Síguenos en redes sociales:

Juan Mari Aizpurua: “Eliza musikak guztia eman dit, eta organoa jotzeak asebetetze sentsazioa eman dit beti”

Juan Mari Aizpuruak omenaldia jasoko du igandean Itziarren, 100 urte bete baditu ere 70 urtetik gora eman dituelako santutegiko organoa jotzen

Juan Mari Aizpurua: “Eliza musikak guztia eman dit, eta organoa jotzeak asebetetze sentsazioa eman dit beti”Debako Udala

100 urte beteta izan arren, Itziarko santutegiko organoa jotzen 70 baino gehiago eman ditu Juan Mari Aizpuruak. Elizako koroan hasi eta bere kasa ikasi zuen instrumentu konplexuenetakoa den organoa jotzen; harrez gero ez du bere jarduna eten. Horregatik, igande honetan omenaldia egingo diote santutegian, Itziarreko Auzo Udalaren eta Debako Udalaren parte hartzearekin.

70 urte organoa jotzen… erraz esaten da. Nola pasa zaizkizu urte hauek guztiak?

Urte asko dira, eta denetatik bizi izan dut. Momentu zail eta gogorrak izan badira ere, askoz gehiago izan dira onak eta disfrutatzekoak. Azkar pasa zaizkit egia esateko, ia inertziaz egin dudalako ibilbide guztia, “obligazioa” hartu nuen momentutik.

Uztea pentsatu al duzu noizbait?

Ez, horregatik jarraitzen dut bere horretan. Hasi nintzenean konpromisoa hartu nuen, eta beharra bailitzan sentitu izan dut Itziarrera organoa jotzera joatea. Oraindik ere gogoratzen dut, uda partean, emazteak esaten zidanean “ni hondartzara noa seme-alabekin, han itxarongo zaitugu, Itziarrera joan behar duzu eta aurretik”. Gero bai, elkartzen ginen denak eta zeozer hartzen genuen txurro-dendan.

Igandean jasoko duzun omenaldiaren ostean, jarraitzeko asmorik baduzu?

Noski. Ahal dudan arte.

"Oraindik ere gogoratzen dut, uda partean, emazteak esaten zidanean “ni hondartzara noa seme-alabekin, han itxarongo zaitugu, Itziarrera joan behar duzu eta aurretik”

Gogoan duzu Itziarko santutegiko organoan eseri zinen lehen aldia? Zer sentitu zenuen?

Denbora asko pasa da. 1938. urtea zen, eta santutegiko organoa aldatu berri zuten. Aurrena afinatu beharra zegoen, eta nik eskolako errekreoak aprobetxatzen nituen teklaz tekla afinatzen laguntzeko. Aurrena bat, gero beste bat... denak afinatu arte. 13 urte inguru nituen, eta langileei teklak afinatzen laguntze hutsarekin asko gozatzen nuen.

Organo hura eta zu batera hasi zinetela esan daiteke.

Halaxe da, bai.

Zer eman dizu eliza musikak?

Eliza musika asko sentitu izan dut beti; gainera, Itziarreko santutegian oso gregoriano abeslari onak izan ditugu. Haiekin batera organoa jotzea ezin deskriba daitekeen sentsazioa da. Momentu horiek barru barruan sentitu nituen. Asebetetze sentsazioarekin joaten naiz etxera organoa jotzen dudan bakoitzean. Bizitza osoan zehar nirekin egon dira organoa eta eliza musika.

Korotik organora

Kantatzetik organoa jotzerako saltoa, bakarrik egin zenuen. Nola oroitzen duzu ikasketa prozesua?

Urte askotan Juanjo izan zen santutegiko organista, eta ni, beti, haren ondoan jartzen nintzen, arretaz begiratzen. Etxean solfeoa ikasi nuen, eta jotzen zituen partiturak irakurri egiten nituen batzuetan. Zehazki prozesua ez dut gogoratzen, baina motela izan zen, nire kabuz landu bainuen ikasketa orain dakidana jakin arte.

Erreleborik ikusten al duzu inguruan?

Ez dut orain arte erreleboari buruz ezer entzun. Itziarrera eta Debara batzuetan Juan Luis Agirre etortzen da, Eibarren organoa jotzen duena. Ezkontzak, hiletak... denetik. Koruko entseguak ere berarekin egiten dituzte, eta beste batzuetan nirekin.

"Musikari ona izanda ere, meza baten liturgia jarraitzeko ahalmena izatea oso garrantzitsua da, apaizarekin ulertzea, baita abestiak noiz hasi eta noiz bukatu jakitea ere"

Omenaldiaren berri nola jakin zenuen? Momentu berezia izango zen, ezta?

Hunkigarria izango da koruak antolatutako omenaldia jasotzea. Bizitza guztia daramat han, zazpi urte nituenetik, eta organoa jotzen, berriz, 70 baino gehiago.

Hasiberri baten azalean jarriz gero, zer esango zenioke?

Bokazioz jarraitzeko organoa jotzen, baina aldez aurretik kontuan hartzeko lotura oso estua dela elizan edo santutegietan jotzea. Urtean zehar askotan behar izaten da organista, eta nekez edukiko ditu beste musikariek adina atseden egun. Gainera, musikari ona izanda ere, meza baten liturgia jarraitzeko ahalmena izatea oso garrantzitsua da, apaizarekin ulertzea, baita abestiak noiz hasi eta noiz bukatu jakitea ere.