Mapa eta iparorratza dira, seguru asko, bidaiaren esanahia gehien biltzen duten ikurrak. Gaur egun, aurreko bi elementuak smartphoneko GPSarengatik ordezkatuak izan badira ere, askorentzat paper gaineko marrek eta burugogor iparraldea non dagoen adierazten duten geziek oraindik ere bidaia bat dakarkigute burura. Bai bata eta bai bestea, esploratzaile handien garaitik XXI. mendeko “ikusi eta alde” turisten garaira iritsi diren tresnak dira. Jakin badakigu, hala ere, mapak erabilgarriak izan daitezen, eguneratuta egon behar direla. Galdetu bestela Kristobal Koloni. Iparrorratza aldiz, beti dago prest bere lana egiteko, beti tinko bere norantza zuzen-zuzen adierazten. Bada, iparraldea eta hegoaldea, hain garbi diruditen kontzeptuak, nahasi egiten dira mapak eta iparrorratzak elkarlanean jartzen direnean.

Italiara etorri gara oraingoan, artez, eraikin ikusgarriez, jaki goxoez eta auto gidarien klaxon eta vafanculo oihuez beteriko herrialde luzexkara. Iparraldera etorri gara, edo hala uste genuen behintzat. Trentino probintzian lehen mendi garaiak ikusi eta aurrea joaz Italiako ipar mugaruntz, bat-batean hegoaldera iritsi gara, zehazki Südtirolera, Hego Tirolera alegia. Hegoaldea iparraldean egote hau, aurrez esan bezala, iparroratzen eta mapen arteko gazki uler-tzeen ondorioa da, izan ere iparroratzek lurraren eremu magnetikoari egiten diote men (naturaren menpe, beraz nahiko egonkorra) eta mapek aldiz historiari edo geopolitikari (gizakiaren esku, hortaz ezegonkorrak guztiz).

HEGO TIROLEN BARRENA

Hego Tirolen historiaren laburpen ez zehatza hauxe litzateke: XII. mendeaz geroztik Tirol eskualde historiko bat izan zen, eta lehen mundu gerran Italiak eskualdearen hegoaldea poltsikoratu zuen. Gerora ikusi dugu lurraldea bereganatu zuela, bai, baina gizartea aldiz ez dagoela horren argi. Aspaldiko partez Benjaminekin elkartu gara, bertako lagun bat. Mendizaletasuna dugu amankomunean, eta baita ama hizkuntza, identitatea eta pasaportearen arteko kontraesanak. Berlindar batzuekin berriketa alaiean zegoela ezagutu genuen. Italiarra zela azaldu zigun, baina bere ama hizkuntza alemaniera zela, Hego Tiroleko biztanle gehienen modura. Segituan ohartu ginen erraz ulertuko genuela elkar, ohituak baikinen “Nongoa zara?” galderari azalpen-erantzun luze bat ematera eta, ze erremedio.

Azken urteetako norberaren gora beherez egunean jartzeko, etxetik gertu duen Dolomitetako hamaika harribitxietako batera joan gara, Villnöß edo Funes-eko bailarara. Geisler mendikateko harrizko orra-tzak miresten ari garela, Reinnol Messner handia bere gaztaroan bertan zaildu zela ikasi dugu, bertakoa baita. Ein batean ulertu dezakegu nola lortu zuen oxigenorik gabe Everestera igotzea, aurrean dugun edertasunari begira arnasarik gabe geratu baikara gu. Larreak, pinudiak eta harritzarrak, eskurturgile baten konposizio orekatuan, han-hemenka egurrezko etxe, eliza eta mendi-aterpez hornitua.

Goi mailako jatetxe asko baino politagoa den mendi aterpe batean hartu dugu atsedena, garagardo bat edateko aitzakiarekin. Benjaminen lagun bat batu zaigu eta gure harridurarako, italieraz trakets xamar molda-tzen da. Hortaz galdetuta, sinpleki azaldu digu - “Italiera? ez dut apenas erabiltzen. Nire aitona jaio zen etxe berdinean bizi naiz. Bera austriarra zen, gu aldiz italiarrak omen gara.”-

HARANA ERE BAI

Hurrengo egunerako Benjaminek ekintza desberdin bat du pentsatua. - “Dena ez da mendia Dolomitetan, haranetan ere badago zer ikusi”- esan digu. Trenean gure bizikletak igo eta Brenner-en jeitsi gara, Hego Tirol eta Austriaren arteko mugan. Alpeetako ibilgailu pasabide garrantzitsuenetako bat den puntu honetatik, pedalak soilik oreka mantentzeko eraginez abiatu gara bailaran behera. Trenaren ibilbide zaharra bidegorri bilakatuta, Eisack errekaren laguntzaz eta behiren bat edo besteren konpainiaz mila urtetik gora dituen Sterzing herrira iritsi gara. Indarberritzeko brezel bat jaten ari garela, txundituta utzi gaituen kuoten sistema bat aipatu du gure lagunak. Bost urte inguruan behin egiten den biztanleriaren erroldan, hego tiroldarrak euren etnia zein den adierazi behar dute, alemaniarra, italiarra, ladinoa ala besteren bat. Lortutako datuen arabera ezar-tzen da lanpostu publikoetan etnia bakoitzari dagozkion postu kopurua.

Dolomitetako paisai eder honen atzean dagoen gizarte saltsa pixka bat ezagutzeaz pozik, Benjamineri agur esateko garaia iritsi zaigu. Joan aurretik alemanieraz hitz batzuk irakasteko eskatu diogu, Cortina d’Ampezzo-rantz goaz eta bertan lehen hitza euren hizkuntzan egitea da gure asmoa. - “Inguru hori ez da alemaniarra, Ladinoa baizik”- azaldu digu. Eskuartean dudan mapa zakarrontzira botatzearen keinua egin eta barrez hasi gara. Beste behin garbi geratu zaigu mundua mapek erakusten dutena baina ani-tzagoa eta aberatsagoa dela.