Joxe Azurmendi, azken euskal eruditoa, zendu da
Filosofoa, pentsalaria eta saiakeragile zegamarrak, 40 liburu eta 500 artikulu baino gehiagoko legatu materiala utzi du. Ondare intelektualari dagokionean, ezin da zenbatetsi.
Joxe Azurmendi, atzo asteartearekin, zendu zen Donostian, 84 urte zituela, Jakin Fundazioak aditzera eman zuenez. Filosofoa, goi mailako pentsalaria eta intelektuala, poeta, saiakera-idazlea, EHUko katedradun emeritua, ohorezko euskaltzaina eta, gauza guztien gainetik, euskalduna, Azurmendik 40 liburu eta 500 artikulu baino gehiagoko legatu materiala utzi du euskal gizartean. Ondare intelektualari dagokionean, zinez zaila litzateke hura zenbatestea. Azurmendik euskara, nazioa, demokrazia, askatasuna, morala, gizartearen gainbehera, Estatuaren mugak eta ETAren indarkeriaren zilegitasuna -edo eza-, besteak beste, izan zituen aztergai. Kulturgintzaren sektoreak eta mundu akademikoak penaz hartu dute berria, baita erakundeek ere. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, adibidez, intelektualaren heriotzarengatik “samina eta atsekabea” adierazi du.
Joxe Azurmendi: “Guk munduari eskaini ahal diogun zerbait originala euskara da”
Arantzazuko frantziskotarrekin ikastera joan zen. Gerora, 1957an, Erriberriko komentuan filosofia ikasi zuen hiru urtez; ondoren, 1959an Arantzazura itzuli zen Teologia ikastera. Han jaso omen zituen bere bizitza markatuko zituzten hainbat printzipio eta oinarri: askatasuna, eta guztiaren gaindiko maitasuna. Horrela onartu zion gure hedabideari 2018an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zion Urrezko Dominaren inguruko elkarrizketa egin genionean. Hala nola, Arantzazuko urteek beste ezagutza batzuk ere ekarri zizkioten pentsalariari: klase izaera eta komunitatearen garrantzia. Teologia ikasketak Erroman jarraitu zituen 1965ean eta handik urtebetera Alemaniara joan zen bizitzera, ordutik aurrera herrialde -eta pentsalari- germanikoekin ezinbesteko erlazioa onduz. Besteak beste, Friedrich Nietzsche, Wilhem von Humboldt, Oswald Spengler eta Martin Heideggerren eraginaren zantzuak nabari daitezke zegamarraren hausnarketetan
60ko hamarraldian idatzitako poemak Hitz berdeak bilduman argitaratu zituen 1971. urtean. Saiakeraren arloan, aldiz, Hizkuntza, etnia eta marxismoa kaleratu zuen. Berau, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta ezkerreko beste intelektual batzuekin batera, Euskal Herriko gazteei zuzendutako Karl Marxen filosofiaren inguruko proiektu baten hegalpean ondu zuen. Hori bai, garairako Azurmendi marxismoarekin kritiko agertu zen jada, teoriak planteamendu fundamentalistak ahalbidetzeko zuen joera zela eta. Ez da kasualitatea, sasoi berean Leszek Kolakowski filosofoarekin trukatutako gutunekin osatutako liburua kaleratu izana. Hain zuzen ere, Kolawskik ere, bere ibilbidea marxista porrokatu bezala hasi bazuen ere, oso kritiko izatera iritsi zen.
Txillardegirekin izan zuen hartu-emanaz harago, Azurmendik beste euskal intelektual bati eskainitako obrak ere nabarmentzekoak dira. Jon Mirandez ari gara, noski. Haren inguruan idatzi zituen Mirande eta kristautasuna (1978), Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan (1989) eta Miranderen pentsamendua (1989).
Hamarkada horren erdialdekoa da, bestalde, Azurmendiren filosofiaren bilakaeran mugarri izan zen obretako bat: Gizona abere hutsa da (1975). Bertan landu zuen lehen aldiz gizabere kontzeptua. Filosofoaren ustez gizakia aberea da, ezin da bere animalia izatetik aldendu. Bereizgarri egiten duena, arrazoimena edo taldekotasuna, esaterako, eboluzioaren ondorio besterik ez dira. Pentsamendu-ildo honetara itzuli zen Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991) eta Gizabere kooperatiboaz (2016).
