'Suzko irudiak', Nagore Legarretak lehen argazki erakusketa birtuala

Hernaniko Udalaren Youtube kontuan dago ikusgai erakusketa

28.06.2020 | 14:03
Pospolo-kaxa batekin atera zituen argazkiak Legarretak

"Abesti bat izango balira bezala", suaren irudiak erritmo bat transmititzen dute. Irudi guztiak daude desenfokatuta, eta batera daudenean erakusketa koloretsu eta bizi bat sortzen dute. Nagore Legarreta argazkilariak bere proiektuetako bat modu birtualean aurkezten duen lehen aldia da eta Suzko irudiak lanarekin egingo du. Ikusgai dago jada Hernaniko Udalaren Youtube kontuan. Indian egindako proiektua da, 2013 eta 2017 urteen artean eta modu dibertigarrian edota jolas bezala proposatutakoa dela kontatu du. "Erakusketa horretan ikus daitezke Indiara egin nituen hainbat bidaiatan esperimentazio prozesu baten ondorioz atera ziren irudiak", azaldu du Legarretak.

Proiektu biziren bat egiten duen bakoitzean, aldi berean, haizea hartzea uzten dion beste batean lan egiten duela kontatu du argazkilariak. Eta, hain zuzen, hala jaio zen Suzko irudiak: "Lan hau beste proiektu batean murgilduta nengoen bitartean egin nuen, biak aldi berean. Beste proiektuan sentsazio pertsonalak, emakumeen gorputzak... erakutsi nahi nituen, hau da, lan sakonago bat izan zen, oso potentea. Eta horrelakoetan ari naizenean, apur bat arinagoa den beste proiekturen batean sartzen naiz, pixka bat jolastu ahal izateko". Dena den, ez zuen espero proiektu hau horren txalotua bihurtzea.

Indiara lau urtez egindako joan etorrietan sortu du proiektu honetarako materiala Legarretak. Berez, argazki-bidaiak izan ziren; jendea bertara eramaten zuten argazkiak ateratzera eta bidaia horiek aprobetxatu zituen bere "jolasa" egiteko. Indiara egindako lehen bidaia horretatik, leku hartako giroaz maitemindu zela aitortu du argazkilariak. Ganges ibaiaren inguruan zegoen giroa ez ezik, bertan bizi diren egoera surrealistekin ere liluratuta gelditu zen. Emozio horiek ez zituen argazkietan transmititu nahi izan, ez zen hori bere helburua behintzat, baina bizi zuen magiarekin islatu ditu guztiak: "Argazki hauek atera nituenean, jolas oso sinple bezala planteatu nuen. Ez nuen pentsatzen erakusketa bihurtuko zenik. Bestalde, badirudi arteak beti izan behar duela nolabaiteko oinarria, baina egia esan nire buruari egindako jolas bat bezala hartu nuen". Joko horretatik, magiaz beteriko 35 irudi inguru atera dira.

Joko batetik abiatuz

"Oso erakusketa berezia da, sortutako arazo bat abantaila bihurtu nuelako, eta horretan datza argazkietan sortutako magia". Izan ere, prozesu honen berezitasuna da argazki kamera pospolo-kaxa batekin eraiki zuela: "Ordura arte ni asko ibiltzen nintzen kamera ilunarekin edo argazkilaritzan oinarrizko teknika primitibo horiekin, baina pixka bat aparatosoa zen eta aldi bakoitzean papera aldatu behar nion. Indiara joateko zerbait dinamikoagoa eta praktikoagoa nahi nuen eta interneten topatu nuen aukera ezberdin bat: pospolo-kaxarekin eta negatiboekin argazkiak ateratzea. Horrek lana arindu zuen.

Horrez gain, koloreko karreteak erabili nitzakeen eta pospolo-kaxa hau eraikita abiatu nintzen Indiara", azaldu du. Hala ere, bertan arazo batekin egin zuen topo; kutxari zulo txiki bat egin behar zitzaion eta Legarretak handiegia egin zion. "Zulo txikia egiten zaio zulotik argazkia ondo enfokatzeko baina nik oso handia egin nionez, atera ziren irudiak nahiko desenfokatuta zeuden. Hortaz, irudiak errebelatu nituenean topatu nintzen nahiko irudi bitxiekin. Baina, aldi berean, magia zutela ikusi nuen, koloreengatik, intentsitateagatik...".

Istorio bereziak

Argazki horietatik bi dira berarentzat politenak edo berezienak direnak. Lehenengoan, silueta bat ikusten da eta bertan agertzen denak flotadore bat darama soinean. Eta argazki berezi horren atzean bere istorioa: "Gangesen bazegoen boluntario bat, bertakoei igeri egiten irakasten ziena itota hil ez zitezen. Bertan bazegoen beste lagun bat horrelako silueta biribila zuena, eta pertsonaia hori oso berezia iruditu zitzaidan", gogoratzen du. Bigarrenean, aldiz, animalia bi ageri dira nahiko desenfokatuta eta ikusle askok bonba baten ondorengo lehen segunduak bezala interpretatu dute irudi hori; "batzuetan komentatu didate bonba atomiko bat lehertu eta ondorengo segundu horien tentsioa transmititzen duela", aitortu du.

Azken finean, kolorez betetako 35 irudi dira, elkarrekin abesti bat edota musika osatzen dutenak. Bere hitzetan, suzko irudiak dira: "Egindako argazki bakoitzari testu bat bilatzen diot beti. Kasu honetan lagun batek deitu zidan esanez gustatzen zitzaiola egindako lana eta suzko irudiak zirela beretzat. Izen hori asko gustatu zitzaidan eta horrekin geratu zen".