Musika

Iparragirreren kantutegia, gutunez gutun

Jose Mari Iparragirre jaio zenetik 200urte igaro direnean bere ondarea berreskuratzeko ariketa artistikoa aurkeztuko dute Loraldian. Biografia arruntetik urrun, proposamen eszeniko eta musikal berezia da Fernando Bernuesek zuzenduriko ‘Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari’

10.03.2020 | 13:02
Martxoaren 11n izango da estreinaldia Loraldia Festibalaren egitarauaren baitan, Bilboko Arriaga Antzokian.

Jose Mari Iparragirre jaio zenetik 200urte igaro direnean bere ondarea berreskuratzeko ariketa artistikoa aurkeztuko dute Loraldian. Biografia arruntetik urrun, proposamen eszeniko eta musikal berezia da Fernando Bernuesek zuzenduriko ‘Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari’

Tanttaka Teatroak, Demode Quartetek eta Loraldia Festibalak elkarrekin ekoitzitako kontzertu eszenikoa da Iparragirre. Biho-tzeko Jose Mari. Duela 200 urte jaiotako urretxuarraren bizitza gaur egunera dakar, gutunak eta bere kantuen moldaerak uztartuz. Ez da ohiko biografia bat, "errealitatean oinarritutako fikziozko hurbilketa" baizik, Fernando Bernues zuzendariaren esanetan. Iparragirreren errepertorioa eta bizitza eguneratu asmo izan dute, perspektiba garaikidetik.

Bere bizitzan garrantzitsu izandako emakumeen ahotsak erabiliko dituzte horretarako. Sei emakumek fikziozko eskutitz bana irakurriko diote itzalpean egongo den bardoari. Hiru aktore txandakatuko dira paper hori betetzeko: Ainara Ortega, Ane Gabarain eta Joli Pascualena. Azken honen lana dira Iparragirreren kantuen egokitzapenak, Angel Unzuk gitarrarekin interpretatuko dituenak.

Gutunak asmatutakoak dira, baina benetako gertakarietan oinarritutakoak. Zuzendariaren intentzioa ez da errepresentazio historizista bat osatzea izan, Iparragirreren ondarea berreskuratu eta garaira hurbiltzea baizik. Urretxuko bardoaren kantak moldaera berrietan entzuteko aukera emango digu, testuekin eta gitarrarekin lagunduta. Fikziozko eskutitzak Iñigo Legorburuk, Arantxa Iturbek eta Aizpea Goenagak idatzi dituzte, Iparragirreren bizitzan marka utzitako sei emakumeren izenean.

USTEKABEAN LORATUTAKO IDEIA

"Kasualitatez" sortu zen Iparragirreren kantutegia era honetan aurkezteko ideia. Imanol Agirrek, Loraldia Festibaleko zuzendariak, orain urtebete adierazi zion Fernando Bernuesi Iparragirreren inguruan zerbait egiteko asmoa. Formatua finkatu gabe, ideiari buelta pare bat ematen hasi ziren. Orduan, egunkarian Iñigo Legorburuk Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketan aurkeztutako lan bat irakurri zuten. Asmatutako gutuna zen, Iparragirreren emazte izandako Anjelita Kerejetak Uruguaitik bidalitakoa, bertan 9 seme-alabarekin abandonatu eta gero.

Hari horri tiraka, Iparragirreren bizitza eta kantutegia bere bizitzan garrantzitsu izandako emakumeen ahotsetik aurkeztea otu zitzaion Bernuesi. Eskutitzen ideia gustatu zitzaion, eta segituan eskatu zien Legorburu, Iturbe eta Goenagari gutun bina idazteko.

KOLORE ANITZEKO OBRA

Gutunez gutun Iparragirreren kantuak entzuteko aukera izango dugu. Joli Pascualenak hamar bat abesti hartu eta estilo desberdinetara ekarri ditu: blues, pop, reggaeton, tango, ska? "Kolore ezberdinak aterako dira, bai testuekin eta baita musikarekin ere", aurreratu digu. Bertsio "ludiko" eta "biziak" direla gaineratu du zuzendariak, publikoa "zur eta lur" utziko dutela.

Eszenografia, aldiz, "minimalista" izango da: hiru aktore ariko dira taula gainean eta gitarra-jotzailea itzalean, Iparragirrerena egiten. Aktoreak sei emakumeren azaletan jarriko dira: Iparragirreren ama, izeko, Anjelita, Anjelitaren alaba bat, Manuela, Iparragirrerekin seme bat izandako Sofie... Obraren tonu dramatikoa aldatuz joango da eskutitza nork eta nondik irakurtzen duen kontuan izanda. Bernues zuzendariak esan bezala, "gutunek abaniko zabala aurkeztuko digute".

Emaitzarekin "oso pozik" agertu da Pascualena. "Oso gutun eta abesti politak geratu zaizkigu", aitortu du. Erraz entzuten den obra dela aurreratu du, eta publikoa gehiago ikusteko gogoz geratuko dela. "Omenaldi polita da, oso aproposa, gainera, jaio zenetik 200 urte igaroko direlako aurten".

ELKARLANA, GAKOA

Esan bezala, Tanttaka Teatroak, Demode Quartetek eta Loraldiak elkarrekin aurrera ateratako proiektua da. Aurretik elkarrekin lan egin gabekoak ziren hiru taldeok, baina elkar ezagutzen zuten, beste ikuskizun batzuk zirela medio. "Loraldiari gutunen ideia proposatu nionean ondo iruditu zitzaion, Demode Quarteti ere bai; eta, lan handiaren ostean laster zerbitzatuko dugu platera", dio Bernuesek.

Hala ere, oraindik lan handia dute aurretik. Azken hilabeteotan zenbait entsegu egin dituzte, bananduta eta talde osoarekin; datozen bi asteotan, aldiz, "etengabe" arituko dira dena "prest eta distiratsu" uzteko. Martxoaren 11n izango da estreinaldia, Bilboko Arriaga An-tzokian. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da saioa. Aurreko egunean Urretxun, Iparragirreren jaioterrian, ikusteko aukera izango da. Ez hori bakarrik, herrian Loraldi Txikia antolatuko dute, haur eta gazteentzako jardunaldi berezia.

Estreinaldiaren ostean bira hasteko gogotsu dago lantaldea. Data ba-tzuk erreserbatuta dituzte, baina ez dute ezer jakitera eman oraindik, banaketa itxi gabe baitute. Behin obra aurkeztuta,espektakuluaren tonua hartuko dela uste du Bernuesek, eta antzokietan eta herrietan zabaltzea espero du.