Bigarren poema liburua du Andrezaharraren manifestua Mari Luz Estebanek (Pedrosa de Valdeporres, 1959). Amaren heriotzak libreago egin ninduen (2013) izenpean argitaratu zuen aurrenekoa. Horietaz gain, beste hainbat liburu, monografiko eta artikulu idatzi ditu aldizkari eta argitaletxe espezializatuetan. Horien artean ditugu Antropología del cuerpo. Género, itinerarios corporales, identidad y cambio (Edicions Bellaterra, 2004) eta Crítica del Pensamiento Amoroso (Edicions Bellaterra, 2011). Gaur egun gizarte antropologia eskolak ematen ditu Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikertzailea ere bada, genero, osasun, gorputz eta emozioen arloan. Aipatzekoa da Estebanek ibilbide luzea egina duela Euskal Herriko mugimendu feministan.

Non dago ‘Andrezaharraren manifestua’ liburuaren sorburua?

Nire kezka pertsonal, sozial eta politikoetan. Zahartzen ari naiz eta, logikoa denez, gogoeta egiten ari naiz horren inguruan. Nire lan eta parte-hartze sozialagatikinguruan gazte asko ditut, baina nire ezagun eta lagun asko zaharrak dira eta beraiei begira ere banago. Bizi-itxaropena luzatu egin da eta gaur egungo zaharren esperientziak ez dira derrigorrez lehen zirenak, aldatuz doaz; errealitate berriak sortzen ari dira, eta hori are nabariagoa da emakumeen artean, nire ustez.

Beste alde batetik, feminismoaren eragina ere hor dago, gure jarrera eta erabakietan. Horren guztiaren ondorioz, emakume zahar askoren errealitateek gure gizartean zahartzaroaz dauden ideiak eta estereotipoak gainditzen dituzte, arlo askotan: familia eta adiskidetasuna, elkarbizitza, zaintza, politika, gorputz-irudia, sexualitatea... Baina ez gara hausnartzen ari aldaketa horiek gure bizitzetan eta gizartean oro har izaten ari diren eraginen inguruan, ez nahikoa, behintzat. Duela bi urte mintegi bat antolatu genuen Marienean, Basauriko Emakumeen etxean. Bertan hamahiru emakume bildu ginen eta feminismoa eta zahartzearen gaia landu genuen, gure kezketatik eta eskarmentutik. Oso interesgarria izan zen prozesua, eta zerbait idaztea erabaki nuen.

Zahartzaroaz hitz egiteak beti deserosotasun bat sortzen duela esan izan duzu.

Gure testuinguruan dauden bi joeraren ondorio litzateke hori: batetik, gaztetasunaren gurtzearena, eremu askotan ikusten dena; adibidez, gorputz-irudiari eta estetikari dagokionez; eta, bestetik, heriotza bizitzen dugun moduaren ondorioa ere bada; heriotzari bizkarra emanez bizi gara; beste kultura batzuetan, askoz barneratuagoa dute heriotza bizitzan edota adineko pertsonek leku gehiago dute prozesu sozialetan. Gurean hori pixka bat aldatu da azken urteetan, pentsiodunen aldarrikapenek kaleak hartu dituztenetik.

Gainera, bi joera nabarmentzen dira zahar-tzaroaren inguruan hitz egitean: edo jarrera baikorregia, zahar aktibo eta zoriontsu izatearen obligazioa, komunikabideetan eta publizitatean nagusia izan ohi dena; edo erabat ezkorra: gaixotasuna, minak, endekapena? besterik ez. Nire liburuan muturreko joera bi horiek saihestu nahi izan ditut, eta emakume zaharrak egiten ari diren ekarpenak ere azaleratu nahi izan ditut. Horretarako andrezaharraren figura sortu dut, zeina emakume zahar askoren fusioa izango litzatekeen. Andrezaharra, maila batean behintzat, bizitza “berrasma-tzen” ari da, idealizazioetan erori gabe eta kontraesanak ere badaudela jakitun. Horretaz hitz egin behar dugu, hori ikusarazi behar da.

Eta horri denari poesia formatua eman diozu.

Bai. Poesiak aukera gehiago ematen zizkidan figura anizkoitz eta “mutante” horretaz idazteko, Andrezaharra, eta horren inguruan arreta deitzeko. Esate baterako, poesia idazteko eta irakurtzeko, arnasa beste era batera hartu behar duzu eta hori ezin baliagarriagoa da, nire ustez, ikusgai ez dagoen fenomeno edo aspektu bati buruz hitz egiteko.

Poesiaren funtzioa hiztegia berridaztea dela aipatzen duzu liburuan, deserosotasuna erein, harridura elikatu... Poesiaren aldarria da?

Poesiaren aldarria baino, andrezahartasunaren aldarria, poesia bidez.

Zahartzaroaren gaia bai, baina feminismoaren ardatza galdu gabe ari zara liburuan. Zentzu horretan hutsune bat ikusten duzu?

Bai. Gure gizartean dagoen zahartzaroaren kulturarekin bat dator hori. Feministok ez gaude horretatik libre. Gaur egungo mugimendu feministaren ezaugarri esanguratsu bat adinartekoa, belaunaldiartekoa izatea da. Gazteak badaude eta hori oso pozgarria da, baina gero eta feminista zahar gehiago daude eta ematen du horrek ez duela inporta. Zer ekarpen egin diezaiokete (egiten ari dira) feminista zaharrek lehengo edo gaur egungo teoria eta politika feministari? Horretaz pentsatu beharko genuke.

‘Neskazaharra’ edo ‘birrotxa’ hitzak berreskuratu dituzu lehenengo atalean. Urteetan, jendartean konnotazio negatiboa izan dutela esan daiteke. Eurekiko zor kitatze bat da liburua?