Franco hil ostean, Alemaniatik Euskal Herrira itzultzen hasi zen Azurmendi. 1978 eta 1981 urteen bitartean Donostiako Deustuko EUTGn eskolak ematen hasi zen. 1982an hasi zen EHUn irakasle lanean, eta handik bi urtera Jose Maria Arizmendiarrieta Arrasateko kooperatiben sortzailearen inguruko tesi batekin doktoratu zen. 1993an, EHUko Filosofia Modernoko Katedra lortu zuen eta 2011az geroztik katedradun emeritua zen. 2010ean, gainera, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak -1965etik euskaltzain urgazlea zen-.
Jakin taldearekin batera, 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina ezarri zion. Gaixotasunak jota, ezin izan zuen Alemaniatik berau jasotzera bidaiatu.
Saiakeragile jardueran, hiru aldiz irabazi zuen Euskadi Literatur Saria: 1991n Filosofia zer den lanarekin, 2010ean Azken egunak Gandiagarekin testuarekin eta 2014an Historia, arraza, nazioa liburuarekin.
Bere bilakaera filosofikoa aztertzeko, EHUk Azurmendiren izanari begiratzeko kongresua antolatu zuen 2019an eta urte berean Joxe Azurmendi Katedra sortu zuten. Bere pentsamendua zabaltze aldera, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jakin Fundazioak sinatutako hitzarmenari esker, pentsalariaren obra digitalizatuta eta eskuragarri dago: Guztira, 685 idazlan -41 liburu, 118 liburu zati, 45 egunkari eta aldizkarietan argitaratutako 523 artikulu eta 3 itzulpen-, 59 urtetan zehar idatzi eta argitaratutakoak.
‘Jakin’ aldizkariaren zutabe
Arantzazuko bere bigarren egonaldian, Teologia ikasketetan buru-belarri zebilela, Jakinen bulegoetan hasi zen lanean, gerora aldizkariko giltzarri bihurtzeraino. 1959an, Jakin sortu eta hiru urtera, Kepa Enbeitaren ardurapean mekanografo lanak egiten zituen, eta bi urteren ostean, Enbeitak Arantzazu utzi zuenean, bulegoaren arduradun eta aldizkariaren zuzendaritzako kide izendatu zuten Azurmendi. Bere ondoan, Joseba Intxausti izan zuen alboan. “Euskal munduan nondik nora jo, Joseba Intxaustik eta Jakinek erakutsi zidaten. Euskal kulturak ezin zuela elizan katramilatutako zerbait izan, filosofia eta pentsamendu modernoari helduko zion zerbait izan behar zuela, hori zen Jakinen bidea. Eta hori da nik denbora honetan guztian jarraitu izan dudan bidea”, esan zion 2018an Azurmendik egunkari honi.
Hasiera batean ikasle aldizkari izateko asmoz sortutako argitalpena izan zen. Teologia eta filosofia izaten zituen hizpide, euskaraz beti ere. Denborarekin eta gaur arte, hizkuntza, zientzia, hezkuntza, komunikabideak, politika eta beste hamaika gai landu ditu, euskal kultura modernitatera ekarriz.
Diktaduraren urteetan bitan debekatu zuten agerkaria, baina 1977tik hona ez du etenik izan. Franco hil ondoren, Joan Mari Torrealdaik, Joseba Intxaustik eta Paulo Agirrebaltzategik hartu zuten Jakin zuzentzeko ardura. Elkarrekin bizi ziren Groseko etxe batean eta 1977ko urte horretan Azurmendi bera ere batu zitzaien.
Azurmendi, “euskararen langile”
“Euskararen langilea” zela esaten zuen Azurmendik bere burua definitzeko. Halere, kritiko ageri zen euskal gizartearekin. Halabeharrez, “gehiegi espainoldu” dela uste zuen, bereziki mass-mediek ahalbidetutako espainiar Estatua eta kulturarekiko “dependentziarengatik”. Halere, “optimista” agertu zen egunkari honi eskainitako azken elkarrizketan: “Gauza askotan espainolizatu gara, baina hauen aldean, ikaragarri aldatu da Euskal Herria. Orain kalean euskaraz entzuten da, ez asko, baina entzuten da. Gure denboran ez zen posible. Industrialki ere aldatu gara, garai berrietara moldatu. Eta hezkuntza arloa ere nabarmen aldatu da”.
Jakinek aditzera eman zuenez, Azurmendik ez du hil-beila eta hileta ekitaldirik izango.
Más en Cultura
-
Pradales destaca que Joxe Azurmendi "intentó construir las modernas bases de la identidad vasca en tiempos complicados"
-
Bertín Osborne anuncia su retirada de la música
-
Arrasate se prepara para Mondra & Roll y para celebrar con Fermin Muguruza los 40 años de ‘Sarri, Sarri’
-
Los Piratas publican el cartel de los conciertos de Aste Nagusia