Iker Lauroba, musikaria

“Musika konposatzeko garai aproposa da negua”

Abeslari eta konpositore donostiarrak urtaroei eskainitako bere bigarren diskoa argitaratu du: ‘Negua’. Aurkezpen kontzertua egingo du gaur Dokan, bere taldearekin batera, 20:00etatik aurrera.

11.02.2020 | 11:04
Iker Lauroba

ESKU artean du Iker Laurobak (Donostia, 1975) bere bakarkako laugarren lana: Negua, urtaroei eskainitako sortako bigarrena. Bere etxeko estudioan idatzi, ekoiztu eta grabatu du diskoa Lauroba taldeko abeslari ohiak, "kantuei eskatzen zuten denbora eskainiz". Kantuak egin, desegin eta berregin, musika maite duen artista baten mimoarekin ondu du bere lan berria. Laurobak seikotea osatu du diskoa zuzenekoetan defendatzeko eta haren ondoan izango ditu Leire Letu, Urbil Artola, Olaia Inziarte, Maria Soriazu eta Andoni Etxebeste.

'Udazkena'-ren ostean iritsi da 'Negua'. Disko bat, urtaro bakoitzarentzat?
Ezustean hasi zen proiektu hau. Aurreko diskoari izena eman behar zion kontzeptu baten bila ari nintzela, Jon Garmendia Txuriyak eskuz idatzitako poema batean ikusi nuen "2018ko udazkena" sinadura. Oso kontzeptu ederra iruditu zitzaidan, eta, gainera, ohartu nintzen diskoko 11 kantuetatik hamar udazkenean konposatu nituela. Abesti guztiek bazuten zerbait amankomunean, udazken kolore hori, akaso. Egur asko, etxeko piano eta gitarra akustikoekin grabatutako kantuak. Udazkenaren kontzeptuan bildu nuen disko hura, hori zen hasierako asmo bakarra. Gerora pentsatu nuen: "Vivaldik egin bazuen, zergatik ez dut nik ere egingo?". Hau da, urtaro bakoitzari disko bat eskaini, eta nire musika aldi bakoitzaren berezitasunekin busti. Horrela iritsi da Negua.

Nolakoa da ba, neguko musika?
Letra aldetik aurreko diskoa baino ilunagoa da, baina goxoa aldi berean. Musikari dagokionez, etxeko sutondoan sofan etzanda entzutekoa dela esango nuke. Aurrekoak baino instrumentu hotzagoak ere baditu, sintetizadoreak eta piano elektronikoagoak. Reverb-a erabili dut, eta horrek sakontasun gehiago eman die kantei. Detaile txikiekin baldin bada ere, diskoa entzun eta neguko sentsazioak sortzen ahalegindu naiz abestiekin. Noski, kontuan edukita, pertsona bakoitzarentzat oso ezberdina izan daitekeela neguaren pertzepzioa.

Zuk gogoko al duzu negua?
Ez naiz oso hotz zalea, baina gustuko dut urtaro hau. Etxean musika konposatzeko garai aproposa dela iruditzen zait. Badu goxotasun hori: estudioan sartu eta arratsalde osoa pasa dezakezu musika sortzen. Udan, adibidez, zailagoa da lau pareten artean ordu luzeak igarotzea.

Izan ere, zure etxeko ganbaran grabatu duzu diskoa.
Lasaitasunez sortu eta grabatu dut Negua, etxean. Gauzak patxadaz hartu ahal izatea ahalbidetu dit horrek, konposatutako abesti bakoitzari behar zuen denbora eskainiz. Saiatu-huts egin metodoa erabiltzeko atrebentzia izan dezakezu, abestiak egin, desegin eta berriz egiteko. Estudio batean zailagoa da hori: denboraz estu zabiltza eta abestien eskeletoa aurretiaz pentsatua izan behar duzu maiz. Oso pixkana joan naiz diskoa egiten, epe finkorik gabe, eta ia urte bateko prozesua izan da, azkenean. Diskoa kaleratu aurreko azken pausu eta erabakietara askoz ere freskoagoa iristea ahalbidetu dit etxeko lasaitasunak, bai belarriz eta baita buruz ere. Erabaki zuzenagoak hartzen dira burua bare duzunean.

Azken bertsioa borobilagoa da horrela?
Ez dakit borobilagoa den edo ez. Musikarekin oso gauza kuriosoa gertatzen da maiz: sortzen duzun abesti bakoitza egin duzun abestirik ederrena dela uste duzu hasieran. Askotan tartetxo bat utzi behar zaio kantuari, hura egin, entzun, grabatu eta esateko: "Benetan merezi al du abesti honek?". Zenbait abestirekin gertatu zait, horiek sortu, diskorako zirela sinetsita egon eta grabatzen hasterakoan konturatzea ezetz. Pentsa, nik abestiak piano edota gitarra soilarekin sortzen ditut normalean, eta, hortaz, abestiak musika-geruzaz betetzerakoan ezustekoz beteriko bidea hasten dut. Buruan irudikatu ditzakezu, baina osorik grabatzen dituzun arte ez dakizu zein izango den azken emaitza. Azken emaitza hori ez baduzu gogoko, bi aukera dituzu: behin betiko baztertu edo berriz hasi.

