Síguenos en redes sociales:

Gipuzkoak mila urte, ikuskari eta guzti

Uztailaren 20an, gaur zortzi, Irumugarrietako gainean, gure herrialdearen milurtekoaren ospakizunekin bat egingo du Urmugak, 200 artista bilduko dituen ikuskizunarekin.

Gipuzkoak mila urte, ikuskari eta guztiMarian Zozaya

Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen Urmuga ekimenak ostiralean hasi zituen aurtengo lehen mendi ibilaldi eta kontzertuak. Uztailaren 31 bitartean ospatuko den egitasmoak, ohi bezala, Gipuzkoan ere izango du geldialdirik. Gainera, Urmugaren aurtengo edizioak, lotura berezia izango du gure herrialdearekin, hain zuzen ere, Gipuzkoa toponimikoa dokumentu batean lehendabizikoz agertu zenetik mila urte bete direla ospatzeko antolatu diren ekimenekin bat egin duelako. Milurtekoa goratzeko, Miguel Zeberiok zuzentzen duen Et Incarnatus hari orkestraren gidaritzarekin, ikuskari handi bat sortu du Urmugak. Berau, uztailaren 20an, igandearekin, aurkeztuko dute Irumugarrietako gainean, hau da, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan. Ekitaldiak babes instituzional zabala izango du. Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako ordezkariez gain, Eusko Legebiltzarreko delegazio bat, Nafarroako Foru Erkidegoko Parlamentuko beste bat eta Iruñeko udaleko ordezkariak ere bertan izatekoak direlako.  

Bi herrialdeen arteko batasun sinbolikoa ere irudikatu nahi du Ipuscoa 1000 urte izeneko ikuskariak. Alde batetik, ikuskizunaren estreinaldiaren kokagunea finkatzeko, historiari erreparatu nahi izan diotela azaldu dio Zeberiok egunkari honi. 1200. urtearen inguruan Gaztelako inbasioa aintzat harturik, Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean jazotako liskarren bihotzera joan nahi izan dute. Garai hartan, Irumugarrieta inguruko lurrak Tolosak biltzen zituen. Muga hori “irudikatzeko” asmoarekin antolatu dute ekitaldia Aralarko Mendilerroko gune esanguratsu horretan.

Are gehiago, bi herrialdeen ordezkari kulturalak bildu nahi izan dituzte ekitaldi horretan. Esate baterako, koruei erreparatuz, Amasa-Villabonako Eresargi taldeak, Donostiako Orfeoiak, Leitzako Jeiki taldeak eta Iruñeko Orfeoiak hartuko dute parte. Txistulari taldeak ere, muga imajinario horren bi aldetatik hurbilduko dira: Iruñetik eta Tolosatik bertatik. “Historikoki, ehunka urtez, erlazio handia izan dute bi txistulari talde horiek -dio Zeberiok-, batak bestearen jaietan jo izan dute beti. Tolosakoek orain ospatzen ari diren sanferminetan eta Iruñekoek sanjoanetan”.

Horretaz gain, hiriburu nafarrak udal gaiteroak ere bidaliko ditu eta Baigorritik ere joango dira. Tolosako Bordondantzariak, Iruñeko Duguna dantza taldeko kideak, Oinkari taldeko dantzariak, Leitzako Aurrera eta Bedaioko dantzariak ere arituko dira ikuskarian. Amaia Elizaran dantzari tolosarrak ere bere parte hartzea eskainiko du ikuskarian -alde koreografikoa, Itziar eta Gari Otamendiren ardurapean dago-, bai eta Jaione Olazabal eta familia musika taldeak, Alaitz Artola eta Xabier Leturia musikariek ere. Et Incarnatus Orkestrak, noski, ekitaldi guztia josiko du bere harizko instrumentuekin ekitaldia. Guztira, 200 artista inguru igoko dira Urmugak prestatutako agertokira. “Sekulako saltsa izango da”, esan du musikariak irribarrez. 

