Síguenos en redes sociales:

Anna Irina Russel: Artea, puzgarriak eta jolasak

Tabakalerak 2018an estreinekoz abiatutako 'situ-azkioak' ekimenaren erakusketa berria inauguratu du, artista katalanaren 'Birika bezain elastikoa'

Anna Irina Russel: Artea, puzgarriak eta jolasakArnaitz Rubio

Tabakalerak birika bezain elastikoa zabaldu zuen atzo, Situ-akzioak proiektuaren erakusketa berria. Anna Irina Russell artista bartzelonarrak jolasa baliatzen du arte garaikidera hurbiltzeko eta erakusketa-espazioak bizitzeko modu berriak proposatzen ditu, haurrei arreta berezia eskainiz. Tabakalerak ohar batean jakinarazi zuenez, Pasaiako Karmengo Ama eta Donostiako Herrera Ikastetxea eskolen laguntza izan du erakusketa honek, bai eta sortze prozesuan parte hartu duten familia talde batena ere.

Tabakaleran uztailaren 27ra arte egongo den birika bezain elastikoa erakusketak, espazio “bigun eta porotsu batean barneratzeko aukera ematen dio bisitariari, organismo latentea bailitzan, bertaratzen direnen presentziarekin eta mugimenduarekin aldatu egiten delarik”, azaldu zuen zentroak komunikatuan. Hainbat puzgarri erabiliz, Rusellek esplorazio kolektibo batera gonbidatzen du publikoa, non gorputzak organismo horretan integratzen diren, zabaldu eta uzkurtu egiten baita, jolasaren eta irudimenaren bidez esanahi berriak sortzeko.

Animalia batzuek komunikatzeko edo babesteko erabiltzen dituzten estrategiak hartu ditu artistak erreferentzia gisa, esate baterako mintzak puztea, eta zalantzan jartzen ditu ahozkotasunetik haratagoko komunikazio-eredu tradizionalak.

Anna Irina Russellek (Bartzelona, 1993) eskultura eta instalazioa erabiltzen ditu komunikazio prozesu “ez-hegemonikoak” aztertzeko, eta jolasa erabiltzen du lanerako. Besteak beste, Fundació Joan Miró, MACBA, La Casa Encendida eta CCCBn erakutsi du bere lana.

2018an hasitako Situ-akzioak proiektuak, adina kontuan izan gabe, arte garaikidera hainbat ikuspegitatik hurbiltzea du helburu, eta arte garaikidearen erakusketa-espazioak ezagutzeko eta horietan egoteko beste modu batzuk iradokitzen ditu.

Martxan jarri zenetik, 69.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Julio Le Parc, Emma Kunz, Priscila Fernandes eta María Jerez artisten lanaren inguruan aritu izan den proiektu horretan.

Erakusketaren jarduera osagarri-tzat, Anna Irina Russellek lau urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzendutako ekintza kolektibo bat burutuko du ekainaren 14an.