euskal Herrian lanean diharduten artistekin lan egitea interesatzen zitzaigun, espazio euskaldun bat izatea. Belaunaldi artekotasuna eta artisten arteko transmisioa sortzea eta hiru hilabetean behin erakusketak eta berbaldiak antolatzen ditugu, artistekin etxe giroan beraien lanez, planteamenduez solasteko tartea hartuz. Nire lan pertsonalerako iturririk onena da, esperien-tzia horiek guztiak elkarbanatzea.

Baduzu proiekturik esku artean?

Orain proiektu berri batekin nabil, komisariala dena, estudioko kideekin batera nabilena sortzen Artiatx eraikinean. Uztailean izan genuen espazioaren irekiera eta azaroan izango dugu gure hurrengo erakusketa, Abel Paul dator. Artistaren denborak errespetatuz, lan prozesua izaten da proiektua gidatzen duena€ Instituzioek izaten dituzten denbora eta programazio estrukturetatik kanpo mugitzen den espazio berri bat da.