San Telmo Museoak 2025ean egingo dituen aldi baterako erakusketa nagusiak arte garaikidearen bidezko erregimen totalitarioei buruzko hausnarketa, XVIII. mendeko lore-ehunei hurbilketa eta Amazoniaren orainera eta etorkizunera egindako bidaia izango dira, Ipuscua, 1.000 urte erakusketarekin abiatuko direnak.

Museo donostiarrak datorren ekitaldirako programazioa aurkeztu du astelehen honetan, 2024 “arrakastatsua” amaitzear dagoenean; izan ere, aurten Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenarekin bat egin baitu San Telmok, eskultorearen lehen bi hamarkadetako lanak bere garaiko nazioarteko artista ezagunenekin solasean jarri zituen erakusketa gogoangarriarekin.

Datorren urtean Donostiako Jazzaldia omenduko dute, 60. urteurrena beteko duelako. Laborategiko aretorako argazki-ibilbide bat prestatzen ari dira dagoeneko, Jazzaldiaren beraren artxibategi oparoa oinarri hartuta.

Espainiako arro hidrografiko nagusietan 1945 eta 1970 bitartean Kolonizazio Institutu Nazionalak eraikitako herriei buruzko beste argazki-erakusketa bat, Razionalismo de Campo-Landa Arrazinalismoa izenekoa, eta museo zaharrean San Telmok Argia Dantza Taldearekin partekatu zuen espazioari eskainitako beste bat ere ikusgai egongo dira Laborategia gunean.

Gipuzkoak mila urte

Nortasun juridiko propioa duen entitate geografikotzat Gipuzkoaren mila urteak ospatuz ekingo dio 2025. urteari erakusketa-areto nagusiak. Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziarekin batera urteko egitasmoa aurkeztu duen Susana Soto museoko zuzendariak azaldu duenez, gure lurraldea lehen aldiz aipatzen deneko dokumentua izango omen da "pieza izarra".

Urtarrilaren 18tik maiatzaren 11ra bisitatu ahal izango den Ipuscua, 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025 erakusketan, administrazioaren antolaketari buruzko dokumentazioaz gain –hiribilduak, ermandadeak, Batzar Nagusiak–, XI. mendeko pieza arkeologikoak egongo dira ikusgai, baita lurraldea nola aldatzen ari den erakusten duten mapak, armagintzako elementuak eta dorretxeei lotutako beste batzuk ere, tartean antzinako hainbat ate.

'Memoria basoak' izenburua izango duen ekimenean, hogeitik gora artista gaztek, honako galdera hau plazaratuko dute: nola egiten da, artearen ikuspegitik, gizarte-kontroleko teknologien dimentsioei buruzko hausnarketaren ekarpena? Horretarako, instalazio, eskultura eta margolanak erabiliko dituztelarik.

"Frankismoaren garaiari arreta berezia eskainiko zaio", adierazi du Susana Sotok erakusketa horri buruz. Otsailaren 22tik maiatzaren 11ra bitartean egongo da zabalik, eta sortzaileen hirutik bat baino gehiago euskaldunak edo Euskadirekin harremana dutenak izango dira.

Uda etortzearekin batera, proposamen "freskoagoa" helduko da, Lorategi bat soinean, Madrilgo Jantziaren Museoa ere bidelagun izango delarik. Maiatzaren 30ean inauguratuko da eta itxiera irailaren 28rako aurreikusita dago.

Ideia berriak

Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean (1700-1815) ehungintzan sortutako lore-motiboen bilakaeran sakonduko da egitasmo horretan, eta irudikapen horiek gizakiak mundu naturalarekin zituen harremanetan gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla nola bihurtu ziren aztertuko du, baita ideia artistiko, zientifiko eta filosofiko berrien goraldia ere.

2025eko azaroa eta 2026ko urtarrila bitartean Amazoniak. Antzinako etorkizuna eskainiko du San Telmok, Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin batera ekoitzitako erakusketa. Amazoniako kulturari "begirada korala" planteatuko zaio bertan, "artetik, pentsamendutik, zientziatik edo aktibismotik, bizitzeko, hazteko eta naturarekin erlazionatzeko beste modu batzuk planteatzen dituzten bertako ahotsak" aldarrikatuz.

"Amazoniako lurraldearen, hirien eta komunitate indigenen aberastasun natural eta kultural izugarrian murgilduko gaitu, planetaren etorkizunerako oinarri-oinarrizkoa den eskualde horretako artea, pentsamendua eta inpaktu ekologiko izugarria ezagutu ahal izateko", gaineratu du Sotok erakusketa horri buruz, non sorkuntza-lan garaikideak pieza tradizionalenekin uztartuko diren.

San Telmok bere ohiko jarduerak mantendu egingo ditu datorren urtean, besteak beste Erronkak izenekoa, non, larrialdi klimatikoa, feminismoa eta migrazioak bezalako gaiak eztabaidatuko diren, baita Zinemaldiarekin, Musika Hamabostaldiarekin, Jazzaldiarekin eta Donostia Kulturarekin elkarlanean garatzen dituenak ere.