Euskal musikaren historia gida didaktiko batean jaso dute
12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzendutako Gora Euskal Kantagintza gida didaktikoan, euskal musikaren historiaren ibilbidea jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiak,, bere jatorritik hasi eta gaur egunera arte.
Gora Euskal Kantagintza ostegun honetan aurkeztu dute prentsaurrekoan Goizane Alvarez Kultura diputatuak eta sortzaile lanak egin dituzten Mikel Markez abeslariak eta Pako Aristi idazleak, foru erakundeak ohar batean jakinarazi duenez.
14 ataletan banaturik, hastapenei errepasoa eginez abiatzen da gida, eta hainbat aipamen egiten dira bertan, besteak beste Isturitzeko kobazuloan aurkitutako orain 38.000 urteko flauta, ahozko transmisiozko baladak, Etxahun, Pernando Amezketarra eta Bilintx bertsolari zaharrak, bai eta XIX. mendeko autoreak ere, Iparragirre tarteko.
Aparteko atalak eskaintzen zaizkie 1900eko Pariseko Erakusketa Unibertsalerako grabatutako euskarazko lehen abesti eta testuei, baita 1969an Michel Laberguerieren eskutik abiatu zen “euskal kantagintza berriari” ere.
Besteak beste Mikel Laboak, Benito Lertxundik eta Xabier Letek osatu zuten Ez Dok Amairu mugimendua ere aztertzen da, eta badute lekurik, noski, ondoren etorri ziren Imanol Larzabal, Txomin Artola, Oskorri, Ruper Ordorika, Amaia Zubiria, Gorka Knörr eta Gontzal Mendibil artistek ere.
Laurogeiko hamarkadako euskal rock erradikalaren oihartzunak ere badu islarik Gora euskal Kantagintzan; 90eko hamarkadako trikitiaren booma ere jaso dute, euskal literaturaren eta kantagintzaren arteko harremanarekin batera.
Egitasmo hori Kultura Eskola programaren baitan garatu da, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeen artean euskal musika eta kultur ondarea ezagutarazi eta balioestearen helburuarekin. Ikasleen artean kultura- eta arte-adierazpenen ulermena zabaltzea eta publiko berriak sortzea ditu asmo nagusi aipaturiko programak.