Síguenos en redes sociales:

Italiako terrorismoaren oroimena euskarara ekarri du Igela argitaletxeak

Idazlearen aitaren heriotza du abiapuntu Mario Calabresiren ‘Gaua harago bultzatuz’ liburuak

Italiako terrorismoaren oroimena euskarara ekarri du Igela argitaletxeakArnaitz Rubio

1972an ezker muturreko terroristak Luigi Calabresi polizia-komisarioa erail zuten, bere etxeko atarian. Urte batzuk lehenago, anarkista bat leihotik erori zen Milango komisaldegi batean, eta Calabresiren aurkako kanpaina bizia bultzatu zen ezkerreko mugimenduen artean. Gezurra zen, ordea: anarkista leihotik erori zenean, polizia-komisarioa ez zegoen gela hartan. 

Haren memoriari eusteko eta beste biktima askorena berreskuratzeko, Mario Calabresik, komisarioaren semeak, Spingendo la notte più in là idatzi zuen 2007an. Orain, Igela argitaletxeak, Lurdes Auzmendi eta Koldo Biguri itzultzaileen eskutik, euskarazko bertsioa atera du: Gaua harago bultzatuz.

Idazlea kazetari entzutetsua da Italian, La Stampa eta La Repubblica egunkarietako zuzendaria izandakoa. Bere esperientzia baliatuz, aitak bizitakoaz aparte, beste hainbat biktimen istorioak ere kontatzen ditu, batez ere familien bizipenetan ardaztuta.

Aurkezpena

Liburua atzo aurkeztu zuten Donostiako Liburutegi Nagusian, Konstituzio plazan. Mario Calabresi idazlea bideokonferentzia bidez agertu zen eta bere obraren inguruko hainbat ikuspuntu ere eskaini zituen. “Oso bidaia luzea egin du argitaratu zenetik” hasi zen Calabresi. Idazleak “bakarrik Italian” gertatutakoa kontatu nahi zuela esan zuen, baina “hizkera unibertsal batean eginda dagoela” iruditzen zaio. Horregatik, “beste herrialde askotan ere ulertu dute liburua”.

Calabresiren helburu nagusia biktimei hitza ematea zen. Izan ere, idazleak kontatu zuenez, “Italiako komunikabideetan hitz egiten zuten terrorista izandako pertsonekin”, baina inoiz ez biktimen alargun edo seme-alabekin. Nolanahi ere, berak ez du uste terroristak hitz egiteko eskubiderik ez dutenik, bai ordea, “gizarte osasuntsu batean biktimek lehentasuna izan beharko luketela”.

Nahiz eta obraren oinarria orain 53 urte gertatutako atentatua izan, liburua “aurrera begira” eginikoa da. “Gizarte batentzat oso garrantzitsua da etorkizunaren inguruan hitz egitea, baina ezinbestekoa da biktimekiko errespetua izatea”. “Soilik bide horretatik lortu daiteke orria pasatzea”.

Bukatzeko, Calabresik biziki salatu zuen biktimak borroka politikorako erabiltzea: “Inork alderdi politikoren batetik aitaren memoria erabili nahi izan duenean, publikoki ahotsa altxatu dut beti”.

Euskarazko itzulpena

Gaua harago bultzatuz 2023an atera zen gaztelaniaz. Oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian, izan ere, Gipuzkoako Liburu-denden elkarteak Zilarrezko Euskadi saria eman baitzion.

Lurdes Auzmendik, lana “lehendik ezagutzen” zutela esan zuen, eta “euskarara ekartzeko ezinegona” sentitzen zutela. “Modu erabat hunkigarrian kontatuta dago. Familien eta haien bizitzak kontatzen ditu. Liburu sendatzailea dela esango nuke”.

Bi itzultzaileek gaiaren garrantzia azpimarratu zuten, baita Euskal Herrian bizi izandakoarekin duen paralelotasuna ere. “Irakurtzerakoan hemengo biktimak nituen buruan”, aitortu zuen Auzmendik.

Koldo Bigurik, bestalde, liburuaren kalitatea nabarmendu nahi izan du: “Oso ondo idatzita dago, eleberri modukoa da nahiz eta ez-fikziozkoa izan”.

Bestetik, liburuan ez dira atentatuak jorratzen. Calabresik haien gizatasuna eta bizitza kokatzen ditu erdigunean: “Bere aita gogoratu nahi du. Mario Calabresik bi urte baino ez zituen Luigi hil zutenean. Oroitzapen bakar bat dauka, haren sorbaldaren gainean, eta horrek asko ukitu ninduen”, esanez amaitu zuen Bigurik.