Musikagileak Musika Garaikidearen Zirkuituaren XVI. edizioak hamahiru kontzertu eskainiko ditu Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Guztira hogeita hamar estreinaldi inguru izango dira, eta, besteak beste, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Ensemble Sinkrok eta Karin Hellqvist biolinista suediarrak interpretatuko dituzte.

Ekimena astearte honetan aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Esnaola Musikagileakeko zuzendaritza batzordeko kideak, Miren Iñarga Musikeneko zuzendariak, Arkaitz Olea San Telmo Museoko Bitartekaritza arduradunak, Isaac Palencia Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sustapenerako zuzendariak eta Iker Durana Fernández de Retana Musika Bulegoko zuzendariak.

Zikloa joan den irailaren 18an hasi zen Bilbao Orkestra Sinfonikoaren kontzertuarekin, eta martxora arte iraungo du.

Kontzertuak Campos Eliseos Antzokian eta Guggenheim Museoan izango dira, Bilbon; San Telmo Museoan, Musikeneko Auditorioan eta Victoria Eugenia Cluben, Donostian; eta Izaskun Arrue Kultur Etxean, Europa Jauregian eta Jesus Guridi Kontserbatorioan, Gasteizen.

Bertan izango dirabesteak beste, Coro Suhar, Vertixe Sonora, Syntagma Piano Duo, Sauti Duo, Ensemble PTYX, 4Sonora, Gasteizko Udal Musika Banda, Roberto Casado & Joseba Torre, eta Paul-Kahl jauna.

Miren Iñarga Musikeneko zuzendariak nabarmendu duenez, Zirkuitua Musikenen egoteak "esparru akademikoaren eta sorkuntza profesionalaren arteko lotura indartzen laguntzen du, eta belaunaldi berriei beren garaiko musikarekin esperientzia zuzena eta proposamen berritzaileak eskaintzen dizkie".

Gainera, Paul Kahl edo 4Sonora bezalako artista gonbidatuek emandako masterclassen garrantzia azpimarratu du, ikasleei eszena garaikideko interprete eta konpositore aktiboenetako batzuen lengoaietan, tekniketan eta sormen prozesuetan sakontzeko aukera ematen dietenak.

Estreinaldi absolutuak

Estreinaldi absolutuen arteannabarmentzekoak dira Memoria Sonans, harriak dardaraz, Francisco Domínguezen lana, San Telmo Museoak eta Musikagileak elkarteak elkarrekin egindako enkarguaren emaitza.

Zirkuituak, gainera, jarduera paraleloak barne hartzen ditu, hala nola Musikagileak Konposizio Garaikideko XII. Ikastaroa eta Musi-Meet topaketa, Musika Bulegoarekin lankidetzan. Azken horrek bitartekotza, artisten eta ikusleen arteko elkarrizketa eta musika garaikidearen inguruko sinergia berrien sorrera sustatzen ditu.