Iaz, Euskal Herri osoan estreinatutako film guztiak kontuan hartuta, euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta edo euskaraz azpidatzita eskaini zirenak ez ziren %1,6ra ere iritsi. Horixe eman dute jakitera Pantailak euskaraz, Zinemak euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gaur, asteazkenarekin, Donostian eskainitako prentsaurrekoan. 2024an Euskal Herriko zinema komertzialetako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu dituzte aurrez aipaturiko erakunde horiek.

“Datuak gordin bezain kezkagarriak dira”, adierazi dute. Hego Euskal Herrian euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta edo euskaraz azpidatzita eskaini diren estreinaldi kopurua %2,6 izan da; Iparraldean, aldiz, %0,4 baino ez. Ikus-entzunezkoek zineman eta streaming plataformetan gaur egungo aisialdian duten garrantziaren jakitun, erakundeei deia luzatu nahi izan diete haien eskumenen baitan egoera hori iraultzeko neurriak har ditzaten. Ikusleei ere dei egin diete, ahal duten heinean, euskarazko filmak, jatorrizkoak zein bikoiztutakoak, kontsumitu ditzaten.

Pantailak Euskaraz plataformako bozeramaile Alex Aginagaldek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendari Agurne Gaubekak aditzera eman dutenez, Euskal Herrian orotara estreinatu ziren filmen kopurua 900tik gorakoa da –horietako batzuk, bai Hegoaldean, baita Iparraldean ere eman ziren–. Aitzitik, fikziozko bi film bakarrik ekoitzi eta estreinatu ziren euskara hutsean: Josu Martínezen Bizkarsoro, Iparraldeko Baigorri inguruko euskalkian filmatutako lehen pelikula, eta Negu kolektiboaren Negu hurbilak film luzea. Hegoaldean hirugarren bat ere estreinatu zen, David Perez Sañudoren Azken erromantikoak, hain zuzen ere.

Laburbilduz, gazteleraz edo gaztelaniazko azpidatziekin, 540 film estreinatu ziren Hegoaldean. Iparraldean, frantsesez edo frantseseraz azpidatzirik, 520 izan ziren. Esanda bezala, Euskal Herri osoan soilik euskarazko bi film iritsi ziren zinema aretoetara. Hegoaldean, berriz, hamalau izan ziren: Negu hurbilak, Azken erromantikoak eta Bizkarsorotik harago, beste hamaika film luze estreinatu ziren euskaraz bikoiztuta, guztiak Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren baitan eta ia gehienak haurrei zuzendurikoak.

Pantailak Euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak iazko emanaldi kopurua ere aztertu dute. 2024an zinema komertzialetan izandako ia 197.000 emanaldietatik, Hegoaldean 166.000 izan ziren gazteleraz eta Iparraldean 29.000 frantsesez. Horrek esan nahi du, 1.800 baino gutxiago izan zirela euskaraz, alegia, emanaldi guztien %0,9.

Hiru ekoizpen

Euskal Herrian ekoitzitako filmetatik hamabost estreinatu zituzten iaz, baina hiru pelikula baino ez izan ziren euskaraz, beste bi, elebidunak.

Bestalde, urtero egiten diren pelikula ikusienen zerrendan euskarazko aukerarik ez egotea salatu nahi izan dute erakundeek. Horren inguruan, Kataluniako jarri kasua mahai gainean: iazko hamar pelikula ikusienetatik sei bikoiztu baitzituzten katalanera: Inside Out 2, Gru 4, Vaiana 2, Kung Fu Panda 4, Gladiator 2 eta Dune 2.

Eskakizunak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuari eta Nafarroako Foru Gobernuari eskatu diete, zinemetan “euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak sustatzeko” eta “euskarazko ekoizpen, bikoizketa eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzeko”. “Iparraldean ere, bertako erakundeek dituzten eskumenen baitan, euskarazko zinemak bultzada behar du, beti ere euskararen aitortza juridikoa eta lege babes eskaera albo batean utzi gabe”, esanez amaitu dute.