Anaiartea

Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko anaiarte sinbolikoa irudikatuko dugu Irumugarrietan, azaldu du Zeberiok. Gogora ekarri nahi izan du nola, orain 1.000 urte, Nafarroako erreinua zena, zabalera handiko erakundea zen, Errioxa, Burgos, Aragoi eta, Pirinio Iparralde osoa, Kataluniaraino ere iristen zena. Horregatik, lehen aldiz Gipuzkoa -edo Ipuscoa- idatziz jasotzen duen 1025ean sinatutako dokumentuan, García Acenariz jaunak eta bere emazte Gaylak San Juan de la Peñako monasterioari -orain, Aragoiko lurretan dagoena- Olazabalgo San Salbatore baseliza utzi zioten dohaintzan.

Bi herrialdeetako jarraigoak, txistulariekin batera, “ponpoxoki” iritsiko dira mugara. Gero, hainbat koreografia dantzatu ondoren, koruek Euskal Herria bere osotasunean irudikatzen duten “doinu ezagun” batzuk abestuko dituzte. Nolanahi ere, antolatzaileak nahiago izan du kantatu eta dantzatuko diren piezak “sekretuan” gorde.

Hori bai, Ingurutxoak dantza tradizionalak lekua izango duela aurreratu du. Antzinako Nafarroako erresumako lurrak biltzen zituen hainbat herrietan dantzatzen ziren pieza tradizionalak dira ingurutxoak. Horiek ordezkatzeko, Bedaio, Ugarte, Leitza, Benasque, Ansó eta Chistauko -azken hiru hauek ere Aragoiko erkidegoan daude gaur egun- triskariak gonbidatu dituzte “ingurutxo entsalada bat” eskaintzeko. Eta horien “ikuspuntu klasikoari” kontrapuntua jartzeko, dantza garaikidea lantzen duen Amaia Elizaranek beste mota bateko koreografiak eskainiko ditu. “Komunitatearen batasuna aldarrikatu nahi dugu ikuskariarekin”, gaineratu du Et Incarnatuseko zuzendariak.

Hori guztia borobiltzeko, Euskal Herriko herri askotako mendi taldeek ibilaldiak antolatu dituzte kontzertua eskainiko den tokiraino.

Behin uztailaren 20an ikuskaria aurkeztutakoan, haren bertsio “txikiago bat” San Juan de la Peñara eramango du Urmugak. Bertara iristeko, mendizaleak Uxuetik, Rocaforteko gaztelutik eta Leireko Monasteriotik pasako dira.

Eta Irumugarrietara nola iritsi?

Mendi talde batzuk, jada, antolatu dute Irumugarrietara iristeko plana. Gainera, ohikoa denez, Urmugaren webgunean, etapaz etapa ageri dira ibilbideak zehaztasun osoz. Halere, Zeberiok gaineratu du beste mendi talderen batek parte hartu nahiko balu, antolakuntzak besoak zabal-zabalik hartuko dituela eta logistika errazte aldera laguntza ere eskainiko liokeela.

Bestalde, ibiltzeko arazoak dituztenentzat, “benetan beharra daukanarentzat”, Aresoko industrialdetik irtengo diren garraio-lanzadera batzuk ere jarriko omen dituzte kontzertua ospatzen den tokiraino.

Argi koroa

Ostegunean, hilak 17, Urmugak beste ekimen berezi bat antolatu du Altzoko herrian. Kontzertu horretan, Donosti Ereski taldeko Gregoriar Schola-ko abeslariek, orain dela mila urteko, gregorianoa abesti-liturgikoa bihurtu baino lehenagoko, kantu erlijiosoen emanaldia eskainiko dute. Juantxo Epeldek eraikitako San Juan de la Peñako Argi Koroaren aurkezpena ere egingo da. Epeldek Erdi Aroko zirkulu-formako kandela-lanpara handiak egiten ditu eta Gipuzkoaren milurtea ospatzeko, espresuki, horietako bat atondu du beren-beregi. Altzoz harago, San Juan de la Peñako Monasterioan ere aurkeztuko du uztailaren 26an.