Etxeko estudioan grabatu duzu lana, baina ohi bezala, kolaboratzaile asko izan dituzu diskoan.
Disko hau nire etxean idatzi, ekoiztu eta grabatu dudan arren, kantuetako instrumentu guztiak ez ditut nik jotzen. Bateriak Drumgroove estudioan grabatu ditu Josu Erbitik, eta sokak Xabier Zeberiok grabatu ditu Solana estudioan. Polita da gure arteko elkarlana, elkarrekin egon gabe, diskoa online grabatzeko kapazak baikara. Ganbaran ahotsak, pianoak eta gitarrak grabatzen ditut nik, eta diskoan azaltzen diren beste ahotsak eta instrumentuak nire etxeko estudiotik joan dira pasatzen. Garai batean asko obsesionatzen nintzen estudio profesionaleko puntako gailuekin grabatzeko beharrarekin, baina gaur egun ohartu naiz garrantzitsuagoa dela abestiak ondo interpretatzea eta konponketa ederrekin asmatzea.

Abestiak zugandik hasten dira, baina zuzenekoetara badoaz musikariak batzen.
Egunetik egunera handitzen doa gure banda eta dagoeneko sei pertsona gara. Leire Letu eta biok urte asko daramatzagu elkarrekin abesten. Urbil Artola eta Olaia Inziarte ere duela urte pasatxo batu zitzaizkigun gitarra eta pianoan. Kontzertuetan, ordea, oinarri erritmikoago bat faltan bota dugu orain arte, eta diskoa argitaratzearekin batera Maria Soriazu eta Andoni Etxebeste batu zaizkigu baxuan eta baterian. Zorte handia izan dut, egia esan, musikari handiak baitira denak. Abestiek beste dimentsio bat hartzen dute zuzenekoetan: berdinak diren arren, musikari ezberdinen belarri eta eskuetatik pasa ondoren, kolore desberdina hartzen dute. Diskoko abestien berrinterpretatzeak izaten dira kontzertuak.

Zein musika estilotan kokatzen da Iker Lauroba?
Ez da erraza norberak bere musika etiketatzea. Batzuek esaten dute pop-a dela, akaso. Nik ez nuke pop-a esango, bai ordea folk-a. Ez euskal folk tipikoa, baina bai euskaraz abestutako folk musika. Zure ibilbidean zehar aurkitzen dituzun musikariek eragin handia dute zugan eta sortzen duzun musikan. Elkartu garen bandarekin oso eroso gaude folkaren bide horretan, baina ez dakigu non bukatuko dugun. Oso musikazalea naiz, estilo guztietan. Ez dut esango Udaberria diskoa nondik doan, dagoeneko haren sorkuntza lanetan ari bainaiz, baina ez dut baztertzen Uda diskoa bossa nova estilokoa izatea.

Banda bat duzu kontzertuetarako, baina gainontzeko guztirako 'bakarlaria' zara.
Bakarlariaren figura hor dago, bai, eta dezente gogorra da. Ni, berez, musikari amateurra naiz, nire ogibidea ez baita musika. Nire auto exijentzia, baina, profesionala da, eta oso zaila da dena zure kargu hartzea. Ekonomikoki zuk sostengatzen duzu guztia, eta lan eta apustu handia dago horren atzean. Kontuan hartu egun oso zaila dela diskoak saltzea edo kontzertuak lortzea, eta hori dena egin behar duzu.

Gainera, ardura ez da zure buruarekiko bakarrik. Nire ondoan musikari oso onak ditut, eta nirekin jotzen dutenean behintzat, haien arduradun ere sentitzen naiz. Horregatik, taldeko musikariei era duin batean baloratzeko adina izan behar dute lortzen ditudan kontzertuek. Ez bakarrik ekonomikoki, baita lekuaren baldintza aldetik ere. Sorbaldan daramazun motxila da bakarlariarena, eta beti duzu gainean. Gauzak ondo doazenean zorionekoa da motxila hori gainean izatea, arina izaten baita, baina saiatzen zarenean eta lortzen ez duzunean, diskoak saldu ez eta kontzertuak lortzen ez dituzunean, gastuak zure poltsikotik jarri behar dituzunean, orduan zailagoa izaten da.

Zailtasunei aurre egiteko bide bat ireki zenuen aurreko diskoarekin: etxeko kontzertuak.
Udazkena diskoaren aurkezpen bira prestatzen ari nintzela, inoiz baino zailagoa egin zitzaidan kontzertu sorta lortzea, txikia bazen ere. Leku askotara idatzi eta erantzunik ez. Orduan Holandan egon nintzenekoa oroitu nuen: hiru-lau kontzertu eskaini nituen han eta horietako bat etxe batean izan zen. Holandan ohikoak dira halako proposamenak. Pentsatu nuen: "Han egin banuen, zergatik ez dut proposamen hori hona ekarriko?". Jendea etxera gonbidatu eta kontzertua eskaini, mikrofonorik gabe, gitarra entxufatu gabe€ Entsegu bat bezala, baina jendearekin. Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Kontzertu bakoitzeko 15-20 pertsona biltzen ginen, eta zuzeneko bakoitza ezberdina eta berezia izan zen. Asmoa dut oraingoan ere halako zerbait egiteko. Oso gertuko zerbait da.

Proiektu pertsonalaz aparte, mila saltsatan sartuta zaude.
Izarorekin gitarrista ari naiz, eta egia esan, zoragarria da. Kontzertu horietan profesionala naizela sentitzen dut, oso baldintza onetan egiten baitugu lan. Inoiz pentsatuko ez nukeen lekuetan jotzen ari gara: Kursaal, Euskalduna, Mexiko€ Asko ikasi dut Izarorengandik gauzak kudeatzerako orduan, baina batez ere, parte humanoan. Bestetik, Ainhoa Larrañagarekin kontrabaxua jotzen ari naiz. Nirearekin batera, bere diskoa ere aurkeztuko dugu gaur Donostiko Dokan.