Gaur egun gutxitan erabiltzen diren hitzak dira, baina hitz horien atzetik dagoen konnotazio negatiboa ez dago ezabatuta. Familia guztietan zeuden neskazaharrak, baina ez dugu emakume horien historiarik: zergatik ez ziren ezkondu? Hor arrazoi asko egon dira: batzuek ez zuten inor aproposik topatu edo une batean mutil-laguna galdu zuten; edo behartuta egon ziren etxean gelditzera familiakoak zaintzera; edo, beste barik, nahiago izan zuten beste era batera bizi (ahizpa edo lagun batekin, gurasoekin?); edo emakumeak gogoko zituzten eta garai hartan ezin zen publiko egin? Gaur egun ere emakume askok, batez ere adin batean, ez dute bikoterik, bakarrik edo lagunekin bizi dira? baina ez dugu esperientzia hori lotzen aurrekoarekin.

Zor kitatze bat dugu neskazaharrekin, bai, baina horrez gain, beraien esperientziek maitasunaz, harremanez eta elkarbizitzaz gogoeta zabaltzeko aukera ere ematen digute.

Bigarren atalean, berriz, gorputzari buruz hitz egiten duzu, etorkizun hurbil baten deskribapena da, aurkikuntza bat? Beharrezkoa izan duzu horrelako ariketa egitea?

Gure gizartean dagoen gaztetasunaren gur-tza konpultsiboak eta estetikaren kanon hertsiak ez digute uzten adinekoen gorputzen zabaltasuna eta aberastasuna antzematen, eta gorputzen eraldaketak gehiegi sinplifikatzen ditugu: dena da mina, dena da arazo, dena da endekapena... Norberaren esperientzian ere eragina du horrek, nola ez, eta aldaketa guztiak modu tragiko batez bizi ohi ditugu. Baina zahartuz zoazen heinean, mota guztietako aurkikuntzak egiten dituzu edo egin ditzakezu, alderdi fisikoari dagokionez ere bai, baikorrak eta ezkorrak, nire ustez. Pertsona ba-tzuek heltzen edo zahartzen diren heinean presentzia moduko bat hartzen dute, adibidez, lehen ez zeukaten dotorezia bat, duintasun bat, berdin da nolakoak diren edo izan diren patroi estetiko hegemonikotik. Baina horri ez diogu erreparatzen.

Komentatu izan duzu, era berean, zahartzaroan sexualitatearekiko distantzia bat dagoela eta interesgarria iruditzen zaizula. Zergatik dela uste duzu?

Eskarmentuaren ondorio bat da hori, baina baita presio soziala gutxitzearen ondorioa ere. Gaztea zarenean “behartuta” zaude ligatzera, sexu-harremanak edo bikote bat edukitzera; bestela, ematen du ez zaudela ondo, ez zarela normala. Presio hori jaisten da adinarekin eta horrek beste nonbait kokatzen zaitu. Marta Nussbaum-ek idatzi du gaztea idealizazioan eta fantasian murgilduta dagoela eta zaharraren esperientzian beste sakontasun bat dagoela, oroimena, umorea, historia? Argi dago zaharren sexualitatea, adin guztietan bezala, anitza dela, ezin dela orokortu, baina zaharren esperientzian badago sexualitatearen kanona kritikatzeko aukera bat eta hori baliagarria izan daiteke sexualitatearen beste irakurketa bat egiteko.

Heriotzak gai feminista izan beharko lukeela ere badiozu, eta liburuaren bukaeran horri buruzko erreferentzia ere egiten duzu.

Feministok oso ekarpen garrantzitsuak egin ditugu eta egiten ari gara bizitzaren eta zaintzaren inguruan. Bizitzaren hasieraren inguruko gaiak oso presente izan ditugu gure ideietan eta aldarrikapenetan: haurdunaldia, abortua, jaiotza... Zain-tzari dagokionez ere funtsezkoak dira feministok egiten ditugun irakurketak; azken batean, emakumeak dira nagusiki zaintza-lanez arduratzen direnak? Heriotzaren inguruan ere kezkatuta daude emakumeak; adibidez, duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko elkarteetan emakume asko daude parte har-tzen. Bizitza onaren inguruan ekarpen handiak egiten ari gara, baina, heriotzaren eta “hiltze onaren” inguruko teoria feminista osatu bat falta da.

Adiskidetasunaren aldarria ere egiten duzu liburuan. Zergatik?

Proiektu propio bat aurrera eraman nahi duen emakume batek nahitaezkoak ditu adiskideak. Familia ere babesa izan daiteke, jakina, baina oztopo ere bai askotan, batez ere, gizarteak emakumeoi “egin behar duguna” esaten digunaren kontra jotzen dugunean. Argi dago, emakumeok urrunago goazela adiskideak alboan edo atzean baditugu. Zahartzaroan ere bai.

Poema liburuetan ikustera ohituta ez gauden erreferentzia bibliografikoak sartu dituzu liburuan. Nolatan?

Liburuan agertzen diren gaietan pentsatzen jarri naizenean bidaide izan dudan guztien erreferentzia jarri nahi nuen, bai Marieneako mintegian nirekin parte hartu zutenena edo idazketan lagundu didatenena, bai liburu edo testu-egileena ere. Horrez gain, baita aitortza eta esker ona adierazi ere. Saiakera bat idazten duzunean horrela egiten baduzu, zergatik ez egin poesia liburu batean?

Badira aste batzuk lana kaleratu duzunetik. Nolako harrera izaten ari da liburua?

Momentuz, ona. Gaia bera garrantzitsua den seinale, nire ustez. Baina itxaron behar dugu ea irakurleek zer esaten duten, hori baita gainditu beharreko froga nagusia.